Gurasoak-en lanetik abiatuta, kanpoko hainbat erakundeen arreta bereganatzea izan duzue helburu. NBEko errelatorearen txostena aipatu duzu liburuan, esaterako.
Bitxia da. Izan ere, honelako lan bat egitean ez dugu bakarrik gure barne-historia analizatzea bilatu, kanpotik nola ikusten gaituzten ere ezagutu nahi izan dugu. Badago ni neroni lan hau egitera bultzatu ninduen elementu bat, Martin Scheinin finlandiarraren dokumentua.
Martin Scheinin terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubiderako errelatorea da. Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian egon zenean gomendio bat eman zuen kale borroka fenomenoari buruz. Honela esan zuen: “Kale borroka eta terrorismoa parekatzen badituzu zigor kodearen ikuspegitik, alde batean daudenak bestera pasatzera bultzatzen ari zara”. Erantzun kriminologiko berdina ematen diozu fenomeno biei.
Hau da, kale borroka al da ETAren harrobia? Edo errepresioak bultzatu izan al ditu gazte batzuk –agian ETAn sartu nahi ez zutenak– ETAn sartzera? Nik hori esaten badut, batzuek astakeria galantatzat hartzen dute, baina errelatore batek pertzepzio hori baldin badauka, badago zer pentsa. Liburuan hori ere agertzen da, kanpotik begiratuta dagoen pertzepzioa da, oparitzen diguten ikuspegia. Martin Scheinin hona etortzea eta kale borrokaren fenomenoa aintzat hartzea, “terrorismoaren” aurkakoan dena ez dela baliagarria esatea, berebizikoa izan da niretzat.