argia.eus
INPRIMATU
Urakan gehiago itsaso berdeetan
Joxerra Aizpurua Sarasola 2010ko urriaren 12a
urakan gehiago
Urakanen sorleku egokia izaten dira aire hezea, ur beroa eta haize bereziak elkartzen diren itsasoak. AEBetako MIT eta NOAA ikerketa zentroetako ikerlariek beste ezaugarri bat gehitu diote aurreko multzoari: itsasoaren kolorea. Hain zuzen ere, ur berdexkak dituzten itsasoak egokiagoak dira urakanen sorrerarako, ur gardenak dituztenak baino.

Ozeanoetako uren kolorea aldatuz doa, besteak beste fitoplankton kantitatearen arabera. Zenbat eta fitoplankton gehiago izan, hark eguzkitiko argi gehiago xurgatu eta ingurua gehiago berotzen du. Horrek –aipatutako aire eta haizeen eraginei gehituta– urakanen genesia indartu dezakeela uste da, baina ikerlariek argi utzi dute datozen urteetan sateliteek hartutako irudien laguntza behar izango dela esandakoa baieztatzeko.