argia.eus
INPRIMATU
UPNren alde
Santi Leoné @ororostorm 2010ko urriaren 12a
Santi Leone
Josu Santesteban
Urte batzuk dira elkarrizketa irakurri nuela, eta oraindik ez zait oroimenetik lekutu. Txantrean auzolan aldizkarian argitaratu zen, hau da, Iruñeko Txantrea auzoan kaleratzen den aldizkarian. Elkarrizketatua, auzoko bizilagun bat, adinean aurreratua; helburua, haren bizitzari errepaso ematea eta, bidenabar, Txantreakoa izatearen harrotasuna erakustea. Memento batean, kazetariak haren seme-alabez galdegin dio txantrearrari, eta hark, bi seme-alaba (edo bi seme, ez naiz sobera ongi oroitzen) zituela erantzundakoan, hauxe gaineratu du: “Biek hobera egin dute, bata Iturrama auzoan bizi da eta bertzea, Donibane auzoan”. Kazetariak, letran juntadura hutseko baina gogoan kausa-ondoriozko esaldi horrek daukan ironia inplizituari ezikusiarena egitea erabaki bide zuen, eta, bertze galdera bat eginez, aitzinera segitu zuen.

Erantzun hura gogora etortzen zait, ezinbertzean, PSNko kideak hedabideetan ikusten ditudan bakoitzean. Hura Txantreaz harro zegoen bezala, hauek ere harro daude sozialismoaren tradizioaz, alderdiaren ibilbideaz eta ezkerreko balioez. Haatik, haren seme-alabak auzo ustez hobeetara alde eginak ziren bezalaxe, azken bolada honetan gure sozialistek ere hobetu egin dute beren estatusa, eta eskuinaren eskutik dabiltza beti, behin ere hutsik egin gabe.

Egunen batean, eskerrak eman beharko genizkioke UPNri. Eskerrak, anbiguotasunik gabeko arerio baten irudia osatu duelako. Hau da, UPN arerio maltzurra, intolerantea, tranpatia, gupidagabea, oportunista, ezjakina eta gogaikarria izan da eta da, baina ez du sekulan zalantzarako zirritu ñimiñorik ere utzi. Ez, adibidez, gizarte politikari dagokionez (krisialdi honetan Miguel Sanzek adierazi du tontakeria hutsa dela gehien dutenei zergak igan nahi izatea eta, gainera, hori egitekotan, lehenik jakin beharko genukeela zer ote den aberatsa izatea). Ezta kulturan ere (uztailean, Paz Prieto Iruñeko kultura zinegotziak erran zuen, zenbaiten kritikei ihardetsi nahian, Sanferminetan artista handiak ekartzen direla Iruñera, eta zerrendatxo bat ere egin zuen: Bertin Osborne, Georgie Dann, Luis Aguile, Manolo Escobar...). Ezta euskarari dagokionez ere (ikusi bertzerik ez da nor izan diren hizkuntza politikaren arduradunak eta haien jarrerak euskararekin). Esker mila anitz, erran beharko genieke. Esker mila, politika horiek guziek argi eta garbi erakutsi digutelako etsai zaituztegula, Diario de Navarrako artikulu guziek duda izpirik gabe ez gaituztela maite erakusten diguten bezala.

Egunen batean, UPNri eskerrak emandakoan, edo apika ematearekin batera, PSNren eragina gure historia hurbilean (Espainiako Trantsiziotik hona, guti goiti-beheiti) serio aztertzen eta baloratzen hasi beharko genuke. Zer dela-eta ez zen inoiz abian jarri Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra. Nori esker betikotu den UPN boterean. Nork saldu zuen aldaketaren agindua, geroago, otzan-otzan, betiko egoera luzatzeko.

Egunen batean, onartu egin beharko genuke bakarrik gaudela, gu, ez dakit bada, abertzaleok, euskaldunok, lizentziarik gabeko irratiak entzuten ditugunok, telebista hautatu dugun hizkuntzan ikusi ahal izateko LTDa itzali behar dugunok, gure kartelak grisez margoturiko letra txikietan –inoiz beltzez marrazturiko letra handietan– irakurri behar ditugunok, zer garen eta zer ez garen bertzek erranda dakigunok, Berria eta Argia “bertze komunitate batetik” eta Tele5 eta Antena3, aldiz, “gure naziotik” jasotzen ditugunok. Onartu, eta indarrak biltzeko lanean hasi.

Argi baitago, bertzenaz, zein den geratzen zaigun alternatiba: PSNren zain egotea. Baina susmoa dut haren hautesleek, Txantreako kazetari hark bezala, ezikusiarena eginen diotela, behin berriz, sozialistek UPNren aurka egindako diskurtso guziek duten ironiari.