argia.eus
INPRIMATU
Bahea
2013ko maiatzaren 07a

Juanjo Olasagarrek Diario de Noticiasen: "Nekagarria egiten zaidana da Nafarroan euskalduna izateak dakarren aire pobrea. Jon [Arretxe] eta biok Nafarroan ez gara inor ere. EAEn bizi bagina, egoera pixka bat ezberdina izanen litzateke. (...) Badakigu Nafarroako Gobernuaren lehentasun bat dela euskara desagerraraztea, inongo lotsarik gabe. Neurri batean horrekin bizitzen ikasi dugu. Ezin gaitezke egunero haserretu, burugogorrak izan behar dugu, nafarrak horretarako onak zarete, eta geure hizkuntzari eutsi behar diogu Nafarroan ere".

 

Jon Arretxek: "Aldi berean EAEko irakurleentzat Iparraldekoa edo Nafarroakoa izateak balio erantsia izan dezake. Gehiago lagundu behar dizutela ikus dezakete edo puntu exotikoa izan dezake batzuentzat".

 
 

Itziar Hormaza ingeles irakasleak Berrian esandakoak:

Kazetariaren galdera: Badago susmoa hirugarren hizkuntza batean kontzentratzeak euskara are gehiago bazter dezakeela. Zure ustez, zein ekarpen egin diezaioke, eta zein kalte?
I. Hormaza:"Nik ez dut inolako kalterik ikusten. Hizkuntzek ez diote elkarri lekua kentzen, gehigarriak dira. Gure kasuan gertatzen dena da, gure hizkuntza minoritarioa eta gutxitua denez, oso kontuz ibili behar dela proiektu linguistikoak garatzerakoan. Are gehiago, horretarako eskualde bakoitza aztertu beharko litzateke, eta proiektu oso pertsonalizatuak diseinatu, eskola, auzo eta herri bakoitzaren premiei erantzuteko eginak. Beti izan behar dugu kontuan erdaren presentzia handia dela eta geurea dela hizkuntza gutxitua".