argia.eus
INPRIMATU
Desgraciada España
Josemari Velez De Mendizabal 2021eko ekainaren 30a
Horrela idatzi zuen Jose de Artetxek bere El abrazo de los muertos liburuan, gerra madarikatu hura alde batean zein bestean uzten ari zen galera izugarria zela-eta. Eta oihu lazgarriak bere intentsitate osoan harrapatzen gaitu uneoro, gerra zibilaren garroak oraindik ere bizi-bizirik daudela gogorarazten digularik. Ala inork uste al du, desgrazia hark ezer konpondu zuenik?

Higuina diet, estatuaren substratutik eraikitako nazionalismoei. Besteoi, hau da, nazkagarri horiei aurre egiteko sortutakoei sinpatia eduki niezaieke (diet, kasu askotan). Kontra-erreakzio guztiz logikoan jaio dira, nazionalismo zanpatzailearen aurkako erantzun gisa. Baina ez naiz ezelako tranpan eroriko, ez horixe, jakin baitakit bigarrenetan ere deitoragarrietakoak ditugula, eta hitzen dialektikatik urrun dabiltzanak, estatukoak bezain nazionalismo baztertzaileko aktibistak dira.

Identitatea borondatezko mugaketa den bezalatsu, aberria ere ezin zaio inori indarrez ezarri. Nork berea jasotzen du bere baitan eta elkarren arteko kidetasunak –afinitateak– mugiarazten ditu batzuk eta besteak helburu konkretutarako ahaleginean. Nongo zuztarrak izango ditu hogei urte barruko EAEko lehendakariak? Lehendakaritzarako bere burua aurkezten duenean, pertenentzia suposatuko zaio, ziurrenik. Baina batek daki!  Izan beharko al ditu, aitzitik, zortzi euskal abizenak? Hartuko al du euskara euskal ikurtzat? Kristau postulatuetan hezia izango al dugu? Zein nolako aberriaz mintzatuko da, beraz, lehendakari hori?

Urkullu eta Lopezen identitateak ez dira berdinak. Biek bat egin dezakete pertenentziaren kontzeptuarekin, baina ez naiz ausartuko esatera –ez dagokidalako, hori bakoitzaren hautua baita– nork duen bizkaitar identitate sendoena. Eta zuhur jokatu dut, ez baitut euskal identitate idatzi, bizkaitarra baizik. Baina identitatea, derrigorrez erlazionatu behar dugu estatuarekin? Inondik ere ez! Murtziako hiritar bat eta aramaioar bat hurbilago egon daitezke identitate amankomunetik, Aramaion bizi diren bi lagun baino. Pertenentziaren kasuan, Aramaio eta Murtziakoa, bakoitza bere alderago lerratuko zen arren... gerta liteke identitate-sentimendu berdinek apaintzea haien espiritua. Aramaioko kaletarrak, aldiz, pertenentzia hurbil batean bizi litezke... identitateaz zeharo diferente izan arren. Beraz?

Aberria sentimenduz beterik daukat. Nire haurtzaroa da, lehen abestiak, lehen paisaiak... Nire gaztaroa ere, bere ilusio eta etsipenekin; eta heldu aroko atzera begirada malenkoniatsuak. Horiek denek eta gehiagok osatzen dute nire aberri pertsonala, lagun, senitarte, etsai eta bizipenetako lekuko hurbil guztiekin. Aberria hatz puntetan antzematen dut; nire oroimenean dago, usaimenean eta bihotzean ere bai. Baina ezin dut ukitu, ez dakit nola azaldu bere itxura. Nire aberria hizkuntza desberdinetan zizelkatu da, jatorri desberdinetako giza norbanakoek inguratuta. Eta aldatzen doa uneoro, bere mugak etengabe mugituz.

Politikarekin zer ikusi gutxi duen aberri pertsonalari egokitu natzaio aurreko hitzekin, noski. Izan ere, aberriaren gaineko kontzeptuak dituen arazoak zentzua politikari aplikatzen zaionean azaltzen dira. Eta hortxe hasten zaizkigu aieneak, ezin ulertuak, gorrotoak, pasioak... Politika aurreko nire aberri pertsonala inori bat ere inportako ez zaion bitartean... sutzarrera bota nazakete hari eitea ematen hasten banaiz. ¡Desgraciada España!