argia.eus
INPRIMATU
Jai giroaren askotariko koloreak
  • Ze esatek ::Ze esatek

    Baga Biga

    iraupena ::52´20´´

    prezioa ::11€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05
Gipuzkoako musikari multzo zabal batek osatutako talde honek ez du atsedenik hartu aspaldian; uda osoa jo eta su dabil plazaz plaza kontzertuak ematen. Hainbat musika proiektutan trebatutako musikariek osatzen dute, eta estilo ugari jorratzen dituzte kantetan, haizezko instrumentuek eta txalapartak lagunduta. Hain zuzen ere, ska-rocka dute oinarri, baina horri euskal folka, rapeatuak, ukitu latinoak, raggamufina eta funky apur bat ere gehitzen diete, emaitza anitza lortuz.  Jai giroko taldea da, ez dago inongo zalantzarik, jendeari bizi-poza ematea baitute helburu nagusienetako bat; baina pentsaraztea ere lortzen dute, entzulearen erreakzioa lortzeko. Euskaraz abesten dute, baina bada ondoko “bizilagunei” eskainitako bat gaztelaniaz.

www.myspace.com/zeesatektaldea
Abestiak hobeak izateko ez dago zertan hamaika ukiturekin jantzi

“Ze esatek”. Jendeari hitza eman nahi diozue edo pixka bat probokatu?


Hasieratik izan gara talde zirikatzailea. Umore ukitua ematen diegu askotan abestiei, nahiz eta serioak ere badiren. Izena Azpeitiko seme Unai Frantsesenari hartu genion.

BFS, Beti zutik… Hainbat kantatan estilo eta sonoritate asko batzen dituzue. Zer harrera dute?


Gustuko dugu estiloekin jolastea, asko gara taldean eta bakoitzak bere jatorria dauka. Iturri guztietatik edaten saiatzen gara eta BFS-k emari berezia dauka. Erritmo astunak, diskoa, funkya, falsetea… Euskal Herrian oso harrera ona dute, Katalunian ere bai, eta espero dugu abenduan Kuban ere hala izatea.

“Iraganaren ordainetan bizi dugu oraina”. Zer ikasi duzue izan dituzuen proiektuetan?


Gauzak sentitu ahala egin behar direla. Abestiak hobeak izateko ez dago zertan hamaika ukiturekin jantzi, azkenean kalitate hori erabat subjektiboa da-eta. Gauza asko uste duguna baino sinpleagoak dira.

“Etorkizuna festa delako eta ajea iragana, lana parranda bihurtzea da parranda honetako lana”. Erraza al da?


Gero eta zailagoa, baina polita litzateke bizipoza ematen dizuna ogibide bihurtu ahal izatea edo ogibideak bizipoza ematea behintzat.

Zu gabe hit bat izango da zuzenekoetan, ezta?


Kontzertuetako momentu berezi horietako bat izan ohi da. Melodia entzuten hastean, jendeak abestu egiten du guk jo gabe. Nabaritzen da askok gustuko duten abestia dela eta bideoklipak dagoeneko 25.000 ikustaldi ditu Youtuben.

Jai giroko taldea izanik, edanaren gaineko autokritika egiten duzue?


Autokritika positiboa da. Gauza gehienak monotonian erortzen direnean aspergarri bihurtzen dira; afera zirrara berriak bilatzean datza, sentsazioak, bizipenak… Parte-hartzea, erabakitzea, iritzia ematea… eta ez ematen digutena barneratzen dugun irizpiderik gabeko morroi bihurtzea.