Kontrasteak. Brasilen aberats asko dago. Hego Amerikako lurraldearen erdia baino gehiago okupatzen duen estatu honetan industrializazio, produkzio eta kontsumo tasak altuak dira, eta moneta indartsua dute. Aldiz, Lularekin abian jarritako Fome zero programak ez du arrakasta handirik izan, eta oraindik ere lau brasildarretik batek –ia 40 milioi pertsonak– gosea pasatzen du egunero. Pobreak izan dira petisten (PT) gobernuen politikan etengabeko erreferentzia eta administrazioaren aurrekontuak birbanaketa ekonomikorako erabiliak izan dira. Dena den txiroentzako programak eta poltsak mugatuak dira eta zerikusi gehiago izan dezakete karitatearekin justizia sozialarekin baino.
Erlijioa. Mendebaldeko okupatzaile eta kolonizatzaileen arrastoak elizetan islatzen dira. Amazoniara zein Atlantikoko irla paradisiako urrunetara joanik, herrixketan tenplu kristauak dira eraikin handien eta zentralenak. Egia bada ere Askapenaren Teologia, marxismoaren eta kristautasunaren ezkontza ideologikoa, Brasileko herri mugimenduetan presentea dela oso, nire gusturako erlijioak herriaren opioa jarraitzen du izaten. Gainera Eliza, Evaren jatorrizko pekatutik hona, patriarkatuaren oinarri sendoa da. Seguru asko hurrengo presidentea emakumea izango da (Dilma Rouseff; PTkoa) 2011ko urtarriletik aurrera, eta horrek eragin positiboa izan dezake emakumeen berdintasun eta askapenerako. Baina azken bi legealdietan argi geratu denez, Estatuko Gobernua duenak ez ditu aldaketa sozialerako karta guztiak eskuetan. Gobernuaz gain, gizarteak behar du aldaketaren gidaria izan.