argia.eus
INPRIMATU
Asteko izenak
2010ko urriaren 05

Lucia Lacarra dantzari zumaiarra Hamarkadako dantzari izendatu zuten Moskun irailaren 26an. Kremlin jauregian egindako ekitaldian, 6.000 lagunen aurrean egin zuten izendapena, XXI. Mendeko Izarren Galan bi koreografia dantzatu ostean, Presoa eta Thais. Ekitaldiko zuzendari artistikoa Nadia Veselova-Tencer izan zen. Egun, Municheko Operako Baleteko dantzari nagusia da Lacarra eta mundu osoko antzokirik dotoreenetan dantza egina da.

 

Joxean Agirre idazlearen Zwei frauen proiektuak jaso du Augustin Zubikarai beka. Epaimahaiak azaldu duenez, egitasmoak duen “interes eta balio intelektualagatik” eman diote saria. Ondo bidean, datorren urtean kaleratuko du Zwei frauen eleberria. Duela bi urte argitaratu zen bere azken lana: La lutte finale.

 
 

Bide Ertzea taldeak Don Inorrez (Gaztelupeko Hotsak) diskoa plazaratu du. Zazpigarren diskoa dute tolosarrek. Azken honetan, berrikuntza bat dakarte, Euskadiko Orkestrako hari zortzikoteak hartu baitu parte grabaketan. Aurkezpen kontzertuak abenduan egingo dituzte: abenduaren 7an Durangoko Plateruenan, 10ean Bermeoko Kafe Antzokian eta 17an Donostiako Victoria Eugenian.

 

Javier Usabiaga pintoreak Biziaren gainean, paperaren gainean erakusketa paratu du Donostiako Koldo Mitxelenako Ganbaran. Hirurogei lanez osatuta dago, akuarelaz, olio-pastelaz, argizariz eta klarionaz eginak. Tamaina txikiagoko 151 lanez osatutako DVD bat ere aurki daiteke. Azaroaren 13ra arte izango da ikusgai.

 
 

Hortzmuga taldeak La espera obra estreinatuko du hilaren 6an Bilboko BBK aretoan. Josu Monterok idatzi eta Raul Cancelok zuzendutako antzezlaneko protagonistak espetxetik ateratzear den emakumea eta hilzorian dagoen musikaria dira. Arantza Goikoetxea, Joseba Apaolaza eta Gurutze Beitia dira aktoreak.