argia.eus
INPRIMATU
Greba orokorra ez desprestigiatzea
Juan Mari Arregi 2010ko urriaren 05
Langile mugimenduaren historian, greba orokorra tresna garrantzitsua izan da gobernuen eta patronalaren aurrean egin beharreko aldarrikapenen alde borrokatzeko. Tresna hau, ez da erabili edozein momentutan eta edozer egoeratan. Momentu erabakiorretan baino ez da erabili, indarrak neurtuz, helburuak lortzea aurreikusi denean. Eta batez ere, beti erabili izan da indar eta sentsibilitate ezberdinen arteko ekintza bateratua egon denean. Gainera, greba orokorrarekin lortu nahi da sektore guztiak geraraztea, ez bakarrik industria: garraioa, administrazioa, ostalaritza, zerbitzuak, komertzioa, hezkuntza, osasungintza, kirolak, kultura... Azken batean, greba orokorrak herritarren eta gizartearen bizitza gerarazi behar du.

Joan den astean, irailaren 29an, CCOO eta UGT-k Hego Euskal Herrian deituriko greba orokorraren emaitzak, bai eta sindikatu abertzaleek aurretik deiturikoenak ere –jarraipenaren inguruko zifra-gerra albo batera utzita–, oso mugatuak izan dira. Euskal gizarte eta herritarren bizitza geraraztetik oso urrun egon dira. Beraz, ezin da greba orokor baten edo bestearen arrakastaz hitz egin. Greba orokorrak ugaltzeak –urtebetean hiru greba Hegoaldean eta lau Iparraldean–, ekintza bateraturik gabe eta sektoreak eta herritarren bizitza geraraztea lortu gabe, bai Hegoalde eta bai Iparraldean ere, ez du prezeski greba orokor batek izan behar duena prestigiatzea lortzen. Sindikatuek autokritikarekin aztertu beharko lituzkete beren ekintzak eta deialdiak, bai eta greben aurretik sektore, auzo eta herrietan egin duten antolaketa eta lan aktiboa. Berriz ere akats beretan ez erortzeko eta langileak ez gogaitzeko. Eta modu horretan, ez desprestigiatzeko benetako greba orokorra.