Hego haizeaz maiteminduak. Bera dute garraio, aurretik harrapatutako ororen kiskaltzaileak. Urakanek ez bezala, ez dituzte bataiatzen, izengabeak ditugu. Ez-ustea dute arma inongo meteok iragartzen ez dizkigun horiek. Atez ateko zaborra biltzeak kontenedorea izartu digu, lehenengo lauaz gain bosgarrena errege izendatu dutelarik. Ez da PVCa sugai aproposena, zaborra ere ez, hala ere, uda honetan sutan eman dituzte ale suelto batzuk egoera politikoa hego haize nahaspilari. Eta honi bai, su-emate hauei izena ezarri diete. Bakarra. Kale borroka. Identifikatu gabeko su-emaile hauei, lehen kontenedore erretzeaz bat abertzale gazte egituratuen aspaldiko estrategiaren marka ezarri diete. Errazegi. Ezker abertzaleari hauteskundeetan parte hartu dezan eragotzi diotenak ditugu bataiatzaileak, eta nago, jendarteak madarikatu dezan egina dutela propio, besterik gabe hobendun joz. Eta jada zimurretan sartua, ez dut sinesten gure gazteak tamainako ergelak, dorpeak eta idiotak direnik etsaiari hogeita hamaika eskura hain merke emateko. Norbaitek inkontrolatuak direla esan du publikoki. Niri, eskarmentuak diost, herri honetan inkontrolatuak beti ere soldatapekoak izaten direla, ugazaben morroiak.