argia.eus
INPRIMATU
Jon Gurrutxaga - Jon & Sugramas
Estilo zehatz bat egiteari garrantzi handiegia ematen zaio eta inportanteena kanta bera da
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2013ko maiatzaren 07a

“Banekien bota zaharrak berriro jantziko nituela”; “Poltsa hutsik dago, baina arima beteta”. Aspaldiko ametsa gauzatu duzu?

Bai, beti izan dut buruan halako diskoa egitea, hauxe baita betidanik ase nauen estiloa. Gainera, nik sortu eta bultzatutako proiektua da, kantak nik sortuak dira eta bidean aurrera egiteko lagunez batu naiz. Oso pozik nago.


Bidaia kantak hemengo rockaren aita den Niko Etxarti keinua dirudi. Hastapenetako euskal rockak izan du zugan arrastorik?


Kanpoko taldeak entzuten hasi nintzen rockaren munduan eta gerora ezagutu ditut euskaraz rocka egiten hasitakoak, Niko Etxart, Koxka... Musika orok du eragina eta Niko karisma handiko musikaria iruditu zait beti.


Bidaia aitatasunaren gaineko kanta ederra da; I called you alboko lagunari eskainia; Duoan sortutako istorioa aiton-amonen omenez... Bihotzez, barru-barrutik, egindako diskoa da?


Bai, mimo handiz eta hitzak zainduz. Era guztietako gaiak jorratzen ditut, baina gai pertsonalak ukitzen dituztenak sentimenduz josita daude.

Sentimendu handia dago abesteko eran…


Beti saiatzen naiz sentimendu handiz abesten, entzuleak hori igarri egiten baitu. Horrez gain, hitzek ere esanahi handia badute zuretzat, are gehiago irteten dira poza, tristura edo malenkonia bezalako sentimenduak.


“Usaina eta gustua benetakoak zuten goizak ditut gogoan”. Zer zuen iraganeko musikak orain ez daukana?


Orain oso musika ona egiten da, kalitate bikainekoa. Eta ez naiz inola ere atzera begira bakarrik geratzen den horietakoa. Baina onartu beharra dago 60ko hamarkada amaieran eta 70eko hasieran izan zen musika mugimendua oso-oso aberatsa izan zela hainbat estilotan. Sentimendu handiko kantak idatzi ziren orduan. Gaur egun, estilo zehatz bat egiteari, adibidez, garrantzi handiegia ematen zaio; garrantzitsuena kanta bera da.