argia.eus
INPRIMATU
Zinemaldia 2010-Zabaltegi
Sentimenduekin jolasean
  • Sail Ofiziala baino hobeto doa oraingoz Zabaltegi, beti bezain anitz. Zinemaren xedea ikuslea hunkitzea omen da, emozioak sortzea, eta sentimenduekin jolastea behintzat, onerako edo txarrerako, lortu dute atal honetako pelikulek: Poetry eta Bal filmek, modu fin eta eztian, zirrara eragin ziguten; Buried agonikoak ordu eta erdiz tentsioan mantentzea lortu zuen; Happythankyoumoreplease komedia urbanita eta politikoki zuzenak irribarrea atera zigun; sexuaren espresiobide ugariekin jokatzen duen Nothing's all bad danimarkarrak aho bete hortz utzi gintuen; eta aspertzeko astia ere izan dugu, Marieke, Marieke drama astunarekin.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2010ko irailaren 22a
zinemaldia

Bereziki aipatzekoa, Zabaltegin parte hartzen duen euskal ekoizpen bakarra: Izarren argia. Gerra Zibilean, Saturrarango emakumeentzako kartzelan jazotako krudelkeriak ditu ardatz. Gure historiaren pasarte lazgarria da, gogorra, modu apalean eta txukun kontatua. Trama osagarriek bizitasuna eta erritmoa ematen diote istorio nagusiari, mojen aginduetara sufrimendu ugari pairatu zituzten presoetan zentratua. Lehen film luzea duen honekin, zuzendari berrien saria eraman dezake Mikel Rueda bilbotarrak. Etorkizunean gertutik jarraitu beharreko zinemagilea, dudarik gabe.