I Afganistan, zaharrago direnentzat, lur oparo eta fina zen zeharo, gerra baino lehenago. Irailaren hamaikaro pentsatu ohi dut luzaro… Irailaren hamaikaro tristuraren menpe nago. |
II Bi hegazkin haien muga bi dorreen egitura zenez, joan zen zorura euren fama zen altura… Ahaztekoa ez den hura maiz bihurtzen da ahanztura. Ahaztekoa ez den hura ahaztezina bihurtu da! |
III Haur bat nintzen garai hartan baina egun gauden datan oroitzen dut zein eratan sartu ziren gure estratan. Yankeeak non, gu zelatan ihesean tarrapatan. Yankeeak non, gu zelatan euren beldur, babes faltan… |
IV M-16 fusilaren soinupean bizi garen makina bat afganoren patua nork daki zein den? Hainbat zibil hil ondoren ene zeinen lasai dauden! Hainbat zibil hil ondoren nork daki non den Bin Laden? |
V Hilketatik hilketara gertukoen hiletara doanaren begitara hura bere hileta da… Infernurik bada, jada alde egin nahi dut bertara! Infernurik bada, jada ezagutzen ari gara. |
VI Bizi izan ditudanak esplikatzen dauzka lanak, bai apaizak, bai imanak, bai Bibliak, bai Koranak. Marineak, musulmanak, zer egingo du Obamak? Marineak, musulmanak, nortzuk dira talibanak? |
VII Errusiak hondamena hasi zuen, jarraipena talibanek eta azkena da Estatu Batuena… Etsaiaren etsai dena ez da izan salbamena. Etsaiaren etsai dena ez delako lagunena… |
VIII Pashtunistan enparantza indarrean den triskantza gogor honen testigantza emateko gai da antza… Azkar noa etxerantza hasi baita bonba-dantza! Azkar noa etxerantza hil ez dadin esperantza… |