argia.eus
INPRIMATU
Ez du inporta
  • Buelta asko eman dizkiot artikulu honi. Batetik duela urte luze esan nituenetan atzera egin behar nuelako eta bestetik telebistarako egiten diren –ziren– fikzioez hitz egiteko zelako eta sobera dakit gure arloko barne katramilak geuk eta lauk besterik ez ditugula ulertzen edo ulertu nahi. Gainera, eta seguru asko arrazoiz osoz, gainontzekoei bost axola.
Eneko Olasagasti @enekoOlasagasti 2010ko irailaren 14a
Eneko Olasagasti
Ines Urrutia
Egurra etorri da eta gainera espero gabeko neurrian. Euskalgintzak eta kulturgintzak muturreko ederrak jaso ditu. Beti gara kate horretan lehenak baztertzeko. ETBren aurrekontutik 10 kilo kendu zituzten. 9 kilo kanpo ekoizpenei eta kilo 1 bi bikoizketei kendu dieote, kanpo produkzioak hauek ere. Galdera litzateke: eta zer ekoizten da barruan? Erantzuna aurkeztu berriko parrilan topatu ahal da. ETB informatibozatu egin da. Nonbait lehen oso gaizki informatuta ginenez orain programazioaren ehuneko oso-oso altu bat horri eskainiko zaio. Euskadi zuzenean saioa euskaraz eta erdaraz, astelehenetik ostiralera, 24 orduz egitea izango ote erronka. Beste bitxikerien artean: barruko programazio horretarako langile gehiago kontratatzen ari dira. Esango dute aurrekoek utzitakoak direla horiek, eskuak lotuta eta poltsikoz hustuta utzi omen dietela txiringoa. Aitzakia ederrak izan dituzte agintari berriek. Aurrekoek dena gaizki egina utzi eta gutxi balitz krisia. Eta ri-ra, ETBren egituran zegoen zerbait, ez baita alferrik ikus-entzunezko arloaren motorra, informazioa eta kirolak kenduta jokoa banatzea enpresen artean, gehienak txikiak, ri-ra esan dut, dena pikutara!

20 urtez, nik gogoratzen dudala, lehenengo aldiz Miramongo platoak itxita egon dira uda honetan. Inuxentea ni, zer egingo zuten langileekin, galdetzen nionean neure buruari. Lehengoan esan zidaten kirol erretransmisioetara ordezko kameralaria bidaltzen dutela. Partida harmailetatik ikustera. Ez dakit zer egingo zuten beste langileekin baina nik erraz imajinatu dezaket zer gertatu den gidoilari, aktore, zuzendari, kanpoko teknikariak, produkziokoak, jantzi arduradun eta langileekin, unibertso txiki oso bat, ahal den bezala bizi eta segi. Eta honetan ez bada hartan izan beharko du. Lanbide ahula da gurea eta katea katebegi ahulenetik hausten hasi da. Baina nahikoa da bat kateak orekari ez eusteko. Garai batean bideak hilotzez betetzen omen ziren. Gaur egun sotilago jokatzen da; lehenengo zirkulaziotik atera eta bigarrengo kanpoan utzi. Bihurtuko da bera bakarrik hilotz. Desagertu da fikzioa, Goenkale Gabonak arte salbu, ETB1 eta 2tik. Seguruenik ez du inporta.