Amatxi-ama-alaben bizipenak

  • “Hizkuntza bat ez da galtzen …”, nork ez du JosAnton Artzeren aforismoa irakurri han edo hemen, euskara salbatzeaz axola zuen ostatu, elkarte ala besteren batean? Maximak zientziaren adierazle izaten dira, eta biziak askotan ditu baieztatzen. Itsasuko Mulienian euskararen gorabeherez izan genuen solasak halaxe darakuskigu. Eta oharkabean, Lapurdiko jendeen hiru belaunaldiren bizipenak adierazgaitza den ama hizkuntzarekiko amodio minduaz mintzo dira.
Michèle Aguerre
Michèle AguerreGaizka Iroz
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Badator Donibane Garazi eta Baiona elkar lotzen dituen trena, burdinazko zamariaren ziztu eta klaska artean. Luze iduritzen zaidan une batez, Marceline Harispuru Itsasu Mulieniako amatxiren hitzak estaltzen ditu. Ezen denboran atzera eramanik baininduen Marcelineren ahots ahinak: XX. mendearen erdialde aitzinera, hain zuzen. Ordurako Errobi ibaiaren hegiak ongi ezagutzen zuen gaur bizirauten duen burdinbide sigi-sagatsua. Trenean langileen joan-etorria, hemengoen eta hangoen gurutzatzea. Mulieniako etxalde txikiak ere mugimendu hari begiratzen zion, trenbide bazter-bazterretik. “Hura trabeskatu eta, Latsako eskolara joaten ginen. Ezkondu ondoan ere, aitamekin beti bizi izan naiz etxe honetan. Hartako gara holako sabantak!”. Umorearen eta gogo ernearen azpitik, erranaldi sotil bakarrak ager ditzakeenak izugarriak dira. Marcelinek, bere adineko euskaldun laborari gehiengoak bezala, jakitate eskasiaz gutxiesten du bere burua. Ezin bestela izan. “Ilustratu” ala “sabanten” ideologiak zenbait mende ditu. Nekazariak, horra hor zikin eta urrintsu saldoa. Nekazari izateaz gain lekuko hizkuntzan hitz egiten bazuten, bada, Victor Hugo bera ere laidoztatzaileetan lerrokatuko zen. “Hizkuntza hila mintzatzea pentsaeran hilobia izatea da”, argitaratuko zuen besteak beste, Quatre-vingt-treize liburuan.

“Euskara etxean ikasi dut –segitu du eztiki Marcelinek–. Beti mintzatu izan gara euskaraz. Eskolara joan ginelarik hasi ginen frantsesa ikasten. Ez zen aizu euskaraz aritzea. Bâton basque egur puskattoa ematen ziguten, bestela. Goizetan errientsak norbaiti ematen zion egur puska hura eta gero behar zen ahal bezainbat igorri, eskola finitu orduko. Bestela, hor zuena zen puni. Eskolan mutikoak neskekin nahasiak ginen, eta mutikoak azkarrago zirenez, neskei pasatzen zieten”.

Marcelineren haur eskuak irudikatzen ditut erratzaren giderrean, emandako zigorraren arrazoiari pentsatzen... berdin beste umeen trufak jasaten... “Ez, beste haurrak ez ziren gaiztoak. Ez naiz oroitzen miseriarik eginik”. Orduan –ezinezkoa izanen zitekeela jakin arren– ez dezaket galdegin gabe utz: “Eta ez duzue makila hori nonbait abandonatu, ezkutatu sekula?”.

Hiru belaunaldi Latsako eskolan

Errobi ibaiaren isuriak nola, hala Mulienian ere biziak aitzina egin zuen, emeki. Marceline ezkondu zen eta bi hamarkada lehenago bera bezala, seme-alabak Latsako eskolan hasi zitzaizkion. “Nik ere han nuen frantsesa ikasi”, dio Marie-Claude Aguerre Marcelineren alaba gazteenak. “Baina ez naiz oroitzen amak aipatzen zuen makilarik ezagutu izanaz. Anai-arreba zaharragoekin frantsesa pixka bat abiatua nuenez, ez dut zailtasun berezirik gogoratzen”.

“Gure denboran euskaldunak frantses guti egiten zuen, –dio Mulieniako etxekandere zaharrenak–. Gazte lagun gehienak euskaraz aritzen ginen. Herria bera ere euskaraz ari zen. Plazan bazen frantsesa pixka bat. Hango gazteetan, partikularzki. Eta gero, aduanazainak eta poliziak baitziren, haiekin ari ginen. Gerla etorri zelarik frantses anitz ezagutu genituen. Orduan frantsesik ez bagenekien ahalketzen ginen”. Ahalkeak ala lotsak, eta lanik ez topatzeko beldurrak, erdarara plegarazi zituen euskaldunak. Kanbon zerbitzuan lan egiteko Marcelinek ere mihiratu behar izan zuen.

“Gure denboran, –jarraitzen du bere alaba Marie-Claudek–, lanerako nahitaezko hizkuntza zen frantsesa. Ez zen orain bezala euskararen inguruan balioztatzen zen ofiziorik”. Marie-Claude hamasei urtetan hasi zen lanean postan eta han erretiratu da, berriki. “Momentu batez, postako zuzendaritzak aipatu zigun euskara egin geniezaien hala nahi zuten bezeroei. Orduan Hiriburun nintzen eta han ez zen biziki euskararik mintzatzen, non ez zen bestaldeko jendeari. Itsasuko mendiko etxeetako itzulia egiten nuelarik aldiz, jendeek bazekitenez euskara mintzo nuela, hala aritzen ginen. Baina sorterritik urrunago, ez. Hots, ez dut lanean gutxi baizik baliatu euskara”.

Mundarrain eta Artzamendiren altzoetan, Errobik freskaturik eta hego haizea gereziondoak loreztaturik, erraz da XX. mendeko bigarren erdialdeko Itsasuko herri euskaldunari pentsatzea. Nahiz hori den lasterregi ahaztea 1882an Frantziako Estatuak martxan jarri zuen baitezpadako irakaskuntza, doan eta laikoa. Marie-Claude Aguerreren ustez, horren ondorio zuzena euskara bizi publikotik desagertzea izan zen. “Gure gaztaroan euskara bagenekien ere, ez genuen lagunartean erabiltzen. Ezen behin eskolan hasi eta, frantsesez mintzo baikinen. Itsasuarrekin frantsesez aritzen ginen eta aritzen gara. Nola eta norekin gerta, baina usuenik hala zen eta hala da”. Euskararen jarioa ez bazen agortu, etxekotu zen. Hogeita hamar urte pasatuxeak dituen Michèle Aguerre Marie-Clauderen alaba, Mulienian blaitu zen txikitan, ondotik eskolak lapurtuko zionaz: “Eskolara joan arte euskara nuen ama hizkuntza. Amatxi Marceline eta amaren gisan, ni ere Latsako eskolara joan nintzen. Hastean frantsesik ez nekienez, arrunt galdua nintzen. Aldiz gero, poliki-poliki frantsesa nagusitu zitzaigun, baita Mulienian ere, alabaina, etxeko lanak egitean, irakurtzen ikastean… Eskolak sartu zigun frantsesa etxera. Ez genuen aitamekin ongi ikasitako euskara zaintzen jakin. Harrapatuak izan ginen eta oharkabean frantsesak gainditurik. Hortik euskararen galera, ohartu ere ez ginela egin”.

Marceline Harispuru, Michèleren amatxirentzat ez da dudarik. Euskara itotzekoa zuen ur oldea isil-isilik goratzen hasi zen: “Frantsesa mintzatzea moda bilakatu zen, urguilua zen. Jendeak gehixeago sentitzen ziren horrela; beste norbait. Hain segur ere, euskaldunek berek utzi dute euskara eskapatzen. Bazen ustea euskararekin ez genuela fitsik eginen”. Eta galtze horrek bihotzeko zimikorik ez al zien egiten galdetzean, alabatxiaren erranak berresten ditu Marcelinek: “Ez, orduan ez. Ez ginen urrundik ere ohartzen. Sekula ez genion buruari emanen euskararen galtzea posible zitekeenik”.

Galdutakoaren dolua

Marie-Claude Aguerre ari da: “Haurrei naturalki, egiten diegun lehenbiziko lengoaia euskara da. Gure haurrek ez zekiten frantsesik eskolara joan zirelarik. Baina gero erdarara lerratzea jin zitzaigun. Preseski urte haietan, euskalgintzaren aldarrikatze politikoa sortu zen, eta gaur egun bestelako balioa du euskarak. Orain, alabatxi eta sematxiarekin osoki euskaraz ari gara”.

Nola bizi izan ote zuen Itsasuko herriak 1970eko urteen itzulian Ipar Euskal Herrian sortu zen euskararen inguruko mugimendu politizatua? Eta Mulieniak? Marie-Clauderi burura datorkion lehen hitza “beldurra” da. “Lehenbizi beldurra genion. Ez baikinen ohartzen euskara gal zitekeenik. Bat-batean, bortizkeria erabiltzen zuen mugimendu bati euskara loturik ikusteak izuarazi gintuen”. Ez baita azaltzen arazo xamurra, Michèle alabak honela gehitzen du: “Urte haietan ‘abertzale’ hitzak ikastolak eraikitzen nola etxe-agentziak leherrarazten zituzten jendeak erakusten zituen. Dena bat zen eta horrek zuen beldurra sortzen, baiki”.

Eta zehazkiago, zeren beldurra, ote? Izan zitekeen euskara mintzatzeagatik “terroristatzat” hartua izateaz. “Ez, ez, –dio zezenari adarretatik heldurik, Marie-Claude Aguerrek–. Terroristak euskaldunak izateaz ginen beldur. Eta ideia guztiak nahasteaz, gaiztagin gisa hartuak izateaz. Iparretarraken ekintzek zer kalte ez zuten ondoan egiten... Eta hori ez zen ongi ikusia…”. Berriz ere, alabak amaren pentsakizuna osatu du: “Itsasun adibidez, GALek jende batzuk hil zituen. Bada, herriko jendeak ez zuen bereizketarik egiten GALen eta Iparretarraken ekintzen artean. Interpretatzen zuten euskaldun batek jendea hil zuela eta ezin onartua zitzaien. Badakizu, ezagutzen ez duzularik beldurtzen zara eta ez zara hurbilagotik ulertzera saiatzen. Tabu handia zen…”. Eta bukatzeko, amak alabaren azalpena borobildu du: “Denbora haietan euskaldun politizatu haien lana ez zen behar bezala hartua izan ezen anitzek, eta ni lehenbizikoetatik, ez ginelako horri interesatzen. Geroago aldiz, egin gara. Eman dezagun familian, hurbilagoko jendeak arazoaren gorabehera azaldurik. Mulieniakook ez genituen haurrak ikastolara igorri, etxetik urrun genuelako ikastola. Baina hurbil izan bagenu ere, ez dakit zer erabakiko genuen…”.

Errobi ibaiaren udako ur mantsoak lagundu zukeen Mulienian erein haziaren loratzea. Izan ere Kanboko kolegio publikora joanik, Michèle gazteak euskara berrikasteari ekin baitzion. “Kolegioko lagunei esker izan zen. Euskararen ulermena nuen, baina mintzamena galdua. Lagun batekin hasi nintzen berriz mintzatzen. Berak zuzentzen ninduen”. Frantsesa tutik ez zekien aitaren amarekin hizketa luzerik ez bazezakeen segi ere, gutxienez ulertzen zuen. Eta Ipar Euskal Herriko gazte euskaltzale bat baino gehiago hunkitu zuen sukarrak Michèle Aguerre ere harrapatu zuen: “Lagunekin Hego Euskal Herrira joaten hasi ginen, hangoa erreferentziatzat genuelako. Kulturan, hango dinamismoak eta aberastasunak gure belaunaldiko anitz erakarri zituen, bidenabar euskarari interesaraziz”. Gaur egun, Michèlek euskara hitz egiteaz gainera, AEK-ko Itsasuko gau-eskolan irakasten ere du. Haatik, arantzak ziztatzen du bere baitan, ezen “gaur euskara badakit ere, dolu dut etxeko, Itsasuko euskara galdurik. Gure aitatxi eta ama entzuten ditudalarik, ohartzen naiz bakarrik haien bi belaunaldien arteko euskarak zenbat galdu duen, hiztegian bereziki”.

Hiztunen kopurua balantzaka

Marie-Claude Aguerre Itsasuko Mulieniako alabak uste du, jendeak euskarari heldu nahi diola berriz: “Gaurko aitamek atxikimendua badute. Gure denboran ez bezala, euskara bagenuelarik ez genuen deus egiten horren atxikitzeko”. Egia da Ipar Euskal Herriko haurrek eskolan euskara ikasteko bideak erraztuz eta emendatuz doazela. “Gehiago dena –dio Marie-Claudek–, lehen euskara gutxietsia zen. Ez zen urrundik ere orain bezala, euskararen inguruan lanak eskaintzen baitira”. Michèle Aguerre bere alabarentzat berriz, “jende anitzi gertatu zaio asumitu duela euskara arra-ikas daitekeela. Kasu horietan anitz direla ikusiz, errazagoa dute pausoa egitea. Haatik, gau-eskoletan oraindik kanpotar gehiago da hemengoa baino. Dena dela, ahalkearen pisua ttipitzen ari da”.

Izan ere, silogismoak dio euskarak bilakatzen gaituela euskaldun, euskarak ematen digula nortasun. Honenbestez, euskara galtzeak nortasunaren galtzea lekarke. “Hori da, –bota du zalantzarik gabe Michèlek–. Jende batzuk hortaz ohartzen dira. Beste batzuk oraindik ez. Hortan dut pena. Jendea ez baita ohartzen euskara galtzeak zer arrisku dakarren: ditugun balore guziak peko errekaratzea, kultura osoa zalantzan ematea”. Bere amona Marcelinek gogoeta eginik, serioski erantzun du ezetz, ez zaiola iduri posible denik euskalduna izatea euskararik jakin gabe. “Non ez den hemen sortu, norabait joan eta berriz jinikakoa”, zehaztu du Marie-Claude Aguerrek.
Geroari begira, baikor da Marie-Claude Aguerre. Ipar Euskal Herrian euskara mantentzeko zer egin behar litzatekeen ezin gardenkiago dakusa: “Egia da inkestek agertzen dutela euskal hiztun gehiago hiltzen dela sortzen dena baino. Ez dugu oraindik orekarik atzeman. Baina haurren nola helduen irakaskuntzan transmisio lanean segitzen badugu, balantza bestaldera okerraraz dezakegu”. Eta Michèle bat dator amak dioelarik eginkizun horretan herriko etxeek eta beste administrazio publikoek zer esan handia dutela. “Euskara erabiltzeko beharra sortu behar da leku guztietan, jendea ohar dadin ikasi gabe zer huts egiten duen. Oreka bilatu behar da elkarteen dinamikaren eta botere publikoen eskukaldi ekonomikoaren artean, herriaren indarra inportanteena dela azpimarratuz, ezen azken hori gabe ez baikinateke gaurko egoeran. Haatik, botere publikoen laguntzarik gabe hilko gara gure indarretan”. Halere, hiru emazteetan baikorrena da amatxi Marceline: “Euskararentzako ametsik banu, galdegin nezake gutxienez orain bezala joan dadila. Ez dadin dena utz ez gal arrunt. Haatik, ez dut errezetarik horretarako! Neroni ere frantsesera lerratzen naiz, eta!”. Eta irri egiten du, gozoki. “Baina plazer da ikustea haur ttipiek ere segitzen dutela ikasten. Etxean mintzatzen. Segida badago, gutienez nik ezagutzen dudan mendi zoko honetan”.

Mulienian eguzkiak ere barre dagiela dirudi. Agurtzeko unean, solasaldia bukatzean, airatzen dira hizkuntzaren pisu intimoa darakusten ohar batzuk. Aitatxirekin ezin euskaraz mintza dezakeela alababitxiak, izan ere erdararen pleguak harremana ildotu dielako. Alabak berriz, ezin aitari frantsesik egin amari egin ohi dion eran, zeren nola zuzendu ote: “tu” erranez? ala “vous” errespetuzko distantzia markatzailea erabiliz?

Badoa Baionarako trena. Burdinazko bere ziztu eta klaskak euskararen karranka minduak direla bururatzen zait. Orduan Errobi ibaia eskertzen dut, zeren bere isuriak segurtasuna ematen baitit. Emaria du gozoa, etengabea. Halaber Ipar Euskal Herriko euskarak halatsukoa izanen ahal du...

Azkenak
Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta gizon bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


Eguneraketa berriak daude