Aurtengo Zabaltegik batasun hori lortu du orokorrean: Publikoaren Saria jasotzeko hautagai izan diren hamabi filmetatik bederatziri 7 notatik gora eman diete ikusleek. Aldi berean, film horiek goraipatu egin ditu kritikak, oro har. 8,879 notarekin, Barney’s Version izan da publikoaren garailea. Poetry fina, Tuan Yuan bitxia, Carancho basatia aurretik jarriko nituzke nik, baina Barney’s Version ere gustatu zait: Barney Panofsky bizizale eta alkoholikoaren gorabeherak kontatzen dizkigu komedia dramatikoak, eta aktoreen lana bikaina da, batez ere Paul Giamatti protagonista handiarena.
Bestalde, aipatzekoa da dokumentalek aurten izan duten protagonismoa. Eskertzekoa, ondo landutako obra ederrak ikusi baitugu, errealitatea hizpide: hala nola, Guest bidaiaria, Bin Ladenen bizkartzain ohia protagonista duen The Oath, eta Saturrarango kartzelari buruzko Debekatuta dago oroitzea mingotsa.