Ez da berria liburua, baina ezin aipatu gabe utzi: 2009 urtearen hondarrean eman zuen argitara Anjel Lertxundik Eskarmentuaren paperak baina oraindik orriotara ekarri gabea genuen. “Saiakera” hitza irakurri dugu liburuaren azalean, baina zilegi zaigu esatea harago doala Lertxundiren ahalegina liburu honetan. 40 urteko ofizioari errepasoa eman dio testu laburren, hausnarketen eta oroitzapenen bidez. Autobiografia? Dietarioa? Oroitzapen liburua? Denak batera akaso? Liburu hibridoa da Lertxundiren azkena. Bere buruaz ari da idazlea, baina helburua ez da bere burua. Urte hauetan guztietan bidaide izan duen irakurleari mintzo zaio.