argia.eus
INPRIMATU
Munduaren ertzak
Ana Urkiza 2010ko azaroaren 03a
Badira poetak, José Luisek zioen bezala, bizitza min zaienak eta min horren isla dutena beren poesia. Miren Agur Meabek ere, Bitsa eskuetan bere azken liburuaren aurkezpenean halaxe aitortu zuen: minaren, esperientziaren eta bitsa hitsaren garaipena zela liburua. Poesiak mina gainditzen lagundu ziola eta heldutasunaz jabetzen.

Badira, ostera, beste poeta batzuk, inspirazio iturri edo estakuru bila aritzen direnak han eta hemen, bizitza harrapatzen ez ezik, hurrupatzen ere badakitela erakusteko larritasun ezinbestekoaz. Esperientziak baino areago harridurak irabazten dituenak eta deskubrimendua bera dutena lehengai.

Biak ala biak zilegi izanik, noski, irakurlea izanen da erabakiko duena zein den bere bizitza zorionekoagoari edo hitsagoari ekarpenik egingo diona, eta bere zama arintzen lagunduko; zein izanen den, finean, esperientzia heldu eta benetako batean murgilduko duena.

Baina aitor dut, benetan, harritu egin nautela inspirazio bila dabilen poeta gazte baten ahotan euskaldun “zintzoak” klasista eta modernoetan baino areago klasista eta liberalen artean sailkatzen dituela irakurtzeak. Eta are gehiago, klasistatzat jotzeko erabilitako irizpideak, euskal kulturaren produktu hainbaten kontsumoa aipatzen delarik (ez dakit, jakin, aurrez sailkatutako produktuak ote diren, zalantzan jartzen dudan arren); eta ustez liberal edo modernoak liratekeen euskaldunak (nahiz eta oporrak Londonera pasatzera joan; bide batez esanda, ez dela inolako bekatu, nire ustez), pub retro batean kokatzen direnean. Eta, batzuk zein besteak “ustez” bereizten dituen adin aldea tarteko, hain bizigarritzat jotzen den anekdota, bizitzak bere horretan eskaintzen duen esperientzia arrunt bat baino ez denean.

Badirudi, bizitza hurrupatzen dakigula demostratzeko eta zurrupaketa horretatik lortutako nektarra den emaitza “ustez” poetikoa edertzeko, muturra ezagutu behar dugula. Harago dagoena. Ustez ezezaguna dena (norentzat ezezaguna, ordea?).

Muturra bizitza bera da. Muturra ez dago ideologia baten edo bestearen baitan. Ez eta adinean ere. Ez dago Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak saiakera saritura irakurtzea besterik.

Muturra bizitza arrunta da; delako muturra, begiradan dago.

Muturra ikusi ahal izango dugu, adibidez, urrutiegi joan gabe, Espainiako Gobernuaren aldaketa berrietan, zeintzuetan emakumezkoek zuzendutako alorrek porrot egin duten edota hauen porrota agerrarazteak kezkarik agertu ez duen. Axola ez dion irudi. Eta kezka sortarazten dit baita, reality showak hainbeste behar dituen herrialde honetan, oraindik, gobernuko aldaketen berri eman ondoren, iruzkinik hedatuena, Pajin andrearen atze-aurreak sortutakoak izatea.

Ez, ez dago erbesteko pub retro batera joan beharrik anbiguetatez jantzitako sexu esperientzia bat bizitzeko. Muturra, esan bezala, egunerokoan baitago; ertzez jositako egunerokoan.

Ertz batean kokatzeak, mundua ez du mutur bakar egiten.