Tokitan.tv: Bidaien txoko birtuala

  • Zeinek esan du bidaiatzeko etxetik atera, leku exotikoak ezagutu eta muturreko abenturak bizi behar direnik? Sartu Tokitan.tv-n eta has zaitez bidaiatzen.
Tokian. tv
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Edonoren esku dago bidaiatzea, horretarako gogoa badago behinik behin. Txina, Senegal, Pirinioak, Mexiko, Lekeitio, Australia edo Bidarrai. Horietako batzuetara joateak ahalegin, antolamendu edo diru gehiago eskatzen du, baina besteetarako nahikoa da borondatea izatea. Urrutiko helmugak edo gertuagokoak, baina denek dute abentura puntua eta denak izan daitezke istorio politen sorburu. Filosofia horrekin sortu du Haritz Rodriguezek (Caracas, 1978) Tokitan.tv, Internet bidezko bidaien inguruko telebista. “Ohituta gaude bidaia handiak ikustera; eliteko kirolari eta abenturazaleek euren bidaia zirraragarriak erakusten dizkigute, baina gutako edonork izan ditzake abentura txikiak, eta horiek guk geuk bizi ditugunez guretzat abentura handiak dira”. Egingarriaren mugan dauden irtenaldi horien bilgune da, besteak beste, webgune berria. Aldarria sinplea da: norbaitek bidaiatzeko gogoa badauka ez dadila etxean geratu eta ondoren bere bidaia jendearekin elkar bana dezala.

Astero produkzio propioko bideo bat txertatzen du Haritz Rodriguezek atarian. Berak egindako bidaiak ikus daitezke zuzeneko kontakizunekin: Greziako uharteak belaontzian, Afrika Iparraldea eta Iberiar Penintsula errepidez, oreinen ugalketa Sorian, piraguan euskal kostaldean, onddo bilketa Nafarroan edo bizikleta gaineko ibilbideak. Lehenengo denboraldiari begira 32 kapitulu prestatu ditu. Bideoetan grafismo geografiko eta azalpenezkoak sartu ditu, herrien datuak eta informazio gehigarria emateko. Unean uneko lekuarekin loturiko argazkiak bilatzeko aukera ere badago. Edonola ere, webguneak parte hartzeko hainbat aukera ematen ditu; esaterako, nahi duen orok bere bidaiako bideoa bidal dezake “Zuen bideoak” deritzon atalera. Beste aukera bat da formulario erraz bat betez beste zerbitzu batean dagoen –Euskaltube edo Youtube, kasu– bideoaren lotura bidaltzea Tokitan.tv-n txertatzeko.

Aipaturikoez gain, sare sozialek –tartean Twitter eta Facebook– esperientziak eta informazioa elkartrukatzeko ematen duten aukera baliatu nahi izan du Rodriguezek erabiltzaileekin hartu-emanetan egoteko. Facebookek bidaia bitakora gisara funtzionatzen du, baina baita aldizkari bezala ere. Bidaiekin eta abenturekin zerikusia duten eta han-hemenka aurkitzen dituen artikuluak nabarmentzen ditu bertan. “Bidaian nagoen bitartean txoko horietan egunez egunekoak kontatzen ditut, bidaia kaiera gisara”. Horri esker elkarrizketak sortzen dira, hala nola, iruzkin bidez. Norberak ere bidaiatzen ari dela Twitter bidez eta etiketez baliaturik une horretan non dagoen esan dezake.

Bideoak enkargatzeko aukera

Aipaturiko aukerez gain bestelako zerbitzu profesional batzuk ere eskaintzen ditu Tokitan.tv-k prezio baxuko ikus-entzunezko ekoiztetxea izanik; horien artean enkarguz egindako bideoak egitea da azpimarragarriena. Turismoaren eremua oso zabala denez gero, eta ikus-entzunezko komunikazioak berebiziko garrantzia duenez, hainbat aukera daude Rodriguezen esanetan: “Helmuga turistikoak, natur guneetan ekintzak eskaintzen dituzten enpresak, hotelak… eta abar sustatu nahi izanez gero bideoak egiten ditugu, berezko estiloarekin”. Horretaz gain, ondorengo zerbitzuak ere eskaintzen ditu: ekitaldien jarraipen informatiboa, idatzizko erreportajeak, webgune eta bideoblogen diseinua, iragarkiak kontratatzeko edo Tokitan.tv-ko bideoen babesle bilakatzeko aukera, sare sozialen kudeaketa, eta, leku, ekimen edo jardunaldi bat sustatzeko abagunea.

Horren denaren atzean, berriz, Haritz Rodriguez kazetari eta blogaria dago. Venezuelan jaiotako donostiar honek duela urte eta erdi erosi zuen bideo-kamera eta orduan hasi zen esperimentatzen. Iazko maiatzean ekin zion serio kapituluak grabatzeari. Egun, bera dabil bideoak editatzen, webgunea prestatzen eta kudeatzen. Nolanahi ere, tarteka laguntza ere izaten du; bloga, bideoen azpidatziak eta artikuluak euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz daudenez, bere arrebaren eta koinatuen bidez egiten ditu itzulpenak. Diseinurako Mikel Plaza eta Goio Telletxea diseinatzaileen laguntza du eta alderdi teknikorako Gorka Julio informatikari eta blogariarena. Egin beharreko lanak, bideotik harago, komunikazio landuagoa eskatzen badu, edo bideoblog bat enkargatzen badiote, freelance talde profesional batekin elkarlanean ere aritzen da.

Bidaiatzea eta informazio zein komunikazio teknologiak ditu zaletasun, eta horrek eraman du Tokitan.tv sortzera. Horretaz gain, kalitatezko edukiak izango zituen euskarazko bideobloga egitea ere bere asmoen artean zegoen abentura honi ekin zionean. Ez da lehen aldia proiektu berritzaile batean dabilena, bideoak euskaraz partekatzeko Euskaltubeko sorreran ere aritu baitzen Rodriguez.

Pixar etxearen animaziozko Up filmean kontatzen den istorioa erabili du donostiarrak webgune berriaren zabalpen trailerra ilustratzeko: “Tokitan.tv-k adierazi nahi duenarekin parekidetasunak aurkitu nizkion Up filmari, bidaiak egitea edonoren esku dagoela eta gogoa izanez gero azken unera arte ez dela utzi behar esaten baitu”. Finean, pelikulan kontatzen dena istorio sinplea izanik ere metafora polita da: bikote bat bizitza osoa bidaiatu nahian dabil, baina emakumea amets hori bete gabe hiltzen da. Halako batean aitonak globo bat jartzen dio etxeari eta bidaiari ekiten dio ume esploratzaile baten konpainian. Beraz, azkenean bere bizitzako bidaia egiten du eta sekulako abenturak gertatzen zaizkio. Filmari omenaldi txiki bat egitearekin batera, trailerra jolas moduan planteatzeko aitzakia ezin hobea izan du, UPeko irudiak eta Haritz Rodriguezek zituenak oso antzekoak baitziren. “Batzuei gehiago gustatu zaie beste batzuei gutxiago, baina arrakasta dezente izan du, 15.000 aldiz ikusi baita Internet bidez”.

Sare sozialetan bidaiatuz

Gustura dago Rodriguez bere ekimena izaten ari den erantzunarekin, eta ohiko hedabideez gain, agerkari elektronikoetan, blogetan eta sare sozialetan jarraipena izan duela aipatu du, bereziki Twitterren eta Facebooken. “Twitterren bideoa argitaratu eta egunean bertan jasotzen ditut iruzkinak edo erantzunak. Facebook bidez jendeak bidaiei buruzko komentarioak eta bestelako loturak sartzen ditu. Gainera, jendearen galderei erantzuteko aukera ere ematen dit”.

Tokitan-ek urrutiko bidaiak eta gertuagokoak biltzen dituela aipatu dugu arestian, baina non hasi eta non bukatzen da bidaia bat? “Bidaia hasten da bidaiatzeko gogoa pizten denetik eta prestaketa lanekin hasterakoan; eta amaitu, berriz, nik uste ez dela inoiz amaitzen. Bidaia polit bat egin baduzu beti izango duzu gogoan”. Argazkien bitartez, gainera, irteera hori berriro gogoratzeko edo bizitzeko aukera dagoela gehitu du Rodriguezek.

“Arrazoi asko medio bidaiatzen dut, horien artean esperientzia ezberdinak izateko eta jendearekin elkarbizitzeko”. Urtero koadrilakoekin Pirinioetara astebete igarotzera joaten da eta kasu horietan bizikidetza oso garrantzitsua da haren irudiko: “Lagunekin astebete furgonetan edo kanpinean lo egiten gauza asko bizitzen dira, tartean muturreko egoerak edo ezustekoak, eta horiei taldean nola erantzun ikasten duzu, besteak beste”. Horretaz gain, leku edo mundu berriak deskubritzeko, eta lagunen eta norberaren alderdi berriak ezagutzeko ere bidaiatzen duela gehitu du, norbera kanpoan dagoenean esperientzien intentsitatea hirukoiztu edo laukoiztu egiten baita. Kanpora irteteak hemen daukan bizitza edo egunerokoa hobeto baloratzen laguntzen diola ere aitortu du: “Bidaiako une batean beti etortzen zait bueltatzeko gogoa; eta hona iristen naizenean eta nire lagun batekin ohi bezala kaña bat edaten dudanean, kaña hori inoiz baino gehiago disfrutatzen dut. Bueltatu zara, zure herrian zaude betiko lagunarekin eta pentsatzen duzu ‘hemen ere zein ondo nagoen’. Hori ere garrantzitsua da”.

Hainbat txoko ezagutu ditu orain arte, baina denen artetik orain hiru urte belaontzian aitarekin eta haren lagunekin Greziara egindako bidaia nabarmendu du: “Belaontzian portu batetik bestera ibili ginen, ontzian bertan lo egiten eta leku ugari bisitatzen”. Gainera, bere aitarekin esperientzia hori bizi izanak are eta bereziago egin zuen bidaia Rodriguezentzat. Azken finean, horixe dira bidaiak: bizipenak, sentsazioak eta sentimenduak.
Haritz Rodriguezen txokoak eta sentipenak
Turkia: “Anitza. Ekialderako atea da, baita Mendebalderakoa alderantzizko bidetik bazatoz”.

Grezia: “Argia. Etxe zuri eta koloredunekin... argi berezia dauka”.

AEB
: “Film yanki bat. Telebistan ikusten den hori bera aurkitzen duzu bertan. Etxe eta auto handi horiek eta kale luzeak”.

Pirinioak: “Geure Himalaya txikia”.

Euskal Herria: “Nire herria eta kanpalekua. Bisitatzeko leku ugari eta oso politak ditu”.

Azkenak
Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian, Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala nagusitu da Uruguain bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”

Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]


2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Birigarroak zirinetan heriotza

Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.


2024-11-25 | Garazi Zabaleta
Gaztaina feria basaburuan
Gaztainadiak eta gaztainaren kultura protagonista

Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Eguneraketa berriak daude