Libertadea eskatu diogu
herri hontako Alkate Jaunari
eta jendea alegratzera
gaur gera gu honera etorri.
Entzun, herri maitia,
alaitu jendiak,
bixiguak ez du eman,
aurtengo neguan.
Antxoak emango du
azaltzen danian,
irabaziko degu
hurrengo batian.
Joxe arrantzale zaharrak kantatzen zuen abestitxo hau, nire gazte garaietan. Libertadea, gauez kalez kale festa giroan ibili ahal izateko Udalak, ikusirik eskatzaileak nor ziren, ematen zuen –edo ez– baimen txartela zen. Argiro zehazten zuen zein baldintza bete behar ziren –zein ingurutan, zein ordu arte eta abar–. Bestela, isuna edo zulora.
Jai egun goizetan txistularion goiz deia jotzera joaten naizenean, sarri bururatzen zait libertade hori. Ez ote litzatekeen berriro eskatzen hasi beharko. Donostiako Alderdi Zaharreko kaleetan, asteburuko parranden ondoren, biltzen den zaborra, txiza usaina, nazkagarrikeria ez dago hemengo laburrean zehazterik. Hori dena gailurrera iristen da “edozein herriko jaietan”.
* * *
Bixiguak ez zuela eman, baina antxoak emango zuela. Bizipoz ederra garai haietakoa. Egun kontuak askotxo aldatu dira. Bixiguak ez du aspalditik eman eta antxoak ere emateari utzi zion. Soilik urte batzuetan arrantzaren etena mantendu denean hasi da antxoa errekuperatzen.
Munduko arazo latza da aldaketa klimatikoa. Zientifiko gehienen ustez, neurrigabeko anabasa sor lezake gure planetan. Baina lur auzoko gehienok baldar eta berandu erantzuten ari gara. Tarteka ahobero ibiltzen gara agintariei eskatu behar zaizkien kontuekin. Exijitu egin behar zaizkie noski. Eskatzeko modurik eraginkorrena, hala ere, mundua bideragarri bihurtzeko kultura modua sortzea da. Horixe da urgenteena.
Gure artean, ordea, gai honen inguruko eztabaidarik sutsuenak atez ateko bilketaren edo erraustegiaren aukerei buruzkoak dira. Horrela sinplifikatu dugu, beti ere herri honetako ohitura errepikakor eta gogortu berberaz: bi jokabide politiko erabat aurrez aurre jarrita. Baina askok, aipatzen diren aukeren artean nahikoa interes jarri dugun arren, oraindik ez dugu garbiro ikusten zein izan daitekeen erarik zuzenena gure zaborrak desagerrarazteko. Agian biak, leku eta egokieren arabera.
Argi ikusten dugu, aldiz, lehen baldintza dela askoz zabor gutxiago sortzea. Eta horretarako jendearen heziketa behar beharrezkoa dela, bereziki gazte jendearena, etorkizuna beraiena delako. Beste modu batean bizitzen ikasi behar dugula. Era apalago eta ziur aski zoriontsuagoan.
* * *
Talde ekologistek Euskadiri zortzi bandera beltz eman dizkiete. Eusko Jaurlaritza beste bandera batzuekin lanpetuta dabil eta txikikeria hauei ezin erreparatu die.
Joxe arrantzale zaharraren Donostiako kaian, egun arraunetako txalupa txikietan ere Guardia Zibilak, legea betearaziz, atzealdean Espainiako bandera eramatera behartzen du. Bestela isuna eta ez txikia. Munduko Futbol Txapelketaren harira behin eta berriz gogorarazi digute: “Porque más que un equipo somos un país”. Eta Epaitegi Konstituzionalak, Kataluniako Estatutua aitzakia, zehaztu eta gogoratu du nolakoa den país hori.
Antxoarekin egin den bezala, beste kontu askotan ere etena egin behar dela iruditzen zait. Neurri gabeko juerga neurrigabean bizitzeko ez du ematen dagoeneko munduak.
Gure libertadea txartelan, honelako baldintza jartzea nahi nuke: “Para ser un país (o un mundo), tenemos que ser un equipo”. Baina euskaraz eta nahi dugun banderatxoa popa aldean.