Antzerki zaleak mugimenduan

  • Ekainean eman zen ezagutzera Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea. Kultura krisiek zipriztindurik ageri zaigun garaiotan euskal antzerkiaren ondoeza aspalditik datorrela ekarri digu gogora EHAZEk, bere sorrerarekin. Oraingoz indarrak batzen dabil, pausoei tamaina hartzen, zaleei ezagutzera ematen, funtsean hori baita elkartearen xedea: zalea den orori ahotsa eta lanerako tresnak ematea.
EHAZE
Elkartea sortu eta Josu Camara lehendakari izendatu zutenetik ugariak izan dira erantzun beharreko galderak, bai komunikabideetan eta bai kalean ere. Camarak dioenez lehen hilabete hauetan sumatu du nola edo halako interesa. “Jendeak jakin nahi du euskaraz egiten den antzerkiaren egoera zein den. Orain arte nahiko ikusezina izan da, kultur arlo gisa agian pixka bat ahaztuta egon da. Beste kontu bat da gero jende horrek guztiak nola erantzuten duen euskal antzerkiaren agerpenak daudenean”.

Idoia Gereñu koordinazio lanetan dabil eta bere ustez sakoneko lana egiteke dago oraindik. “Joan den kurtsoko helburua bete genuen, elkartea publiko egitea eta martxan jartzea. Aurtengoa ume jaio berri baten lehenengo urtearekin pareka dezakegu, orain hazi egin behar du lehenengo pausoak ematera iritsi arte”. Teatroan bezala mugimendua ez da hutsetik sortzen, inprobisazioa beti egiten da zer edo zeren gainean, gorputzak euskal teatroak bizi duen egoeraren gainean gogoeta egitea eskatu dio EHAZEri.

Nola dago euskal teatroa?

EHAZEren hazia orain hiru urte erein zen, Hik Hasi topaketen testuinguruan teatroaren hainbat arlotako jendea bildu zenean. Camarak dioenez talde anitza zen hura: irakaskuntzako jendea, aktore profesionalak, amateurrak… “Bilera horretan denak zeuden kezkatuta, ezkor, arazoak ikusten zituztelako euskal antzerkian”. Problema larrienen artean zegoen, hain zuzen ere, guztien sakabanaketa. “Bakoitza bere mikro-unibertsotik saiatzen zen berea konpontzen, arazo orokorrari erantzun bateraturik eman gabe”. Bilera haren ostean pausoak ematen hasi ziren, kontaktuak eta sareak gauzatzen, aurtengo ekainera iritsi arte. Hasieratik argi izan dute zalearen inguruan egituratutako proiektua izan behar dela, Camararen esanetan euskal antzerkiaren alde zerbait egiteko gaitasuna edo gogoa daukan norberak neurtu beharrekoa da. “Zaleen elkartea izanda azpimarratu nahi da ez duela profesionalen elkartea izateko bokaziorik. Maila profesionalean normalean egiten diren harremanak nahiko komertzialak izaten direnez, ikusletik urrun egoten gara”. Elkartetik dinamika hori hautsi nahi dute: “Hemen daukagun programazio eskeman ikuslea agente pasiboa da, kontsumitzaile hutsa. EHAZEren bidez lortu nahiko genukeena da agente aktiboa izatea, berak ere gaitasuna izan dezala eskatzeko zer nahi duen”.

Zalearen kontzeptua gogoan hartuta saihestezina dirudi bertsogintzaren arrakastak izandako eragina aipatzea. Camararen esanetan hasieran oso presente zegoen, baina azkenaldian gutxiago. “Bertsolaritza oso bertokoa da, indar handiarekin piztu den kultur arloa. Haren inguruan zenbat jende, zenbat zale mugitzen den ikusteak bilakatzen du erreferentzia. Harreman oso ona dugu Bertsozale Elkartearekin, ziur aski badira haien esperientziatik har daitezkeen ideiak, baina guk ikusten dugu beste arazo bati aurre egiteko sortu garela: momentu honetan, adibidez, ez dago erdarazko bertsolaritzarik”.

Euskal Herrian inoiz baino kultur azpiegitura gehiago dagoen arren euskaraz hustuak daude neurri handi batean. Camarak dioenez aspalditik datorren kontua da: “Sentitzen dugun arazoa da, antzerkia, izatez, nahiko erdalduna dela. Iparraldean bizirik irauten duten fenomenoak kenduta, 1960ko hamarkadatik helduentzat sortu diren manifestazio gehienak erdaraz sortu dira. Gerora programazioak finkatu direnean, Iparraldean zein Hegoaldean, kanpotik zetozen ikuskizunekin eta bereziki gaztelaniaz edo frantsesez egindakoekin osatu dira. Euskarazko antzerkia programazioaren %18 omen da. Horren barruan umeentzako antzerkia dago, euskaraz egiten den guztiaren %80. Eta 80 hori ez doa gorantz; sortzen ari dira kasuak, umeentzat ere gaztelaniaz programatzea eskatzen dutenak”.

Euskal antzerkigintzaren diagnosia egitea da EHAZEren lehen asmoetako bat. “Datuak biltzen ari gara euskal antzerkia nola dagoen aztertzeko. Zenbat talde dauden euskaraz lanean, zenbat antzezlan dauden eskaintzeko moduan, zeintzuk diren amateurrak, profesionalak; zein helduentzat, zein haurrentzat… Zenbaitetan entzun izan dugu programatzeko borondatea badagoela baina ez programazio bat mantentzeko lan nahikorik. Ezjakintasuna da hori? Edo alferkeria, ez dutelako ahalegin handirik egin bilatzeko? Izan ere, lanak egon, badaude”.

Testugintza garatuz

Zaletasuna zabaltzeko xedearekin batera EHAZEk badu teatrogintzan dabilen jendeak sentitu izan dituen hutsuneak osatzeko proiektu ugari ere. Sortu diren lan taldeen artean dago dokumentazioaz arduratzen dena, euskarazko antzerkigintzak sortzen duen ondarea gizarteratzea baita helburu inportanteenetariko bat. Lan talde horretan dabil Pablo Barrio. “Arnas luzeko ekimena da, beste motako agenteekin elkarlanean egin beharrekoa, halako Dokumentazio Zentro batean gauzatu beharko litzatekeena”.

Ugariak dira xede horrekin aurreikusi diren lan esparruak: euskarazko antzerkiaren historia eta hari buruzko ikerketak jaso; dagoeneko sortuak diren testuak bildu eta testu berrien sorkuntza bultzatu; saiakerak eta ikerketa teorikoak, material pedagogikoak, gida praktikoak eta abar jaso; arlo teknikoei edo taularatzeari loturiko lanak –dramaturgia, eszenografia…– lortu; ikus-entzunezko artxiboak bildu. Barriok azaldu duenez, haien artean premiazkoena testu falta asetzea da: “Talde batek zerbait prestatu nahi badu lehenengo kezka testua da. Apenas argitaratzen da ezer, gero eta gutxiago esango nuke, gainera. Bestalde, bada testu asko hor nonbait: idatzi, lehiaketa batera aurkeztu eta tiraderan gordeta geratzen direnak, edota talderen batek antzeztu eta gero ahanzturan galtzen direnak, adibidez. Horiek bildu, orraztu, sailkatu eta guztion esku jartzea da geure buruari ezarri diogun lehenengo lana”. Webgunea jarriko dute martxan testuekin, haien ezaugarriak laburtuko dituen fitxa banarekin. “Auzolanean egin beharreko lana da, neurri handi batean”.
 
Testugintzaren inguruan sortzen diren sentipenak egoera orokorraren adierazgarri ere izan litezke. Barriok luze gogoetatu du gaia: “Arazo asko ditu euskarazko antzerkigintzak eta horien artean testuena ez da txikienetakoa. Egia da testua prozesu bateko osagarri baino ez dela, askotan ez inportanteena gainera, eta, zentzu horretan, ez da gehiegi dramatizatu behar; baina aldi berean egia da testugintzarik gabe ez dagoela euskarazko antzerkigintza osasuntsua lortzerik”. Teatro testuen arazoa literaturaren edo are kulturaren testuinguruan uler liteke. “Esan izan da antzerkia, literatur genero moduan, desagertzeko bidean dagoela. Gure kasuan, norberaren gustua ez bada arrazoi gutxi dago antzerki testurik sortzeko, eta arrazoi ekonomikorik bat ere ez. Gauzak horrela, kalitatezko zerbait sortuko da noiz edo noiz, baina antzerkigintza sanoa nahi badugu, kalitatea kantitatetik sortu beharko da. Ez du ematen, ordea, arazo hori inori inporta zaionik, ezta antzerki munduko jendeari ere, zoritxarrez”.

Barrioren ustez EHAZE teatroaren arlo ezberdinetan lanean dabilen jendearentzat elkargune izan daitekeen heinean, testugileen eta taldeen arteko elkar ezagutza bidera lezake. “Antzerkizale Elkartearen benetako erronka eta ekarpena da antzerkiaren inguruan mugitzen diren sektore guztiak biltzea. Benetan asmatzen badugu EHAZEri bizia ematen elkartea bera bilgune bilakatuko da, modu naturalean, elkarren arteko ezagutzak irekiko ditu ateak, urrun zeudenak hurbilduko ditu”.
Teatroa mugimendua da…
…eta horregatik saiatu da etengabeko mugimenduan egoten EHAZE. Ekaineko sorrera datari lotu zitzaion Bilboko Kafe Antzokian egindako jaialdia eta uztailean Hik Hasiren testuinguruan egindako Esperientzixak ekimena, zeinean antzerki piezak ikusteaz gain Antton Luku, Jose Angel Irigaray, Joserra Fachado eta Eugenio Arozenaren bizipenak entzun ahal izan ziren Ander Lipusek gidaturik. Irailean EHAZEk esperimentazioa eta ikuskizunak uztartzen dituen Usurbilgo Topa Eszenikan parte hartu du. Azaroaren 27an Azpeitian egingo den Antzerkizale eguna prestatzen dabiltza egun buru belarri. Bertara jai giroan gonbidatuko dituzte zaleak, goizean herriko kaleak hartuko dituzte antzezlanetako pertsonaiekin, elkarrekin bazkaldu ostean Antzerkizale Saria banatuko dute. Idoia Gereñuk ekimen eta proiektu guztien oinarrian dagoena ekarri du gogora: “Teorizatu eta gogoetak egiteko une eta txokoak lanean ari diren bitartean antzerkiaren distira ikusle, ikasle, entzule nahiz egile direnekin batera elkarbanatu nahi da. Antzerkia herritarren artera gure hizkuntzaren bidez zabaldu eta honek dakartzan sentipen, ikaspen, emozio nahiz jarrerak jendarteak ezagutu ditzan bultzatu nahi du. Eta horretarako, bizirik gaudela agerian jarriko duten ekimen hauek behar ditugu”.

Azkenak
Lur arraroak nahi ditu orain Trumpek, baina ba al dago halakorik Ukrainan?

AEBek Ukrainako gerraren aurrean egindako jarrera aldaketaren barruan, “lur arraroak” deiturikoak negoziaziorako gai nagusi bilakatu dira Volodymyr Zelenskyren eta Donald Trumpen artean. Lehenak nahi du AEBek bere segurtasuna bermatu dezatela Errusiaren aurrean,... [+]


Israelek larunbatean aske utzi behar zituen 642 preso palestinarrak askatu ditu

Asteburua baino lehen lau gatiburen gorpuak itzuliko ditu Hamasek. Horrela, Gazarako su-etenaren lehen faserako adostutako preso truke guztiak gauzatuko dituzte Israelek eta talde palestinarrak.


Betharrametik Uztaritzera, ikastetxe katolikoetako indarkeriak argiratzeko lekukotasunak

Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe katolikoko indarkeria eta bortxaketa kasuen salaketek beste ikastetxe katoliko batzuen gainean jarri du fokua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan pairaturiko indarkeria kasuak azaleratu dira... [+]


Zupiriak ukatu egin du ertzainek “indarra modu desegokian” erabili zutenik Ágredoren aurka

31 urteko emakume kolonbiarra osasun zentrora eraman ordez ertzain etxera eramatean agenteek "akatsa" egin zutela aitortu du Segurtasun sailburuak, baina azpimarratu du ez zuela "jipoirik" jaso.


2025-02-27 | Gedar
Presoak gerrara bidaltzen jarraitzen du Ukrainako Gobernuak

Jarritako kondenak barkatzearen truke, armadara batu da preso andana. Azken urtean, errekrutatze-legeak gogortu ditu gobernuak.


Arma nuklearren industria finantzatzen jarraitzen dute banku espainiarrek

Arma nuklearren produkzioarekin, mantentze lanekin eta modernizazioarekin loturak dituzten hainbat enpresa aztertu dituzte, eta horien artean agertzen dira BBVA, Santander bankua eta SEPI. 


Bioaniztasunarentzako finantzamenduak kudeatzeko egitura bat espero dute Hego hemisferioko estatuek

Iazko urriko bileran lortu ez zuten akordioa erdiestea espero dute COP16ko parte-hartzaileek, eta ostegun honetan dute gailurraren azken eguna. 2030. urtea bitartean, bioaniztasunaren alde 200.000 milioi dolar bideratzeko engaiamendua hartu zuten 2022ko COP15 gailurrean, eta... [+]


Hezkuntzan katalanaren biziraupena kolokan jar dezakeen galdetegia abian jarri dute Valentzian

570.000 familiak euren haurren ikasgeletako hizkuntza nagusia zein izango den bozkatzeko aukera dute martxoaren 4ra arte: gaztelera edo katalana. Garikoitz Knörr filologoaren eta euskara irakaslearen arabera, kontsultak "ezbaian" jartzen du katalanaren... [+]


Bergarako Txapa irrati libreak 40 urte bete ditu

Martxoaren 29an ospatuko dute irratiaren 40. urteurrena, musika, literatura eta tailerrak bilduko dituen Txapa Egunarekin.


2025-02-26 | Euskal Irratiak
“Gazteon herria” sortzeko bost proposamen plazaratu ditu Xuti Gaztek

"Ipar Euskal Herria gaztez odolusten ari da". Sail berriak sortu goi-mailako ikasketetan, etxebizitza sozialak egin gazteentzat edo aisialdia euskaraz bermatu… Hamabost proposamen konkretu egin ditu Xuti Gazte ezker abertzaleko gazte antolakundeak.


Plentziako Uribe Kosta BHIko ikasle-talde batek mezu “iraingarriak, matxistak eta homofoboak” zabaldu dituela salatu dute

Uribe Kosta BHI institutuko hainbat ikaslek salatu duenez, mezu "iraingarriak, matxistak eta homofoboak" jaso dituzte Batxilergoko beste ikaskide batzuengandik. Horrez gain, gaineratu dute mezuak irakasle bati ere bidali dizkiotela eta beste ikasle batzuen... [+]


Urruñako emakumeak, matxino eta biktima

Urruña, 1750eko martxoaren 1a. Herriko hainbat emakumek kaleak hartu zituzten Frantziako Gobernuak ezarritako tabakoaren gaineko zergaren aurka protesta egiteko. Gobernuak matxinada itzaltzeko armada bidaltzea erabaki zuen, zehazki, Arloneko destakamentu bat. Militarrek... [+]


Irakasleen mezua familiei: “Grebaren arrazoiak ez dira ekonomikoak bakarrik”

Aiaraldeko hainbat irakaslek mezua igorri diete ikasleen guraso eta familiei, dagoen informazio zurrunbiloan, grebarako arrazoiak modu pertsonalean azaltzeak euren borroka eta lanuztea hobeto ulertzeko balioko dielakoan.


Fernando Valladares:
“Oparotasuna zer den birdefinituta, ulertuko dugu zer dugun irabazteko”

Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]


Historia militarraren kontra, eta alde

Ezpatak, labanak, kaskoak, fusilak, pistolak, kanoiak, munizioak, lehergailuak, uniformeak, armadurak, ezkutuak, babesak, zaldunak, hegazkinak eta tankeak. Han eta hemen, bada jende klase bat historia militarrarekin liluratuta dagoena. Gehien-gehienak, historia-zaleak izaten... [+]


Eguneraketa berriak daude