argia.eus
INPRIMATU
Kapital iheslariei mozorroa kendu
Juan Mari Arregi 2010ko azaroaren 02a
Espainiako Ogasunak “kontuak” eskatu dizkie Suitzan diru beltza duten 3.000 titularrei. Ikerketa hasi dutela diote, eta segurtatu dutenez, soilik Suitzako banku bakarrean, HSBCn, kopuruak 6.000 milioi euro gainditzen ditu. Ogasun horrek susmoa du kasu gehienetan delitu fiskala dagoela. Delitu fiskal gisa kontsideratua izateko beharrezkoa da kontuetan dagoen kapitalak 120.000 euro gainditzea. 3.000 kontu “opako” horietatik, jakina da Gipuzkoa eta Bizkaiko ogasunetara 89 eta 64ren zerrenda iritsi zaiela, hurrenez hurren, bertan tributatzen dutelako. Pentsatzekoa da Euskal Herriko gainerako ogasunetara ere dagokien zerrendak iritsi direla.

Administrazioak nahiko zuhurrak izaten dira horrelako gaietan. Tentazioa izaten dute negoziatzeko: dirua erregularizatu zigorrak kentzearen truke. Nahiz eta bide horretatik ez direla ari dioten, amnistia fiskalaren bidetik alegia, praktikan, hori da Espainiako eta Euskal Herriko ogasunek hartzen duten neurria. Baina politika gogorrago eta intrantsigenteagoa behar da. Adituek kalkulatzen dute paradisu fiskaletan 6 bilioi dolar (4,6 bilioi euro) daudela. 185.000 milioi euro Espainiako Estatuko fortunei dagokie. Diru horrekin gaur egun jasaten ditugun “doikuntza” arazoetako asko konponduko lirateke. Lakra hau eragotzi nahi bada, izen-abizenekin mozorroa kendu beharko litzaieke kapital iheslariei. Herritarrek ezagutu ditzatela. Seguruena, horien artean topatuko ditugu doikuntza fiskala, lan eta pentsio erreformak, BEZaren igoera, IRPFaren moldaketa, osasun zerbitzuak ordaintzea eta abar, defendatzen dituzten asko. Langile, pentsiodun eta langabetuei odola zurrupatzen dienak dira. Lapur lepazuridunak dira.