argia.eus
INPRIMATU
Koldo Almandoz
"Orokorrean ez dut jendea maite"
  • Film laburrek bide luzea egin dezaketelako...
Sustrai Colina 2010ko urriaren 06a
Koldo Almandoz
Koldo Almandoz 'The Balde'-ko zuzendariaDani Blanco

Hara bere lehen laburra New York-en grabatu zuena!


Eta zer meritu dauka horrek? New Yorken filmatzea hemen filmatzea baino askoz errazagoa da, eta egiari zor, ez nintzen joan nire curriculumean sortzaile askok ezinbestekotzat duten “New York” lerroa idaztera.

“Euskalduna naiz eta harro nago...!”


Noiz arte segituko dugu ekiparazio bila? Noiz arte konplexu horiekin? New Yorkeko taberna batean irakurritako poemari Berriako orrialdea eskaintzen zaio. Poema bera Zarauzko taberna batean irakurri eta ezer ez. Zer gertatzen da hemen?

Film laburren zirkuituak ia klandestinoa dirudiela!


Denak azkarra eta kontsumitzeko erraza izan behar duela dirudi, Youtuben ez bazaude ez zarela existitzen. Laburra ala luzea, norbaiti interesatzen zaio zinea? Aretoak ikusita...


Badakizu... krisia... sarrerak zazpi euro...


Kulturak doakoa izan behar duela aldarrikatzen dutenek euren burua progresistatzat dute, baina izatez, fatxa batzuk dira!

Segi lagunak egiten.


Reala salbatzeko Aldundiak denon dirua erabiltzen du, sozio-txartelek dirutza balio dute, eta kalera sutan atera beharrean, 70 euro kostatzen den kamiseta jantzita joaten gara Anoetara. Horretarako ez dago arazorik, ezta?

Badakizu, denak “sortzaile” garenetik...


Denak gara argazkilari, denak idazle, denak zinegile... Egia da medioak demokratizatu direla, baina talentuak ez dauka demokraziarekin zerikusirik.

Odon Elorzak Donostiarentzat dituen asmoez ari zara?


Hiri puta hau ostalaritza eta turismoari begira baizik ez da bizi. Donostian mekanikari edo delineantea bazara ez duzu ezer merezi. 2016an Europako kultur hiriburu Kordoba izendatzea da Donostiari gerta dakiokeen onena.

Tabakalera Kordobara eraman nahian, ala?


Politikari gehiegi dago gauzak ondo ateratzeko. Dirua inbertitzea erabakitzen dutenean eurek agintzen dutela uste dute, baina ez da euren dirua, denona baizik. Dena den, Realarekin gertatu dena ikusita, baliteke merezi ditugun agintariak izatea.


Ez zara Realzalea izango, ezta?


Reala larrutzen dut, baina realzalea naiz. Telebista ikusten lau ordu segidan pasa ditzaket nire burua idiotizatzen. Izorratzen nau, baina kritikatzen dudan guztiaren parte sentitzen naiz.

Inoiz otu zaizu psikoanalistarenean zita hartzea?


Ez, gauzak erlatibizatu, eta zentzu makroan ikusi beharrean zentzu mikroagoan ikusten ikasi dudalako. Orokorrean ez dut jendea maite. Ingurukoak eta bizitzan aurrera bultzatzen nautenak inporta zaizkit.