argia.eus
INPRIMATU
Bolo bolo
  • Anjel Lertxundi osabatzat nahi nukeen maixu txit argiak eta Juan gure anaia txit analitikoak sarri ohartarazi arren, ezin diet neure neurei neurririk hartu. Bakoitza bere zoroak bizi omen du, eta nirea, antza, jolasena izan.
Joxerra Garzia 2010ko irailaren 14a
Joxerra Garzia
Europaren definizio moduko bat ere halaxe idatzi nuen behin, gaiaren sakoneko uretan murgiltzeko batere asmorik gabe, ur axalean plisti-plasta ari nintzelakoan. Europa: euroari pa, euroari emandako muxu. Baina, ikusiak ikusita, esan behar diet anaiari eta osabatzakoari, alasokrates, batzuetan ez dagoela hain garbi azalaren eta mamiaren arteko muga, azala mami gogortua baino ez dela, eta gogortu gabeko azal, berriz, mamia.

Europan gauza onik ere badela, ez dut nik ukatuko. Handik datorkeen guztia ona delako errotarria, aldiz, ez dit inortxok ere irentsaraziko, uste ustel hori gurean bolo-bolo dabilen/darabilten arren.

Bolo-bolo horrek gogarazi dit, irakurle, EHUn aurten estreinatzen dugun Bolonia Planari buruzko iritzia emateko asmoz ekin diodala zutabe honi. Ikusten duzunez, lekurik ezak zapuztu dit asmoa, eta ez dizut Boloniaz ezer esan.

Ez behintzat oraindik ez baduzu lerro artean irakurtzen ikasi.