I Ziurrenik lau hankan hasi zen aurrena, zutituta abitzeko munduan barrena. Adimen lantzeari ekinez hurrena, giza historiaren lehenengo herrena. |
II Pentsamentua janzten zihoan heinean, ez zen ados besteen maila berdinean: Kokatu nahiak beste guztien gainean jarri zun betirako nahi ta ezinean. |
III Adimen hori lantzen hari zenez nonahi, bata botere gose bestea ere bai. Ordura arte zena kide edo anai, gizona bihurtu zen gizonaren etsai. |
IV Hasieran zen harek lau hankako abere, munduko ondasunak nahi lituzke bere. Arrazoiak ez dio balio batere indarra nagusi ta dirua botere. |
V Betitik egin ditu amets aberatsak gehiegi neurtu gabe zekartzan akatsak. Horrek ekarri ditu ondorio latzak: kontaminatu gaitu sosaren kiratsak. |
VI Besteren bizkar bete denean kartera, mundu xume hontatik nahi luke atera: Heldu da ilargira, agian Martera, nahiz anaiak behartu lokatza jatera. |
VII Alferrik izango da asmo onekua ta maite bere herri edo sorlekua ez dezala defenda bestela lepua... Mundu bat egin dugu bihotz gabekua. |
VIII Indar militarreri emanik garrantzi armamentuz beteta gizalegez ahantzi. Hiltzaile txikieri kartzelak erantsi, handieri txaloak ta medailak jantzi. |
IX Errepara elizan edo politikan: egingo dizkigute promes politikan baina beraiek gertu diru pilotikan, txikiak ezin aska korapilotikan. |
X Eskaintzen dizkigute dozenan hamalau baina guztia lege ta guztia arau. Garratzetik soberan gozotikan barau aurreratu nahiaren atzeraka da hau. |
XI Dena degu presa ta dena itsumustu, bakoitzaren bizitza bihurtuz apustu. Ez al dugu burua neurriz kanpo puztu? Esne txarretik bete, umoretik hustu. |
XII Bada zertan kezkatu ta zertaz goibeldu azken muturreraino ez al gara heldu? Izan behar zuenak guztien eredu: lur madarikatu hau gizonak erre du. |
Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.
Doinua: Mutil koxkor bat.
Urte askoan gurea izan da
abundantzien bailara
zenbat familia joan ote da
orain langabeziara?
Mahaian dago eztabaidagai
zer ginen eta zer gara
alfer alferrik izango dira
hemen ERE eta Hara!
Mentalitate aldaketa bat
ematen ez... [+]