Protestak erretreten erreformaren kontrakoak dira, baina askoren ustez Sarkozyren politika orokorraren kontra ere badira. Non dago jendearen haserre horren jatorria?
Iparraldean eta Frantzian gertatzen ari dena krisi politikoa da. Gobernuak jendearen eta karrikaren zilegitasunari uko egin dio, erranez “bil zaitezkete karriketan eta hala ere guk gure proiektua mantenduko dugu”. Horretan oinarritzen da haserre gehiena, Gobernuak ez duelako entzuten jendeak aldarrikatzen duena. Hori erreforma baino gehiago da niretzat.
Gobernuak aurretik egindako beste politika batzuei erantzuna al da? Sarkozyren irudia ezbaian dago erabat.
Segur aski hori ere bada. Frantzian mugimendu sozialak aspaldi ez duela zerbait irabazi, 1995etik Frantzian dena galdu da: 2003an greba izugarriak egin ziren eta galdu egin genuen, trenbideetan ere erreformak izan dira eta haiek galdu egin dute... Soilik ikasleak atera dira irabazle, 2006an, CPE proiektua atzeratu zutenean, haiek dira bakarrak. Gizartean ari da haserre iraunkor bat sortzen eskuindar politika eta kapitalismoari begira. Gero eta gehiago konturatzen dira Frantzian badirela bi ibilbide, bata aberatsentzat eta bestea beste guztientzat.
Deigarriak izan dira protesta hauetan hartutako borroka moldeak: findegiak greban, bideak blokeatuta... Gobernua egoera larrian utzi dute.
Beste borroka mota bat sortu da hemen, estrategikoa. Arrazoia aski sinplea da: Gobernuak ulertzen du ekonomia dela garrantzitsuena eta arlo soziala edo kultura ez dira inportanteak. Beraz, jendeak zer pentsatu du? Ekonomia blokatzea. Frantzian, horretarako petrolioa blokatu behar da. Findegietan ikusi dugu Gobernuak ez duela nola erantzun, polizia bidaltzen duela aldi oro grebak hausteko edo legearen bidez langileak lanera bortxatzeko.
Eraginkorragoa da?
Badakigu egoera ekonomikoagatik zaila dela greba orokorra egitea eta horregatik ari gara borroka estrategikoak egiten. Grebak astero egiten ditugu egun batez, eta gainerako egunetan, Oldarturen kasuan, ekintzak egiten ditugu: joan izan gara prefeturara, aireportuak blokatu ditugu... Ingelesetik etorri den
flash mobilization ikusgarriak eta eraginkorrak biderkatzen ari dira.
Orain arte sektoreko protestetara ohituta geunden: ikasleak, nekazariak... Kasu honetan mobilizazioa orokorragoa da. Elkartasunik sortu al da herritarren artean?
Erretretak denok hunkitzen gaitu: langileak, langabezian daudenak, ikasleak... orokortasuna hortik heldu da. Aspalditik ez dugu deus irabazi eta elkartasuna piztu da. Oldartun hainbat erakunde, alderdi eta sindikatu dira eta aski elkarturik, jendeak ulertu baitu borroka ez dela bakarrik eramaten ahal eta batasuna behar dela gauzak irabazteko.
Oldartu bezalako kolektiboak protagonismo handia izaten ari zarete.
Hastapenean gibelean egon gara, sindikatuen lana da hori. Baina ikusi dugu ez dutela beren rola betetzen eta horregatik bultzatu dugu dinamika hori Oldartuk eta erretreten aldeko kolektiboak. Sindikatu bakoitzak bere jokoa eramaten du, gu ez gara horretan, batasuna eta elkartasuna dira gure leit motiv-a.
Legea jadanik onartua da. Zer egin orain?
CPE ere onartu zen baina gibelarazi zuten. Ez dugu denbora muga bat, sondeoetan ikusi dugu jendea prest dela segitzeko.
Batzuek diote mugimendua behera doala.
Hori Gobernuaren komunikazioa da mugimendua barrutik estutzeko. Guk ikusten dugu gero eta jende gehiago dela karriketan. Tokiko berriak entzunez gauza ez da onera joan, kendu zituzten blokeoak findegietatik baina langileek kamionak blokatzen dituzte orain. Ez da bihar konponduko arazoa.