argia.eus
INPRIMATU
Itsatsi
Edu Zelaieta Anta 2010ko uztailaren 28a
Word-en azken bertsioak bizitzen ari garen garaion berri zuzena eman dit, argi eta garbi, ikono bakar eta sinple baten bidez: itsatsi. Izen hori eman diote –euskarazko bertsioan– gehien nabarmentzen den irudiari: programa irekitzean ezkerretik ageri den lehen funtzioa da, eta, gainera, tamainaz franko handiagotu dute beste irudi batzuen ondoan (ebaki, kopiatu...). Nonbait, orain arteko erabiltzaileok maizen baliatutako operazioa identifikatu dute, bertsio berrituan bezeroari “erraztasun guztiak” eskain dakizkion.

Iragan garai batean –o tempora, o mores!–, kopiatzea zen alferrari aitortzen zitzaion lan bakarra; eta, lantegi horretan, denak ez bide ziren berdin trebeak: ezkutuan eta ongi kopiatzea landu beharreko gaitasuna zen. Atzoko alferrok zertaz ari naizen ondotxo dakizue. Egun, ordea, alferreko lanetan nekarazi nahi ez duenak ez du kopiatzea xede, itsastea baizik. Itsastea baizik ez, zehazki.

Eta horra hor komeriak, musikan, artean edota lagunekin solasean: kopiaren kopia itsatsiaren itsatsiaz, sarritan zer itsatsi ez dugula izaten, aurretik beste norbaitek itsatsia ez bada.