argia.eus
INPRIMATU
Langile ikastola?
Joxe Mari Auzmendi 2010ko urriaren 20a
Ring, ring, ring!
– Langile ikastola: Bai, esan?
– Deitzailea: Langile ikastola al da?
– Li: Bai; beno, ez. Barkatu, ni berria naiz eta beste bat jarriko da... Bai, esadazu.
    – D: Langile ikastola da, ezta?
    – Li: Bai; baina, ez. Herriko DBH guztiek  bat egin dute institutuarekin eta “Hernaniko institutua” deitzen da orain.
    – D: Ikastolaren erabakia izan al da?
    – Li: Ez, ez! Administrazioak erabaki du.
    – D: Langileko gurasoen onespenik gabe? Denak batera egonda, gela asko sortuko ziren DBHko 1. mailan, ezta?
    – Li: Sei gela.
    – D: Hainbeste gela egotea ona al da?
    – Li: Bere alde onak baditu. Herriko gaztetxo guztiak elkarrekin egon litezke, eta aukera gehiago egongo da hainbat hautazko ikasgai eskaintzeko. Gainera, herriko ikastetxea izango da.
    – D: Herrikoa bada, Udalak zeresana izango zuen eta izango du institutu berriaren antolaketan, ezta? Nik dakidala, Holandan, duela urte dezente institutu handiak egiten hasi ziren, eta emaitzak aztertuta, berriro ere institutu txikiak, ikasle gutxiagorekin, jartzea erabaki zuten.
    – Li: Beno, Udalak ez du parte hartu prozesu horretan guztian, berak ez baitu hezkuntzan eskumenik. Holandakoa, berriz, ez da inoiz aipatu hemen.
    – D: Munduan egiten diren neurketak kontuan hartzea ona litzateke. Neurtzen den hartan, Finlandiak ematen ditu emaitza onenak. Hura da askorentzat eredu. Han, Udalak du hezkuntzako eskumena, eta, ondorioak ikusita, gurera ekartzea egokia izan liteke, ezta?
– Li: Esan dizut, Udalak ez du horretan ahalmenik.
– D: Entzunda nuen, bestalde, Langilek 2-16 urte bitarteko ikasleak hartzen zituela eta hori zela gurasoen nahia. Beraz, ez da hori horrela.
    – Li: Noski ezetz! Lehen ere juridikoki bi zentro ziren: 1. Haur eta Lehen Hezkuntza, eta 2. Bigarren Hezkuntza. Koordinatzen ziren eta ikastetxe bakar bat bezala funtzionatzen zuten. Administrazioarentzat, aldiz, bi ikastetxe izan dira beti.
    – D: Aurten, hezkuntza porrota ikusita, 3-16 urte bitarteko hamaika ikastetxe publiko ireki dira Katalunian, modu esperimentalean; horrela, hezkuntza emaitzak hobetuko direlakoan.
    – Li: Ez daukagu horren berri.
    – D: Zer hezkuntza proiektuan oinarritu da institutu berria?
    – Li: Hori, orain zehaztuko da.
    – D: Finlandian, Hezkuntza Proiektua egiten da lehenago, eta gero, eskola, institutua... Behar dena.
    – Li: Ikusi beharko da zertan geratzen den dena.
    – D: Ikerketen arabera, gestioa gertukoa denean eta eskola komunitateak parte hartzen duenean, era guztietako emaitzak, ez soilik akademikoak, hobeak dira.
    – Li: Orain zehaztuko da gurasoen parte-hartzea, eta gainerakoa. Zerbait gehiago nahi duzu?
    – D: Beno, ba, mila esker informazioarengatik.