argia.eus
INPRIMATU
Ukigailu artifizial ultrasentikorra
  • Ukimena da giza zentzuetan, ordain artifiziala lortzeko zailena. Baina berriki, arlo horretan egindako aurrerapenen berri eman dute AEBetako bi ekipok, Nature aldizkarian.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 07a
robota
LN, The RobotCub Consortium
Gizakiak eskuan arrautza bat hartu dezake puskatu gabe, eta tximeleta bat gure larruazalean pausatzen bada hori sentitzeko gai gara. Gure larruazalari esker egin eta sentitu ditzakegu halako gauzak, eta robot edo bestelako gailuetan oso zaila da hori birsortzea.

Arestian aipatu bezala, bi zientzialari lantalde estatubatuarrek aurrerapen garrantzitsuak egin dituzte ukipen artifizialaren alorrean, 0,5 eta 20 kilo-pascal arteko presioa behar dituzten ekintzak detektatzea lortu baitute. Presio tarte hori guk arkatz bat mahai gainetik hartzeko atzamarrekin egin behar dugunaren antzekoa da.

Taldeetako batek sei zentimetro koadroko polimerozko gailua eratu du, eta besteak erdi-eroalez osatutako zazpi zentimetro koadroko gailua. Saiakera hauek epe luzera medikuntzan aplikazio ugari izan dezakete, batez ere protesien alorrean.