argia.eus
INPRIMATU
Umorez, malenkoniaz, frustrazioz
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko maiatzaren 07a
“El Chino-n ikusi eta entzundakoak, mende batean jaio eta hil egiten den Bartzelonako auzoan”. Aurkezpen horrekin abiatzen da bi orduko bidaia En construcciónen, auzoko zirrikituetan barna. Eta bidaia horretan ezagutuko ditugu pelikularen benetako harribitxiak, auzokideak eta langileak, euren arteko harreman sare anitza, eta umorez, malenkoniaz, frustrazioz, gogoetaz betetako haien elkarrizketa zintzoak: Juana prostituta eta bere mutila, xenofobo eta arrazista kutsuko bikote behartsua, baina aldi berean ikuslearen atsegina eta kariñoa pizteko gai; igeltsero marokoar filosofo, poeta eta jakintsua; langile alkoholiko eta bakartia; bizilagunetako bat limurtu nahi duen behargina; printzeen pare bizi dela dioen marinel ohi txiroa… Deigarriena zera da, horiek guztiak asmatuak ez, benetako pertsonak direla, hiru urteko filmazioaren emaitza. Etxe eta bizilagun berriak ditu orain El Chinok, baina unibertso haren erretratua betiko gordea utzi du Guerínek, artifiziorik gabe, apal, geldo, bizitzaren irudi.

Guest (gonbidatua) terapia gisa hasi zuen zuzendariak, jaialdiz jaialdi mundutik egindako bidaien testigantza kamerarekin jasoaz. Bogotan, Txileko Santiagon, Habanan, Sao Paulon… ikusitako jende eta kultur aniztasunarekin, pelikula bat zegoela konturatu zen gero.