"Bidasoako Partzuergoak ez du aski indar"

  • Hendaia, 1940. Hendaiako auzapeza. Zentristatzat dauka bere burua. Ikastolako presidente izana. Hirugarren legealdia du Herriko Etxean. Kotte Ezenarro sozialistaren ondoren hartu zuen agintea, duela bi urte eta erdi. Bidasoa-Txingudi Partzuergoko presidentea da uneon.
battitte salaberria
Battitte Salaberri bi legealditan aritu zen Hendaiako udal politikaren oposizioan. Alkate da orain: “Oposizioan biziki mugatua zara, inork ez zaitu aintzat hartzen. Auzapez gisa arras aldatzen da hori. Ardura ia osoki hartzen duzu. Ni ardura aldatzen edo gehiago partekatzen entseiatzen naiz, baina oposizioko hautetsiak –Kotte Ezenarro sozialista eta Iker Elizalde abertzalea– ez daude ados”.

Etxegintza izan da Hendaiako Herriko Etxearen zereginik aipatu eta polemikoena. Zertan da egun PLU (Hirigintza Tokiko Plana) delakoa?


PLU aldatu ondoren, ZPPAUP (Hiriko Ondare Arkitektoniko eta Paisajistaren Babes Gunea) ezarri genuen martxan. Hau da, lehen herrian garatu zen politika okerra bide onean eman dugu. Eraikitzeko baimenak gutxitu ditugu, eta proiektuak molde argiagoz bideratu. Aurreko udal gobernuak edozein proiektu urbanistiko ontzat ematen zuen, ez zen bide argia ez zuzena hiriarentzat. Hitz batez, hegoaldetik zetozen etxe sustatzaileek ate guztiak irekiak zituzten. Guk ateak itxi gabe, kontrol zorrotzagoa ezarri dugu.


Zertan dago horrenbeste zer esan eman zuen Entre puentes/Zubietan deitu proiektuak?


Proiektuaren altuera eta bolumena erraldoia zen. Trenbidearen arraildura handiaren ordez gotorleku bat eraiki nahi izan zen. Gainera, etxebizitza horiek ez ziren hendaiarrentzat eginak: 379 bizitoki ziren aurreikusita eta 21 baino ez ziren babes publikoko etxeak. Legearen arabera, %20 babes ofizialeko etxeak behar ziren, baina aurreko udalbatzak ez zuen araua errespetatu. Finean, merkataritzako proiektua nagusitu zen.

Zer aldatu da proiektuan, eta oro har, Hendaiako etxegintzan zu alkate zarenetik?


Zubietan
deitu proiektuaren lehenbiziko eraikina ez dugu ukitu. Beste lauak eginen dira, baina horietan bi solairu kentzea eskatu dugu, etxeak apalagoak izateko. Oro har, babes ofizialeko etxeak %30 izatea lortu nahi dugu. Lurraren %50 –lur eraiki gabea– urbanizatzen denean, berau proiektu sozialetara bideratzen dugu. Gauzak aldatzen ari dira.

Krisi ekonomikoak nola eragin du Hendaian? Oposizioak herriaren garapena gelditu dela dio.


PLU zehaztu eta argitzean proiektuak gutxitu dira. Aldi berean, krisiak ere “lagundu” du sektorea apaltzen. Bistan da, sektorea gelditu da. Espekulazioa errazago kontrolatzen duzu, baina ez bada sektorea higitzen ez duzu ere ekonomia biziarazten ahal. Dirurik ez bada ezin duzu mirakulurik egin, bistan da. Krisiak, denetan bezala, sos gutxiago biltzea ekarri du udal kutxan. Udal programan aurreikusitako zerbitzu politika eta proiektuak aitzinera doaz, ez dira gelditu. Gutxiago egiten ari gara, baina gehiena aurrera doa. Egoera ekonomikoaren heinean ari gara, ez dut geldialdirik atzeman.

Tokiko aireportua hizpide. Gipuzkoako Diputazioak kritikak egin zizkizun aireportuaren aferan hartu zenuen jarrerarengatik. Nola azalduko zenuke gertatua?


Madril eta Parisko arduradunen artean bilera egitea galdetu genuen. Udal gisara ez dugu deus egitekorik, ez da gure konpetentziakoa, alabaina guk pairatzen ditugu hegazkinen hotsak. Aireportuaren gaineko akordioa –bi estatuen artekoa– 1992an sinatu zen. Madrilgo eta Parisko sailek adostu zituzten kudeaketak. Guk bi aldeak gonbidatu genituen aireportuaren inguruan sortzen diren arazoei buruzko gure iritzia emateko. Bi gai ziren ikusgai: aireportuaren luzatzea eta hegaldi kopurua. Akordioak dioenez, 24 mugimendu edo hegaldi baino ezin dira egin eguneko. Hegaldi bat aireratzea edo lurreratzea izaki. Baina hori ez da errespetatu. Uda partean zenbait egunetan 40 hegaldi baino gehiago egin dituzte.

(...)


Joan den urtean, azaroan, tokiko prefetari eta Frantziako ingurumen ministroari galde egin nien teknikari bat igortzea. Ministeritzak bilera eginen genuela hitzeman zidan, akordioa ez bazen errespetatzen hegazkinak airetiko espazioan ibiltzea debekatuko zutela. Erratetik egitera badago diferentzia alabaina. Ez nintzen ni bakarrik kexatu, Hondarribiako eta Irungo alkateak ere kexatu ziren.
Garai batean, aireportuaren luzatzearen kontra zineten Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalak. Irungo alkate Jose Antonio Santanok iritzia aldatu zuen ordea.

Santano, Espaniako Gobernua PPren esku zelarik kontra zegoen. Zapatero gobernuburu denetik, luzatzearen alde dago. Hori ulertzeko goi-mailako politikaren aferetan sartu behar duzu, badakizu... Nik nire desadostasuna agertzeko, Bidasoa Patzuergotik ateratzea pentsatu nuen une batez. Gero, halako borroketan sartzen bazara, herri mailan ari garenok galtzaile ateratzen garela pentsatzen duzu...


Txingudi-Bidasoa Partzuergoaren presidentzia kudeatzen duzu uneon. Nola baloratzen duzu berau?


Partzuergoaren ardura hartu dudanean ohartu naiz anitz mintzatzen garela, baina praktikan gutxi egiten dugula. Nik jendeak eguneroko gauzetan abantailak lortzea nahi dut, hiru herrien artean gauza praktikoak egitea. Bi adibide praktiko emanen dizut: Bidasoako Ospitalea Baionakoa baino hurbilago denez, osasun zerbitzu hori baliatu nahi dugu. Tokian tokiko instituzioekin biltzen gara, baina ez da erraza. Irungo eta Hendaiako suhiltzaileen arteko elkarlana ere sustatu nahi dugu. Alde bakoitzeko suhiltzaile taldeak baditu bere berezitasunak, eta bien ahalmenak bilduz eta partekatuz gero zerbitzu hobeagoa eskaini daiteke. Bi arlo horretan, tokian tokiko arduradunak ados daude, baina gainean ditugun instituzioen baimena behar da, ez da erraz aitzinatzen.

Udalerriko instituzioak goiko beste batzuen menpe dira nolabait.


Nolabait. Gauza praktikoak egin nahi ditugu, baina Partzuergoa ez da aski, ez du nahiko indar, zerbaiten egiteko Eurohiria mailako erakundeetara pasa behar duzu. Gure Herriko Etxearen gibelean ere Bordeleko eta Paueko Kontseilu Nagusiak dituzu, haiekin akomeatu behar duzu. Partzuergoa ongi da, baina bi aldetako instituzioekin akordatu behar duzu proiektu bakoitza. Bakoitzak bere beharrak eta mekanismoak ditu eta ate asko jo behar duzu.

Kotte Ezenarroren garaian, prefetak Iparraldeko Herrien Elkargoan (Communauté des communes) sartzera behartu zuen Hendaia. Zertan da Herrien Elkargoa?


Kotte Ezenarrok Partzuergoarekin harremanak gehiago garatu nahi izan zuen, eta Iparraldeko Herrien Elkargoan (Communauté des communes) ez sartu printzipioz. Baina prefetak agindu zuena bete behar izan zuen. Egun Biriatuko auzapez Mixel Iriart buru duen elkargoan ari gara. Guk konpetentzia gehiago eskatzen dugu, Estatuak hemendik goiti ez baitio sosa udalerriei emanen, elkargoei baizik. Herrien elkargoek eskumen gehienak dituzte: ur, uren saneamendua, hizkuntzen ardura, euskara, kulturarena...

Prefetak ere ikastolak ez laguntzeko agindua eman zizuen auzapezei. Afera zertan da Hendaian?


Hendaiako Ikastola tipia geratu da, beste eskola bat eraiki behar da. Momentu honetan afera geldirik dago, baina guk lagundu beharko dugu, bestela nekez eginen du aitzina Ikastolak. Prefeta legeari atxikia da, legearen bere irakurketa egiten du. Badakigu denok ikastolak beharrezkoak direla euskaldun osoak ateratzeko, elebitasun azkarra behar dela, eskola publikoko elebitasuna ez dela aski. Estatuko ordezkarien diskurtsoa nahasgarria da, batetik euskara edo hizkuntza tipiak salbatu behar direla erraten dute. Philippe Rey prefeta norbaitek kitzikatu du, beti badira halakoak. Guk proiektuak aitzinatzen ditugu, gero hauek geldiarazten dituzte. Beti borrokan eta lanean. Baina pasako da hau ere.

Ertzaintza Frantziako polizarekin elkarlanean hasi da. Hendaian zentro berezia ireki dute. Nola ikusten duzu arlo hori?


Egia erran Hendaian ohoin asko dabil. Hegoaldetik heldu da horietako asko, lapurreta egin ondoren beste aldera joaten dira eta libro. Akordio bat sinatu da bi polizien artean. Frantziako komisario buruari (Donibane Lohizunen dauka komisaldegia) erran nion “agian, horrela, zuk egiten ez duzun lana eginen du Ertzaintzak”. Haserretu zen nirekin. Hendaian arazo handia da arlo horretan. Joan den neguan hondartza aldeko etxe asko “hustu” zuten. Gainera, gauzak nahasten dira, ohoinak etorkinak direla diote... Beraz, hobe gauzak plantan jartzea.
Auzapez zentrista euskaltzalea
1995ean, Raphaël Lassallette auzapez sozialistarengana joan nintzen, eta bere taldean sartzea proposatu nion. Nire baldintza ekonomia arloko arduraduna izatea zen, axuanta: “Ez bazara ados ene zerrenda muntatuko dut” erran nion.

Bere taldeko lagunekin mintzatu ondoren, ados ziren, baina hautetsi soil bezala nahi ninduten. Ene nahikaria udaleko ekonomia arloko arduraduna (axunta gisa) izatea zen. Ezetza ukan nuen eta ene zerrenda osatu nuen lehen aldiz. Bozen %23 atera nuen zerrenda-buru bezala. Lassallettek eskuinari zerbait kenduko niola pentsatzen zuen, baina ez zuen uste ezkerreko bere zerrendatik hainbeste boz hartuko nuenik. Eskuinetik eta ezkerretik ia portzentaia bera irabazi nuen. Aski izugarria izan zen.

Bigarren aldian beheiti egin nuen, bigarren itzulian bozen %15 baino ez nuen erdietsi, zortzi puntu behera egin nuen. Eskuineko hautagaiak ene kontrako kanpaina gogorra egin zuen. Kotte Ezenarro sozialisten hautagaia izan zen lehen aldiz eta sozialisten zerrendak azkar egin zuen gora. Denak ene kontra aritu ziren.

Legealdi honetan, eraikuntza edota higiezinen aferak tarteko auzapeza jalgi nintzen. 2001 urteaz geroztik PLU delakoa (Hirigintza Tokiko Plana) gaizki garatzen hasi zen eta oposizio azkarra egin genuen gure taldekoek. Ni auzitegira eraman ninduten hirigintzako hautetsia difamatzeagatik. Auzia irabazi genuen eta legealdi honetan auzapez hautatua izan nintzen, Bateginik Aintzina zerrendaren izenean.
Frantziako deszentralizazioaz
Pays egituraz

Pays delako egitura bitartez sortu ziren Garapen eta Hautetsien Kontseiluak. Pays egitura desagertzen bada, ez ditugu halako instituzioak ukanen. Iparraldeko Auzapezen Biltzarra bildu da, egitura berri bat muntatu behar dela pentsatzen dugu gehienok, eta gogoeta prozesua abiatu dugu jadanik.
Paueko Kontseilu Nagusia (Departamendukoa) Bordelera (Akitania Erregiora) eramaten bada, boterea gero eta urrunagoa izanen da, herriko politika bideratzea gero eta nekezagoa izanen da. Tokian tokiko politikan eragitea galtzen badugu, gauzak zailagoak bilakatuko dira. Instituzio berezia behar dugu Euskal Herriarentzat. Anartean, Pays bezalako egiturak atxiki behar ditugu, bestela Frantziako politika orokorrean sartuko gaituzte.

Iparralderako instituzioaz

Europa egiten ari da eta ari gara. Akitaniako eta Hegoaldeko [Euskal Autonomia Erkidegoa] bi gobernuak ari dira anartean. Agian, etorkizunean tokiko erakunde azkar bat gauzatuko da. Nik Europako egituran erregio mailako instituzio bat ongi ikusiko nuke. Gero badakizu, hori lorturik ere, borrokatu behar dugu tokian tokiko politikak zure esku izateko.

AHT (Abiadura Handiko Trena) edo TGV hizpide

LGV (Abiadura Azkarreko Trenbidea) egin nahi dute merkantziak garraiatzeko. Euskal Herriarentzat ez dut ikusten burdinbide berria beharrezkoa. Badugu aski bide. Nik ditugun trenbideak hobeto antolatuta, lasai moldatu gaitezkeela pentsatzen dut. Akitaniako presidente Alain Rousset ados da AHT edo LGV delakoa egitearekin, baina kasu eman behar du. Konparazione, Kotte Ezenarro alderdi kidea du, Paueko Kontseiluan eskualdeko kontseilari nagusia da. Ezenarro ez da ados. Beraz, jarrerak kontrajarriak dira alderdi guztietan. Nire ustez, lurretan egiten diren obren eragina handiegiak dira, eta gainera trenbide berriak egiteko behar den sosa erokeria da.

Mugaz Gaindiko Zentroaz. (Euskadi eta Akitaniako gobernuek Hendaian ireki berri duten bulegoaz)

Patxi Lopez eta Alain Rousset alderdi bereko kideak izanda [PSOE eta PS] errazago da horrelako zentroak irekitzea. Herriarentzat ongi da ekimena. Bitarteko guztiak beti on dira bi aldeetako harremanak azkartzeko. Beste gobernu bat osatuko delarik instituzio gisako hauek hor izanen dira ere.
Battitte Salaberri
"Batzuek 68ko maiatzeko moldeak erabili nahi dituzte, baina garaiak aldatu dira"

Zer balorazio egiten duzu Sarkozyren politikaz? Zein izandako mobilizazioaz?



Lehenbiziko gauza, erretretaren erreforma egin behar da sakonean. Funtsezkoa eta beharrezkoa da erreforma egitea. Gero, Sarkozyren gobernua formetan ez dela asmatzen ari uste dut. Baina mobilizazioetan ere formetan ez dira ongi ari, nik uste. Findegiak blokeatzea eta herrialde bat geldiarazi nahi izatea ez dut ongi ikusten, jokamolde horiek sobera bortitzak dira. Batzuek 68ko maiatzaren garaiko mezu eta moldeak erabili nahi dituzte, ez dut uste gauzak horrela egiten ahal direnik. Garaiak aldatu dira. Grebarako eskubidea gure Konstituzioan dago, ados, ez naiz kontra jalgiko. Legeak hor daude, erabili eta errespetatu behar dira. Dena den, Sarkozyren aurka ari bada jendea, berriz ere bozkak izan direlarik, ea jendeak behar bezala bozkatzen duen, ezta?

Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude