Munduko gastu militarra, Argiak duela hilabete batzuk aurreratu bezala, %5,9 handitu zen 2009 urtean, eta aurrekaririk ez duen bilioi bat dolar baino gehiagoko (1.531.000 milioi) zifrara iritsi da, horrek esan nahi du egunean 4.191 milioi gastatzen direla arlo militarrean. Frantziako Estatuak 47.050 milioi euro gastatu zituen eta Espainiakoak 18.926 milioi; beraz, egunean 120 eta 50 milioi euro gastatu zituzten hurrenez hurren. Justizia, berdintasuna eta elkartasuna bezalako balore demokratikoak merkatuen lege soilekin ordezkatu dituen finantza ereduaren fruitu da jasaten ari garen krisia. Ondorioak bistan dira: ehunka milioi lagun gosez dira –70.000 baino gehiago hiltzen dira egunean–, eta bitartean, munduan egunero 4.000 milioi dolar inbertitzen dira gastu militarrean, eta aldi berean, langileen eta gizartearen kontrako neurriak gailentzen dira.
Defizita murrizteko paradisu fiskalak desagertu beharko lirateke, nazioarteko trafiko ilegala erregulatu, aberastasun handiei eta bankuei tasa handiagoa ezarri eta gastu militarretan murrizketa handia exigitu. Ezin da utzi garapenean, osasunean, hezkuntzan eta menpekotasunean inbertsioak murrizten, edota soldatak eta pentsioak izozten... Eta ezin da utzi banka eta aberatsak ukiezinak izaten, edota horrelako gastu militarrak egoten.