Erdi Arotik gaur arte bere horretan iraun du Lanestosako hirigune historikoak, harlauzazko zorua duten kale estuek osatua.Unai Brea
Lanestosako kale guzti-guztietatik ibiltzeko ez da denbora asko behar, hain da txikia. Horregatik, luze gabe amaitu dut herriko hiru tabernetako batean, soziologia saio merkea egiteko asmoz. Han Celiak hartu nau, eta nire itaun-sorta gupidagabeari pazientziaz eta irribarre batez egin dio aurre. Basauritik orain dela zazpi urte etorri zen Lanestosara, hiriko zurrunbilotik ihesi. Guk ihesaldi bera egitea proposatuko dizuegu. Egun bakarrerako edo zazpi urterako, zuek aukeratu.
Euskal Herriaren mendebaldeko muturrean gaude. Tira, hau sekula Euskal Herria izan ez dela diotenak ere badira, bestela esanda, euskara ez dela inoiz izan bertoko hizkuntza. Ematen dituzten arrazoien artean, bada pisuzko bat: Lanestosan, Enkarterrietako mendebalde osoan bezala (Karrantza, Turtzioz, Artzentales), ez dago euskal toponimiarik.
Halako argudioak erabiltzen dituzte batzuek, euskara sustatzeko politikek hemen justifikaziorik ez daukatela aldarrikatzeko. Herritar gehienek, bitartean, segitzen dute umeak Karrantzako eskolara bidaltzen, D eredura, hara ailegatzeko autobusak egunero gainditu behar duen mendatea txantxetakoa ez izan arren. Herri osoan familia bakarrak hautatu du Kantabriako eskola hurbilenera doan bide erosoagoa. Hala dio Celiak.
Eskola kontuetan ez, baina gainerakoetan erosotasuna gailendu da. Lanestosa ipar-hego ardatza duen haran estu-estuan eraikita dago, eta historikoki, noranzko bi horietara begira bizi izan dira bertakoak. Mendebalde eta ekialdearekiko harremanak, eta beraz Bizkaiarekikoak, herria mugatzen duten aldatz gogorrek eragotzi dituzte, eta ondorioz, Euskal Herriaren eta Kantabriaren artean partekatuta dago herritarren nortasuna.
Bizkaiko hiribildu zaharrenetakoa
Herria lehenagotik existitzen zen, baina Lanestosak –artean Fenestrosa edo Finestrosa izena zeukan– 1287an jaso zuen hiribildu-karta Lope Diaz de Haro Bizkaiko Jaunaren eskutik. Beren historiaren oparotasunaz harro daude herritarrak, eta ondo gorde dute Erdi Aroko hirigunea gaurdaino.
Harlauzazko zoruari eutsi dioten kaleetatik paseatzea iraganera bidaiatzea da. Kotxeak, argi-indar kableak, parabolikak, asfaltozko bideak... albo batera utzita, gutxi gorabehera gaur ageri den bezalakoa izango zen Lanestosa 1556an, Karlos V.a enperadoreak bertan gaua igaro zuenean. Laredotik (Kantabria) Yusteko monasteriora (Extremadura) egindako bidaia luzearen lehen etaparen amaiera izan zen hura. 2000. urtetik hona, irail guztietan, ehunka lagunek errepikatzen dute bidaiaren lehen zatia, Burgosko Medina de Pomar hiriraino, Celiak azaldu digunez. Taberna daukanez, ondo igarriko du, bai, ohiko lasaitasunaren haustura.
Herri zaharrean zaharrak gehiengo
Eustat-en arabera, Lanestosak 295 biztanle zituen 2008an. Baina Celiak, oraingoan kafe hartzera sartu den gizon batek lagunduta, benetan herrian bizi direnak gutxiago direla dio. Eta asko, jubilatutakoak. Behin, ni oraintxe nagoen barra honetan bertan, horietako bi hasi ziren biztanle-errolda buruz egiten, etxez etxe, eta ez ziren 200era iritsi. Lanestosar gehiago egon badago, baina ez dira bertan bizi.
Gauzak aldatuz doaz, baina. Erdi Aroko kutsu magiko hori, Lanestosak hain ondo gordetzen jakin duena, pitzadurak agertzen hasita dago. Modernotasunak, edo aurrerapenak, esaiozue gura duzuen moduan, ez du barkatzen. Mende asko ikusi dituzten kale horietako baten aldamenean pisuak eraikitzen ari dira; orain, herrira gerturatzean, garabiak nabarmentzen dira lehenik.
Demografiari bultzada eman nahiak garai hobeetara itzultzeko gogoarekin zerikusia ote dauka? Kalean paratutako errotulu batean irakur dezakegu Lanestosan, 1900ean, 700 biztanletik gora, lau sendagile, beste hainbeste errota, eta hiltegi, kasino, antzoki eta eskola bana zeudela. Oparotasun hura indianoei zor zitzaien, neurri handi batean. Haien etxez beteta dago herria, batez ere Laredotik datorren eta herriko kale nagusia den errepidearen ertzak. Izan ere, bide hori Lanestosako zabalgune bihurtu zen indianoen eraikitze-sukarrari esker.
‘Danza de varas’
Celia lanez gainezka ibili ohi den beste data bat abuztuaren 5a da. Urteko jairik handiena ospatzen dute lanestosarrek egun horretan, Elurretako Ama Birjinaren omenez. Belaunaldiz belaunaldi gorde den danza de varas delakoa dantzatzen den eguna da. Arku-dantza mota hau oso ohikoa da Kantabrian; Lanestosan, goizez herriko kaleetatik ibiltzen den prozesioaren aurretik dantzatzen dute etengabe, eta behin kalejira amaituta, Plaza Berrian. Hortxe elkartzen dira herritarrak hitzordu garrantzitsuetan.
Plaza Berritik metro gutxira, bien artean Errenazimenduko eliza dagoela, Plaza Zaharra dago, baina ez da berez plaza, eraikinen artean suertatu den gune zabala baizik. Hori da Lanestosaren benetako erdi-gunea, herriaren hauspoa. Erdi Aroko itxura daukaten etxe asko ikus daitezke hemen, Kantabriako ohiko balkoi eta guzti. Nekazari-etxe izena ematen zaie, baina ez nahasi: batzuk indianoen etxeen maila berean daude, esan nahi baita garestiak direla. Eta Erdi Aroko itxura izanagatik, mendea pasatxo besterik ez du horietako batek baino gehiagok.
Kobenkoba
Erdi Aroa baino askoz antzinagora joan nahi duenak, udan lehor-lehor egoten den Calera ibaiaren bestaldera igaro eta Karrantzara doan bidea besterik ez du hartu behar. Han, lehen edo bigarren kurban, ez naiz zehazki gogoratzen, Kobenkobako sarrera dago. Leize baten barruan kokatuta, paleolitoko artearen interpretazio zentroa eskaintzen du Kobenkobak. Iazko abendutik dago zabalik, eta sarrera Lanestosan duen arren, Karrantzako lurretan dago. Zin egiten dizuet, hala ere, ez dela asko ibili behar bertara iristeko. Lanestosa benetan txikia da, hori da kontua.