Pasaian egin asmo dagoen kanpoko portuaz pentsatzen ari naizela, Jaizkibel zulatzea, espigoiak itsas barreneraino eraikitzea ontziek merkantziak karga eta deskarga dezaten, lotura egokiak errepide eta trenbideekin egitea merkantziak ailega eta atera daitezen. Ez dut dudarik teknologiak pisu handia izango duenik.
Egingo dena egingo dela ere, ez dut nahi hogei urte barru bizi izango diren gazteek begien bistan izango duten paisaia normaltzat hartzea, normaltzat hartzen ez genuen bezala Errenteriako desastre urbanistikoa ezagutu genuenok; kanpoko itsas kaia desastrea izango denik ezin dut ziurtatu, baina itsasoak kai berriari kobratuko dion prezioa ez dela nolanahikoa izango ziur nago.
Pasaiako kaia egun ongi babesten dute Jaizkibel eta Ulia mendiek eta aldiz kanpoko kaiaren babesa, inbertsioa edozein dela ere, ez da gaur egungoarena izango. Babes berriak egiteko eta mantentzeko egin behar izango den esfortzu ekonomikoa izugarria izango dela uste dut, neurrigabekoa ez esatearren!
Baina kaia hobetu, handitu, egokitu beharra dago. Pentsa dezagun beste era batera. Kanporantz baino zergatik ez barrurantz pentsatu. Zentral termikoaren bizia amaitzen ari da, beraz okupatzen dituen lurrak epe motzean erabilgarri izan daitezke; Errenterian CAMPSAk zituen lurrak etxeak eraikitzeko ziren, baina zergatik ez pentsatu etorkizuneko kaiaren eremu gisa; estiba eta desestibarako eremu berriak kaiaren erdian ur gainean mugitzen diren patioen bidez eraiki daitezke; zergatik ez behera datorren eta itsasoaren gainean dagoen Hondarribiako aireportua merkantzietarako kai bihurtu Pasaiakoarekin konexioan; izan ere aireportuko muturrak 50m edo 100m laburtu daitezke, badiari eta natur guneari espazio gehiago emanez eta kaiaren eraginkortasuna txikitu gabe
Aipatu ditudan ideietan oinarritutako kaia eraikitzeak esfortzu teknologiko izugarria eskatuko du, baina ez dut uste egun planteatzen diren inbertsioak baino handiagoak eskatuko dituenik. Aldiz, azken hamarkadetan hain alaiki eraldatu dugun orografiari atsedena ematea eta esfortzu teknologikoari esker dagoenari etekin handiagoa ateratzea, txukuntzea eta berritzea bada etorkizuneko belaunaldientzat utz dezakegun garapen-eredu egoki bat.
Baina horretarako Euskal Herriak herri bezala funtzionatu behar du. Prest al gaude Hondarribiako aireportua Biarritzera eramateko? Edo Hondarribiako eta Pasaiako udalak kai kontuetan batera aritzeko?