argia.eus
INPRIMATU
Nahastu behar ez diren janariak eta botikak
  • Botika bat hartzen dugunean, edozein bidetatik hartzen dugula ere, botikak ibilbide jakina egiten du gorputzaren barruan: xurgapena, banaketa, metabolismoa eta, azkenik, eliminazioa. Bide horretan, gorputzak xurgatu eta bere mesederako erabiltzen du botika. Baina aurretik, bitartean edo ondoren ahoratzen ditugun jan-edanen arabera, botikaren eragina murriztua gerta daiteke, farmakozinetikaren legeen eraginez. Horregatik, hainbat gauza argi edukitzea komeni da.
Jabier Agirre 2010ko azaroaren 02a
osasuna
Eraginkortasuna galtzea: Ondorengo botiken eragina gutxitu egingo da, osagai jakin batzuekin nahastuz gero:

- Antibiotikoak. Gorputzak ez ditu ondo xurgatuko esnearekin batera hartuz gero, ezta urdaileko azidotasuna (edo bihotzerrea) eragiten duten janariekin batera ere (laranja-zukua, limoia edo pomeloa).

- Diuretikoak ez dira erregalizarekin batera nahastu behar, eragina asko gutxitzen baita. Gauza bera gertatzen da tentsio arteriala kontrolatzeko botikak hartzen direnean ere.

- Antikoagulanteak. Bruselazak, azaloreak, brokoliak eta antzekoek botika horien efikazia gutxitzen dute. Baita K bitaminatan aberatsak diren elikagaiek ere (erremolatxak, ilarrak edo te berdeak).

- Ahotiko antisorgailuak. Horrelakorik hartuz gero, ez nahastu pomelo-zukuarekin, bestela gibelak zailtasun gehiago izango baitu antisorgailuaren lehengai aktiboak gorputz osoan behar bezala banatzeko.

- Depresioaren kontrako botikak. Litiodunak baldin badira, garrantzi handikoa da gatz gutxiko dieta egitea. Gehiegizko gatzak mineral horren ekintza blokeatu egin dezake.

Kontrako efektua
. Eragina gutxitzeaz gain, botiken eta elikagaien konbinazio desegoki batek, medikaziotik espero dugun eraginaren justu kontrakoa izatea ekar dezake. Hori gertatzen da, adibidez, zitrikoetan, kafean eta esnekietan presente dauden substantzia batzuekin. Aurreko bi albo-ondorio horiek saihesteko, onena botikak ur pixka batekin hartzea da, giro-tenperaturan.

Alkohola bereziki arriskutsua da
. Edari alkoholikoek interferentzia larriak eragin ditzakete botika ugarirekin. Arreta berezia eduki behar da azido azetilsalizilikoarekin, parazetamolarekin, antidiabetikoekin eta antihistaminikoekin.