argia.eus
INPRIMATU
Erraldoitu...
Joxemari Ostolaza 2010ko urriaren 27a
Txiki, Benegas alegia. Hondar urteetan usu, aspaldi ikusi gabeko adinkideak ezagutzen lanak izaten ditut. Haiei ere nirekin gertatuko zaiena dela argi dut, ez ezagutzearen plantak egiten ditugunekoak albo batera utzita. Xabier Amurizari irratiz entzun nion, gurean denbora pasatu baino joan egiten dela. Polita. Joan ala pasa, bere arrastoa utzita. Eta urte andana ikusi gabek o Txiki Benegasek lehen kolpean garai bateko Iñigo Cavero ekarri dit gogora. Hartu duen bueloa, krabata okotzaren segidan apezpiku lepoan kokatu ezinik eta michelin bisaia UCDko harenak ziruditen, gure gazte denborako kirolari bikainarenak desagerraraziz. Adituek esana da, telebistako kamerak puztu egiten duela jendea. Benegasen kasua izan liteke, lau hamarkada bada, gutxienez, parean ikusi nuenetik. Eta dozena kameratik goiti parean zituenez, baliteke denen artean holako piuran agertu izana. Gure haur denborako kanonigoa. Ezker abertzalearen makila izateko gantzatuegia dirudi, odol zirkulazio motelegikoa. Gazteagoei beharko lieke lekua utzi, abiadura azkarregiko fundamentuzko zerbait egin nahi izango balu. Bera bezalako jokalariz osatu taldeak maila galtzeko arriskua du, nahiz eta arbitro guztiek bere alde egingo dutenaren bermea izan.