Bitxia da. Euskal Herrian, euskararen biziraupenaz, hizkuntza gatazkaz eta eleaniztasunaz beste toki askotan baino gehiago hitz egiten da. Aldiz, maila akademikoan horren isla ez da parekoa. Hiznet graduondoko ikasle asko soziologia eta hizkuntzalaritza ikasiak dira, eta beste hainbat teknikari lanean batean eta bestean ari direnak. Inork ez du soziolinguistikako titulurik, ez baitago halakorik hemengo unibertsitateetan. Fakultaterik eta ikasketa adarrik ezean, graduondokoa. Eta Euskal Herriko Unibertsitateko Berezko Titulu hori ez da hutsetik sortu.
Iñaki Martinez de Luna soziologoa Hizneteko zuzendaria da orain eta Hiznetez galdetuta 1994. urtera egin du atzera. EHUren Leioako Campusean hizkuntza plangintza ikastaroa antolatu zuten. Garai hartan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailaren gidaritza Pello Salaburuk zeramala, Jaurlaritzak ordaindu zuen egitasmoa. Jaurlaritzak ordaintzeari utzi zionean ikastaroa bertan behera geratu zen.
2001ean Eusko Ikaskuntzak Martinez de Lunari galdetu zion ea berriz ere ikastaroren bat antolatzeko modurik izango zukeen. Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa orduan sortu zen eta honen eskutik abiatu zen hizkuntza plangintza ikastaroa, Olatz Olasok asmatutako Hiznet izenarekin. Olatz Olasok eta Martinez de Lunak jarri zuten abian Hiznet. Azken horrek, hasieran, ez zuen luze biziraungo zuen itxaropen handirik: “Uste nuen, zorte pixka batekin, bizpahiru urtez iraungo zuela. Gakoa euskalgintzako hainbat erakunderekin egindako zubi lana izan zen. Zer esana izan zezakeen guztia sartzen saiatu ginen. Denek jarri zuten hoberena ekimena martxan jartzeko”.
Ikasleak, batik bat filologoak
2007-2008 ikasturterako, hainbat ahaleginen ondoren, Eusko Ikaskuntzak lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatearekin Hiznet graduondokotzat hartzea, hau da, titulu ofiziala izatea, Hizkuntza Plangintza Ikastaroa izenarekin.
Graduondokoaren helburua ondoko lau ezaugarritan laburbildu daiteke: ikasleei soziolinguistikaren oinarrizko ezagutza ematea, hizkuntza diagnosiak edo azterketak egiteko erremintak ematea, euskararen egoera orokorra azaltzea eta abian diren hainbat hizkuntza plangintzen (udaletakoak, Eusko Jaurlaritzakoak, hezkuntza alorrekoak, lan mundukoak...) berri ematea. Euskara teknikarientzat, euskararekin lana egiten duten profesionalentzat, euskalgintzako elkarte edo kideentzat, eta euskararen inguruan lan egiteko asmoa daukatenentzat da ikastaroa.
Ikasleen perfila ez da gehiegi aldatu hamar urteotan; gehienak hizkuntzalaritza ikasitakoak dira eta batzuk soziologiatik datoz. Unibertsitate ikasketak bukatu berri dituztenak dira mordoska, baina badira irakaskuntzan, enpresetan, udaletan, itzulpengintzan eta euskara elkarteetan lanean ari direnak, asko teknikariak. Iñaki Martinez de Lunak hamar urteotako ikasleak ezagutu ditu: “Aldaketa prestakuntzan izan da, orain dauden askok asko dakite, eta lehen ez”. Irakasleei dagokienez, hainbat alorretan lanean edo irakasten ari den jendea da, Martinez de Lunaren ustez, “zoritxarrez balio duten guztiak ez daude, baina dauden guztiek balio dute. Oso onak dira”. Hasi berri den ikasturteko irakasleen zerrenda goian daukazue.
Foroak eta wikiak
Ikastaroa Internetez gidatzen du Asmoz Fundazioak eta koordinazio lanaz gaur egun Saioa Labaka arduratzen da. Plataforma birtualean garaian garaiko ikasgaiak jasotzen dituzte ikasleek eta irakurritakoan testa egiten dute, alegia, galdera-erantzun laburreko metodoa erabiltzen da ikasleari nota jartzeko. Testa gaindituta ariketa bat egiten dute. Irakasgai batzuetan, irakasleak galde diezaioke zer iritzi duen halakori buruz edo beharbada egoera erreal bat irudikatuko dio, udal teknikaria dela pentsatzeko esango dio eta halako egoeraren inguruan zer egingo lukeen pentsatu eta idazteko eskatuko dio. Ariketa horiek banaka egin daitezke, baina taldeka ere aritzen dira, wikien bidez. Azken urteotan indarra hartu duen lan egiteko beste modua foro bidezkoa da. Gai baten inguruan ikasle baten eta bestearen erantzunei esker hausnarketa kateak osatzen dituzte, Martinez de Lunak esan digunez, foroetako truke horiek gordetzekoak dira, duten eduki mailagatik. Foroak foro, online izateak dituen baldintzak osatzeko, aurrez aurreko saioak txertatu ziren duela urte batzuk eta orduz geroztik urtean lau aldiz biltzen dira irakasle eta ikasleak Udako Euskal Unibertsitateko Eibarko egoitzan.
Proiektu errealistak
Ikasle guztiek badakite ikasturtea bukatzerako sakontze egitasmoa –goian iazko entresaka– egin behar dutela. Asmoz Fundazioak gai zerrenda eskaintzen die, baina norberak bere gaia proposatzeko aukera ere badu. Kontuan izanda ikasletako asko lanean ari direla, lan esparruan aplikatzeko balioko luketen proiektuak egiten dituzte sarri. Labaka koordinatzaileak esan digunez, “egitasmoa bukatutakoan galdetzen diegu ea zintzilika dezakegun webgunean. Batzuek baietz esaten digute eta beste batzuek ezetz, adibidez, enpresa jakin bateko barne informazioa erabili delako edo gehiago sakondu nahi dutelako”. Martinez de Lunak horrela definitu ditu lanok: “Ez dira lan esoterikoak, marfilezko dorrean egiten direnak, premiei erantzun nahi dieten lanak dira. Interesgarriak dira eta batzuk oso onak”.
Esandakoa, ikasleek egitasmoak praktikara eraman nahi dituzte. Hiznetek horretarako balio du, hizkuntza kudeaketa korapilatsuan irtenbide arrakastatsuak aurkitzen laguntzeko.