argia.eus
INPRIMATU
Ruper Ordorika
"Shakirak bezala, aukerako hizkuntzan abesten dut nik ere"
  • Txintxo portatu eta bueltak amari.
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2010ko uztailaren 27a
Ruper Ordorika
Ruper OrdorikaDani Blanco

Hementxe pajarue!


Agur esateko modua. Edo, nola den komenigarri argazki kamarako “txoritxuari” begira egotea, dotore ateratzekotan.

Wikipediaren arabera, euskal musikari berritzaile eta internazionalenetakoa.


Laudorioetatik Jinkoak anpara gaitzala, irainetatik geu defendituko gara eta.

Zeinen erraz ahazten diren hasierako makilakadak…


Gure sasoikook oso abilak izan gara autodefentsan. “Auto” berba guztiak erabili ditugu autoridadez: autokritika, autozentsura, autotxokeak, autonomia, autoretza, eta –nola ez!– makilakada automatikoak.

30 urte himno txikiak sortzen, edo kantu handiak.


Edo himno handiak eta kantu txikiak. Edo himno kantuak eta handi txikiak. Edo himno himnoak eta kantu kantuak… Musikak libertate handiena ere txiki du.

Marka, behintzat, sortu duzu: Ruper Ordorika™.


Bai, baina ahaztu nuen markari .com delakoa gehitzea, eta orain beldur naiz, Ruper Ordorika™ horren aipamena ez den ailegatuko Txirritaren “beste laurogei urtetara”.

Jarri labanderia bat, furgoi beltza eta hortxe duzu kantua.


Kantua bera ere ideia handietara etengabe lerratzen denean egunerokoaz ahazteko joera hartzen du. Jendearengandik urrun, urrun.

Hala ere, bizikidetza jokoan eta zu bertso ttikietan…


Orain udan, jaialdiak, hondartzak, tirantedun kamisetak, frakatxoak… zein urrun diren bizikidetza eta enparauak! Neguan erantzungo dizut zehatzago.


Lendakaris Muertos-ekoek dioten bezala: gafapastak, nahikoak dira Ruperrenak?


Bai, horrelako zer edo zer esaten dute baina erdaraz eta errima kontsonantean.

Lentilarik jartzea ez duzu pentsatu, beraz.


Lekeition ume antiojodunei diputadu esaten diete… Ezta burutik pasatu ere horrelako “kargu” bati uko egitea!


Eskerrak inork ez duen koblakaririk behar!


Horregatik hasi behar izan dut bertsolaritzan gai-jartzaile!


Sigues cantando exclusivamente en euskera.


Horretan bai, asmatu duzu. Galdera hau beti erdaraz egiten didate. Eta bai, nik ere, kantari normalak bezala, Raphaelek, Brucek eta Shakirak bezala, aukerako hizkuntzan abesten dut.

Inork ez zigun esan euskaldun izatea erraza zenik.


Pentsa, zelako galderak erantzun behar diren euskaldun izateagatik!