argia.eus
INPRIMATU
Germinal 33
Itxaro Borda 2010ko urriaren 19a
Itxaro Borda
Gaizka Iroz
Greba egunak herrokatzen ditugu erretreten erreforma likitsaren salatzeko. Manifestaldi kopurutsuak bukatzean, Baionako udaletxe plazan mintzo direnek hurrengo hitzordua finkatzen digute, bazterretan zenbait marmazika dabiltzala: zergatik balio du noizbehinkako mugimendu batean soldata galtzeak, astebeteko greba mugagabea eramatea aski litekeelarik? Trenak, kamioiak, metroak geldi daitezela, eskolak, postak, lantegi pribatuak, paralisia dezagun hiritar xeheenaren errespeturik ez daukan gobernuarekiko herrialde hau.

Herresteriak baliatzen dituen tegi fiskalak suntsituko dituzte. Ez dute aberatsenen probetxuz dagoen tapakia ukituko. Fillonek gai hori ez dela tabu erran berri duen arren, Sarkozyk errepikatzen du ez datekeela zergak (dirudun okituentzat noski) emendatuko dituen lehendakaria. Fiskalitatea beraz funtsezko injustizien bermarri altxatzen zaigu, obretan bezain diskurtsoetan. Erretreten gaia berdin. Haurretaz axolatuz lanean ari izan direnen emazteentzat bereziki, langile-bizitza osoan gainera gizonezkoek baino %20 apalagoko sosa sakelaratzen dutela oroituz. Emaztearen independentzia ekonomikoa da zalantzan jartzen. Galda dezakegu, ez denez hori erreforma honen xede ez aitortuetarik bat gizarte patriarkala zuriaren berrantolatzeko. Emazteak alaina emigratuak bezala –udako gobernarien rom delakoen kontrako histeria lekuko– sobera daude lantokietan. Batez ere behe-mailako zereginetan. Hilabetesari urrienetan.

Aipatzen digute erretreten sistema salbatzekoa dela, baina aldaketaz aldaketa azkenean gure belaunaldiei eta ondokoei adin onargarri batean erretiratzeko ahalmena bera zaigu ukatzen. Uste dut erreformak helburu bikoitza duela: bat, kapitalizaziozko erretreta eskaintzen duten enpresa pribatuei bidearen irekitzea –buruzagi gehienak lehendakarien adiskideak dira– eta bi, orain arte banaketaz eta dretxo ezberdinez azpaturiko lan munduaren erraustea. Badu hogei urte lanaren kalterako gerra isila deklaratu dutela neoliberalek.

Ontsa pentsatzen hasi eta garbi dago erretreten salbatzeko dioten eran, kalitate eta soldata egokiekiko lana hobestea litekeela aterabidea. Kotizatzaile haboro baliteke seguritate sozialarentzat, erretreta kaixentzat edo osasunarentzat. Manatzen duen elitea ez da horretan: estatua atzera doa alor publiko anitzetan eta nagusigoak ez du elkartasun egituretan sos pilik ezarri nahi. Laurence Parisot MEDEFeko zuzendariak ez du besterik aldarrikatzen.

Sakrifiziora akuilatzen gaituzte.

CAC 40-eko aho zabalen kezkei hurbilago gaude, etxe zolako eskalearen sumindura gosaioetarik baino. Lortu dute gure buru-muinen setiatzea. Horregatik da hain zaila borrokatzea eta greba egun bateko sosaren xahutzea herritarren eskubideen alde baldin bada ere. Sindikatuek halatan larunbatetako ekintzak iragarri dituzte, baliabide askirik ez duten beharginak biltzeko. Greba, bakarrik baliabide ekonomiko soil arazoa al da? Kotxe berria edo HD ready telebista pantaila erosteko unean bezala? Grebara jotzeko baliabideak metatzea igurikatzen baldin badugu aiduru denbora luze dateke askorentzat. Gutaz plazer dutena egingo dute bitartean eta hondarrean europarrok txinatar arruntenen soldatekiko populu pauperizatuak garateke.

Emile Zolaren Germinal eleberri izugarriko meatzariek ez zuten grebara jaisteko baliabiderik Etienne Lantieren gidaritzapean lana utzi zutenean. Abendu garratz hartan ez zuten irabazi, baina beraien baitan zerbait aldatu zen.