Unetxoak

  • Ez duzu ohikoa, irakurle, esku arteko Ihesi hau. Beti bezala, Euskal Herriko eskualde bat ezagutzeko aztarnak emango dizkizugu, bai, baina oraingoan narrazio baten barruan aurkituko dituzu aztarna horiek. Patxi Zubizarretaren lumak ondu dizu ardo zaporea duen ipuin hau. Ongi etorri Errioxara.
Bastida (Araba)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Joan zitezkeen Iruña-Veleiara Historian atzera egitera, joan zitezkeen Añanako paisaia estrainioa deskubritzera, edota, gatzagetan barrena, Valderejoko parke naturalera, baina Bidaiariak, Iruña Okan eraikitzen ari diren makro-kartzela saihestearren, errepide nagusia bazter utzi, eta Urizaharreraino eraman zuen adiskidea, Trebiñun gaindi. Ez zekien zein zen Toloño mendirako bidea; soil-soilik zekien, handik jaitsitakoan, Bastidan beste adiskide bat izango zutela zain, eta gero batera jarraituko zutela.

Autoan Trebiñuko auzi herdoildua eta udako sutea aipatu bazituzten ere, oinez zihoazela Bidaiariak Manu Leguinecheren El club de los faltos de cariño liburua goraipatu zuen. “Haren ustez, ez kexatzeak eta jendeaz gaizki esaka ez aritzeak gaztetu egiten du”. Adiskideak gaineratu zuen orduan ulertzen zuela zergatik topatu zuen Bidaiaria horren gazteturik eta ea axola zion liburua uzteak. “Mesanotxeko liburua dut, baina lagunei buruz ongi hitz egiteak ez dakar haiekin fidatzea…”.

Hego haizea zebilen, gozo, eta mendizaleak oharkabean zihoazen gorantz. Bide seinaleak bazeuden, egon, baina haiek senari jarraitzen zioten, hegorantz, noiz edo noiz igarotzen ziren hegaztien gisara. Luze gabe, Toloño gailurraren alboan, XIV. mendean eraikitako santutegian nahiz elurtegian ibili ziren ikusmiran. Ipar aldera, harizti eta pagadien urre kolorea miretsi zuten eta, hego aldera, ostera, Ebro ibaiak zeharkatzen zuen tapiz ardo kolorea.

“Behin, mahai-inguru batean, Zumeta, Ameztoi eta Goenaga pintoreak elkartu zituzten; hizketan hasirik, zezelka eta estropezuka ekin zioten hirurek ere, eta onartu zutelarik ezin zutela beren pintura azaldu, hitz koloregabeak zirela haienak, bertan behera utzi zuten ekitaldia”. Adiskidea jabetu zen, zeharka, Bidaiaria isiltasun eske ari zitzaiola, baina mihia txuloan ezin atxikirik, laster aitortu zion damu zuela parapentean hegaldatzen ez jakitea, hegaztiago ez izatea, alegia. Bidaiariak, postal zabal hartan, Lantziegoko eliz dorrea seinalatu zion, eta sakelako telefonoan bila ibili zen segidan. “Ez zara bakarra”, hasi zitzaion, eta bilatzen zuen argazkia topaturik, “hona hango eliz dorreko oroitarria: El día 10 de febrero de 1881 al tocar a la Santa Misión fue lanzado a la calle por la campana Jerónimo Ugarte de 11 años de edad, y no recibió lesión alguna”. Eta, hala ere, Adiskideak bere baitan gorde zuen Bidaiariak ahoberokeriatzat hartuko lukeen gertakaria: haur denboran, laugarren solairutik jausi zen eskailera zulotik, “y no recibió lesión alguna”; harrezkero erasaten dion bertigo ikaragarria aipatu gabe, Entre copas filma goraipatu zuen berak. “Kaliforniako mahastietan, bi adiskide, bat ezkontza bezperan… Badut DVD bat, baina lagunei buruz ongi hitz egiteak ez dakar haiekin fidatzea…”.

San Gines parkera heltzean, Bastidarrak imintzioka hartu zituen. “Gazteturik ikusten zaituztet!”. Adiskidea Bidaiariari aurreratu zitzaion: “Badakizu, jendeaz ongi mintzatzeak eta ez kexatzeak hori du on”. Eta ardoak dohain hori areagotuko zielakoan, Erremelluriko upategietara jo zuten. Hala ere, Bastidarrak lehenago autoa pista bazterrean izkinatu, eta antzinako Erremelluri herrixkako nekropolia erakutsi zien, eta muztioa lortzeko dolare errupestre bat.

Upategietan, Bidaiariak kontu gutxi egin zion hastapeneko bideoari; gerokoak pizten zion jakin-goserik handiena. Alabaina, harriduraz jabetu zen ardoaren prozesu geldo eta lantsuaz; harritu egin zen jakitean, hango upeltzarrak zaintzeko, Bordeleko eta Asturiasko upelgileak ekartzen dituztela: “Baina haien ondorengoek jadanik ez dute lanbide horrekiko atxikimendurik, eta hamar bat urteren buruan guk geuk ere altzairuzko upelak erabili beharko ditugu…”. Eta haren harridurak goia jo zuen Ardoaren Hilerritzat zuten soto ilunera heldu zirelarik: “Hemen gordetzen ditugu urtabe edo uzta bakoitzeko botila bakan batzuk, nola zahartzen diren ikusteko”. Adiskideak, trufaka, ahoz gora esan zuen bera han geratuko zela, eta ahopean: “Gidari xarmant honekin, noski”.

Bisitaldiaren amaierako dastaketan, Bidaiaria ez zen ausartu esatera gero eta gehiago gustatzen zitzaiola zuria, edo urteko ardo ona besterik gabe, zeren Erremellurin ez urtekorik ez ondurik, erreserba eta erreserba handiko ardoak baino ez baitira egiten. Gainera, berak lehenbailehen joan nahi zuen hara: kapera irrikatura. Oinez zihoazela, Bidaiariak eraikin baten atariko euskarazko idazkunari erreparatu zion: “Edozein txoriri eder bere habia”. Bidaiariak bazekien baselizan sainduei buruzko sei artelan topatuko zituela, eta paradisuari buruzko imajina apokrifo bat, berak bestorduz Donostiako KMn ikusiak hain zuzen ere, baina haiek berezko kokalekuan ikusteak hunkitu egin zuen. Aldarean, hantxe zegoen San Bizente –Bizente Ameztoi pintorearen aurpegi irritsu berarekin–, alboetan San Gines, Santa Sabina… –senitarteko edo ezagunen aurpegiekin denak ere–, eta hantxe paradisua: tximino gorbataduna, sugea, Adan eta Eba; imajina horixe koadroan handiturik ageri zen, eskuin aldeko telebista gisako batean, eta aparailuaren Kixmitron markak irri firfira eragin zien, eta erlojuak 06:59 markatzen bazuen ere, gidariak adierazi zien ez zela ordua, baizik eta gure lehen arbasoei paradisuaz gozatzeko geratzen zitzaien denbora. “Antza, Adan eta Eba zazpi orduz baino ez ziren egon paradisuan”.

Kaperatik irten aurretxoan, Bidaiariak ozen irakurri zuen atearen gainaldeko idazkuna: “Salmoak eta ardoak gizonaren bihotza zabaltzen dute”, eta denak bat etorri zirenez, beste kopa bat hartzera itzuli ziren. Harantzean, Bidaiaria Atxagari irakurritako esaeraz oroitu zen: “Egun eguzkitsuetan ingurumari honek italiarra dirudi, eta euskalduna, aitzitik, euritsuetan”, edota Bizkaiko Arratzutik Guadalajarako Brihuegara bizitzera joan zen Leguinecherenaz: “Horixe bilatzen nuen zirimiritik garira jaitsi nintzenean”. Baina, batik bat, haren liburuko beste esaldi bat zuen gogoan: “La vida son raticos”. Zinez, halako lagunartean, halako artelan ederrekin mundualdia piztu egiten baitzen, unetxo batez ahantzi egiten baitziren bestelako nahigabe eta zorigaitzak.

Autoan sartzea eta kantuan hastea bat izan zen. Han venido (bis), Bilbotik andra bi; han bebido (bis), azunbre bat t´erdi; buena ración es esa andra bientzako; buena pareja es esa txerri kortarako. Alabaina, Bidaiaria paisaiaren okreak hunkitua zihoan, eta adierazgarria iruditu zitzaion Errioxa zein gutxi islatu den gurean –Luisa Etxenikeren Vino, Julio Medemen Tierra, eta horiek gaztelaniaz–; eta berritu egin zitzaion bere betiko irudipena, alegia, urrunera joan gabe ere, bidaiatzean denborak beste neurri bat hartzen duela, esperientziak eta sentipenak ugaldu egiten direla.

Bazkaldu aurretik, ‘Historian atzera egin zuten berriro ere, 3.400 urte inguru izan arren, orain dela 75 urte deskubritu zuten Guardia alboko La Hoya hirixkan. Behinolako etxe baten berreraikuntzak nahiz orduko lanabes, arma eta edergailuak ikusgarriak iruditu zitzaizkien, baina batik bat Alberto gidari gasteiztarraren jardun sutsuak xarmatu zituen. Erasoaldi batean hildako gizonaren eskeletoa –bururik ez eta gezi bat bularraldean– ikusi zuten, edota jakin zuten gerlari garaituei burua moztu, eta hura apaingarritzat erabiltzeko usadioa zutela lantza, zaldi edo etxe atarietan, eta gerlariak erraustu egiten bazituzten ere, haurrak etxean bertan ehorzten zituztela. Eta Bidaiariari berritu egin zitzaion, halaber, bere baitan udazkena eta heriotza uztartzen dituen sentipen asaldagarria.

Bazkaltzeko Judit de Valdelana ardo ondua hautatu zuten: “Osasuna ardoa bitarte. Ardoa da: hodi zabaltzailea, lasaigarria, diuretikoa, koipe absortzioaren laguntzailea, kolesterol onaren estimulagarria. Hainbat gaixotasun galarazten edo uxatzen laguntzen du: alzheimerra, minbizia, infartuak, patologia kardiobaskularra, begi gaixotasunak, hipertentsioa”. Kopak kopari, une batez Bastidarrak kargu hartu zion Adiskideari, zerbitzariari sobera hurbiltzen ari zitzaiolakoan, baina honek, orduan: “Ez kezkatu, aspaldi honetan hainbeste zahartu naiz, zalantza baitut ez ote naizen eme bihurtu”.

Bazkari oparoa izan zen, eta argi geratu zen ardoak, etiketako onurez gainera, bazuela bihotza zabaltzeko dohaina. Baina ustekabekoa ere suertatu zen, zeren, Bidaiaria txokolate beltza olio eta gatzarekin dastatzen ari zen bitartean, Adiskidea, komunetik etorri zen batean, honela mintzatu baitzitzaien: “Sentitzen dut, baina bidaia elkarrekin amaitu beharko duzue. Zerbitzariarekin hitzordua dut.
Guardia alboko hezeguneak erakutsi behar omen dizkit, eta Hechicera trikuharria…”. Bidaiaria irriz karkailaka hasi zen, berak ere ikusia zuen Entre copas filma, eta barrea denengana zabaldu zen. Beste botila bat eskatu zuen, zuria oraingoan. Aspaldian, bazkalostean ez zuen kopakorik hartzen, eta ardoarekin jarraiturik, apenas izaten zuen biharamunik. “Biba zu!”, esan zion Adiskideari, eta topa egin zuten beraien alde. “Kariñoa bilatzen dutenen alde, klub bat egin dezagun!”, gaineratu zuen Adiskideak. Bidaiariak, gero eta hiztunago, unetxoen teoria ekarri zuen hizpidera, baina eztabaida piztu zitzaien, mundualdian unetxo horiek, guztira, zazpi ordu osatzera iristen ote diren…

Azkenak
Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Albiste izan da Gasteizko Errota auzoa azken asteetan, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak burutzen baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”

Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]


2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Birigarroak zirinetan heriotza

Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.


2024-11-25 | Garazi Zabaleta
Gaztaina feria basaburuan
Gaztainadiak eta gaztainaren kultura protagonista

Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


Eguneraketa berriak daude