argia.eus
INPRIMATU
Begi zimurtuetatik
Miren Artetxe Sarasola 2010ko irailaren 21a
Miren Artetxe
Miren ArtetxeBertsolarien Elkartea

I
Urteak bete, joan,
pasa edo egin,
kontuak kontu batzuk
badauzkat nerekin;
nahiz ohitu naizen zuen
betaurrekoekin,
gaur begiratzeari
nahi nioke ekin
nahiz ohitu naizen zuen
betaurrekoekin

oraingo munduari
nere begiekin.
II
Egun bat, tik-tak, tik-tak,
bi erloju bira;
jendea denborari
segika bizi da,
segunduen mendean,
orduei begira
ta nahiz bizitza neurtu
orratzen neurrira
segunduen mendean,
orduei begira

egunak lehen bezain motz
ta luzeak dira.
III
Ondokoak ikusten
ditut gehiegitan
galbahea jarrita
besteen begitan.
Guk ere gaur bezala,
handitan, txikitan,
ez genekien zer nahi
genuen egitan.
Guk ere gaur bezala,
handitan, txikitan…

Baina, ez ginen bizi
besteen inbiritan.
IV
Hain gaude denboraz motz
ta hain lanpetuta,
orduak eroslerik
onenei salduta,
alferrikako mila
ardura hartu, ta…
Mundua hala doa,
ez da gure kulpa.
Alferrikako mila
ardura hartu, ta…

Maiteen ditugunak
gutxien zainduta.
V
Ez dut aspaldi jaio
izanaren penik
argazki urratu bat
bihur nazakeenik.
Lehena orainaldi
izan zen lehenik,
nahiz baden zuri-beltzez
ikusten duenik.
Lehena orainaldi
izan zen lehenik,

ez pentsa koloreak
bart sortu zirenik.
VI
Laster gara gurpilak
ematean buelta
gu lurpean ta zuek
zimurrez beteta
bitartean mantendu
dezagun oreka
denok hartuz elkarri
entzuteko beta
bitartean mantendu
dezagun oreka

mundura ez da inor
zahar jaio eta.

Doinua: “Itsasoa laino dago”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.