argia.eus
INPRIMATU
Euro beltzak beltz
Jakoba Errekondo 2010ko uztailaren 28a
Arotzak begiko du intxaurra, eskuko, hatzeko, mamiko. Izugarri estimatua izan da zurgindegietako bankuetan, lanerako mahai berezi horietan. Orgagintzan eta tornu lantegietan zur nagusietakoa izan da. Gerezia izango zen haren luxuaren aparren pare, baina lizarra, haltza, gaztaina, pagoa, astigarra, zumarra eta abarrak itzalpean zituen. Apar handikien beharrik gabe, haritza magikoa eta sekulako hagina besterik ez ditu izan nagusi.
   
bat arotz, eta ero, burutik dago. Intxaurrak txora-txora eginda dauka. Azkenekoa ere ederra botea du, ez du bada intxaur beltzezko ohol erraldoia erosi! Bost metro luze, metro bete zabal eta sei zentimetro eta erdi lodi da erraldoia. Itxuragabe ordainduko zuen Portugalgo Bragança ingurutik abiatu eta batetik bestera ibili ostean Arabako zurgindegi batean atseden hartu duena. Ez diot galdetu zenbatean kitatua duen, baina asko balio du, badakit, milaka eta milaka euro. Antzeko neurriak dituen beste ohol baten berri banuen eta saltzaileari deitu diot, Castillara, eta mutur-muturretan bota dit: han bertan hartzera 12.000 euro. Luxuetan luxua. Paregabeko mahaia egin nahi duenik bada, oholerako bidezidorra erakutsiko diot.

Arma luzeen kaxak edo ipurdiak egiteko ere ohiko gaia da intxaur beltza. Eskopeta, fusil eta antzekoen ipurdi edo kirten hori egiteko behar den intxaur puxketa beltz ordaintzen da. Ordainetan zera eskatzen zaio egur zatiari: lanerako, burdinari lotuko zaion aldean beta zuzenak, tiroarekin zartatzeko arriskurik ez izateko eta aldamenekoen aurrean finolatzeko, atzeko alde zabalenean eta kanpoko aldera begira beta-lore ahal den ikusgarrienak. Salneurria? Mila eurotik gora erraz ordain daiteke, intxaur puxketatxo soila!