"Gazteak harrizko gonbidatuak dira justiziaren aurrean"

  • Areta (Araba), 1972. Abokatua. Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako auzian inputatu zuten. Zortzi abokatu daude kartzelan gaur egun. Bera izan zitekeen bederatzigarrena. La maza y la cantera-ren (Txalaparta) egilea da. Liburuan ageri denez, erruduntasunaren muga lausoa da oso.
Julen Arzuaga
Dani Blanco

Nondik nora La maza y la cantera liburua?


Poliziak sarekada batean harrapatu ninduen gaztetan. Ez ninduten prozesatu, baina Gurasoak elkarteak fitxa bat betetzeko eskatu zidan. Duela hiru urte berriz, elkartea Aitziber Ezkerra –liburuaren egilea ere dena– eta biongana hurbildu zen. Gurasoak-ek gaztediaren eta errepresioaren inguruko elkartasun bilduma moduko bat egitea proposatu zigun. Behatokira [Giza Eskubideen Behatokia] etorri ziren baina lana pertsonala izan da. Gaztediari azken bi hamarkadetan gertatua ikertzea interesatu zait niri. Aitziberrek informazio eta datuen bilketa egin zuen eta nik horien gaineko irakurketa egin dut.

Gazteen aldetik indarkeriarako joera izaten da. Zer ondorio atera duzu jarduera horretaz?


Guk konstatazio hau egin dugu –irakurle bakoitzak ondorioak aterako ditu–: gazteen aldetiko biolentzia egon badago. Historikoki herriko sektoreen arteko talka egon da, gatazka hitz batean. Oraingoan kalean agertu da bereziki. Kojon Prieto taldeko Gavilan kantariak “nork ez dio bota inoiz poliziari harri bat?” esaten zuen. Alegia, indarkeria gazteen baliabidea da. Harria botatzea delitua al da, ordea? Halaber, guk harria botatzearen atzean dagoen motiboa agertu nahi izan dugu. Ondorio errepresiboak eta penalak ekar diezazkiokeela jakinda, zerk bultzatzen du gaztea hori egitera?

Harriak La maza y la cantera izenburuari aipu egiten dio nolabait.


Silvio Rodriguezen kantua beste esanahi batetik abiatzen da: “¿Qué cosa fuera la maza sin cantera?” dio berak. Guk berriz, “zer litzateke ekintza argudiorik gabe?” adierazi nahi dugu. Halaber, harrobia terminoa gaztediaren kontra erabili dela salatu dugu. Gaztedia ere herriko harrobia baita, eta bere helburuak herri honen etorkizuna dira. Gazteek proposatzen dutenak markatuko du ere herri honen geroa. Harrobia termino gutxiesgarria balitz bezala erabili dute batzuek: “Harria botatzen hasten denak ETAn bukatzen du” esan ohi da. Polizia Nazionaleko Cotino zuzendariak: “Harriak –edo koktel molotovak– botatzen dituzten ehun bat gaztetatik bost pistola hartzera pasatzen dira” zioen. Hori izan da argudio bat gazteek ETAn bukatzen dutela esateko. Kontrako argudioa ere erabili daiteke: “Ehuneko beste 95ak ez dira pasatzen”. Teoria horrek, kuantitatiboki behintzat, ez du balio. Ordea, dinamika horrek gaztedia kriminalizatzeko aukera eman du. Edozein gazte errebeldek ETAn sartzea helburu zuela zirudien, eta hala tratatu dute. Eta ez hori bakarrik, jarduera publikoak eta legalak burutu dituztenak harriak bota dituztenen multzoan sartu dituzte.

Estatuak fenomenoa erabili du beraz.


Zigor Kodeak dioenez, legez kanpoko ekintza bakoitzeko erantzun penal bat dauka. Baina Estatuak ez du horrela begiratzen, Estatuak fenomeno sozio-politiko bat bezala hartzen du. Espainiako Estatuak AEBetako teoriak erabiltzen ditu. “Leiho hautsien teoria” deitua adibidez. Hau da: “Lehenengo delitu txikiaren aurrean, indar handiena erakutsi behar diegu gazteei, bestela denborarekin delitu larriagoak egingo dituzte”. Besteak beste “etsaiaren zuzenbidea egilearen zuzenbidea, tolerantzia zero” teoriek marraztu dute Estatuaren jarrera.

Gurean, iraultza edo subertsio moduko horren muina 1990eko hamarkadaren hasieran kimatzen hasi zen.


Bai. Orduan gori-gorian zeuden poliziaren eta gazteen arteko istiluak, borrokak gorputzez gorputz dira, kalean. Estatuaren aldetik poliziak dira lehenengo protagonistak. Geroago baina, ¡Ven y Cuentalo! kanpainaren bidez turismoa erakarri nahi izan zuten. Herri hau polita dela erakutsi nahi zuten, baina Euskal Herrian iraultza moduko bat dagoela ezkutatuz, subertsioa kaletik erauzi nahi zuten. Protagonismoa poliziarena izanda ere, botere mediatikoei eta epaitegiei leku garrantzitsua eman zieten. Geroago Auzitegi Nazionala sartu zen. Legea aldatu eta indartu zen. Osagai guztiak batu ziren: botere legegilea, justizia, komunikabideak eta polizia abiadura handiz uztartu eta olioztatu ziren gaztediaren fenomeno politikoari aurre egiteko.

Estatuko egituren artean tirabirak izango ziren halere.


Gertaerak kasuz kasu aztertzen badituzu, inprobisazioa egon zela ematen du, baina ibilbide osoa harturik in crescendo eta akonpasatua doan dinamika zegoela ageri da. Batzuetan komunikabideek markatu zieten bidea epailei, eta bestetzuetan fenomenoaren aurrean politikariak berak kontraesanetan erori ziren. Politikarien neurri batzuk gazteen “bergizarteratzearen” aldekoak izan zitezkeela ematen zuten, baina bestetan alderdietako zuzendaritzek edozein gazte atxilotzeko eskaera luzatzen zuten: “Efikazia behar da, ez justizia, presa dago-eta” zabaldu zuten. Auzitegi Nazionalean ere tirabirak egon ziren, epaile batzuek ekintzak terroristatzat jo zituzten zalantzarik gabe, bestetzuek aldiz “delitu hauek beste era batean kontsideratu behar ditugu” zioten. Auzitegi Nazionalari neurri demasa horiek aplikatzea kostatu zitzaion hasieran, baina goranzko dinamika nagusitu zen eta delituak terroristak bezala zigortzen bukatu zuen.


Estatuak etsaitzat hartzen ditu herritar horiek eta gaztediak halaxe ere Estatua.


“Etsaiaren eskubidea” teoria aplikatzen hasten denean, Estatuarentzat hiritarra etsai bihurtzen hasten da, eta kontrako zentzuan ere, herritarra hasten da pentsatzen Estatua ez dela demokratikoa. Gaiak tesi baterako ematen du. Poliziaren eta gazteriaren arteko harremana oso gatazkatsua izan da, eta nolabait esanda, termino kriminalistetan soil-soilik tratatua. Soziologo batek horrenbesteko etsaigo edo tema nola garatu den aztertu lezake. Bai Ertzaintzak gaztedia nola tratatu duen, baita gaztediak Ertzaintza –ahal izan duenean– ere; adibidez, Ander Susaeta ertzainaren kasua daukat gogoan.
Bi aldeak oso hurbil zeudelako gertatu da horrela agian.
Bai. Ertzaintzarengandik gertutasuna zegoen eta horrek errotzen zuen gorroto sentimendua. Agian Nafarroan Polizia Nazionala –Foru Polizia beranduago kaleratu zen– urrutiko polizia bezala ikusten zen, arrotzago. Distantzia honek kalifikatzen du etsai sentimendua ere.



Estatuaren eta gaztediaren arteko talka gatazka deituaren parametroaren arabera aldatzen joan al da?


Torturari dagokionez, ez behintzat. Kale istiluengatiko lehenengo kasua Larrinaga anaiena izan zen 1992an, David Garciarekin batera atxilotzean. Tortura ikaragarriak jasan zituzten Indautxun. Ordura arte, tortura bakarrik etakideek pairatzen zuten. Jauzia eman zen. Azken urteetan berriz, Segiko kideak torturak salatzen ari dira, bortizkeriazko ekintza zehatzekin lotu gabe ere. Zaila da orduko eta egungo torturak eta metodoak alderatzea, gehiago edo gutxiago ote dagoen. Egin al daiteke marra bat? Torturaren kasuan nik ez nuke egingo.

ETAren aldetiko su-eten garaietan berriz, aldaketak izan al dira?


2000. urtean salto ikaragarria izan zen auzitegiek ezartzen zituzten zigorretan. Lizarra-Garaziko Akordioaren garaian, ETAren su-etena amaitzen denean, Auzitegi Nazionaleko txosten batek auzitegiaren barne dinamika berria ezarri zuen: “Orain arte horrelako ekintzak terrorismoa ote diren izendatzeko zalantzak egon dira, baina hemendik aurrera ez. Kasu guztiak terrorismotzat jotzen ditugu, ahalik eta zigor handiena jarriko diegu” dio.


Baloraziorik egingo al zenuke?


Laudion 1996an gertatu zen sarekada daukat gogoan –nire anaia Igor barnean zegoen–. Auzitegiak su-eten garaian egindako epaiketan erabaki zuen Aretako tren geltokia erre zutela Euskal Herriko subiranotasuna aldarrikatzearen aldera. 18 hilabeteko zigorra jasan zuten gazteek. Handik hilabete batzuetara, ekintza berdinengatik 12 urteko zigorra jaso zuten beste batzuek. Balorazioa: gazteak harrizko gonbidatuak dira zirkunstantzia politikoen menpe dagoen justizi administrazioaren aurrean.
ETAren ekintzek eragin izan al dute erantzun errepresiboan?
Dudarik gabe. Gatazka gogorragoa bilakatu ahala gehiegikeriak geroz eta handiagoak bihurtu dira. Baina, Estatuak gaztediaren aurka gogor egin du ETAren jardunari erantzun nahian.

Zergatik eman dio jendeak torturaren existentziari bizkarra?


Gatazkaren konponketara heltzen bagara, aztertu beharko litzateke alde batekoek zein bestekoek zergatik egin dioten muzin bestearen sufrimenduari. Egia da, gizarteak jakinda ere tortura existitzen dela, askotan, ez planteamendu politikoetatik, baizik tripetatik ateratako sentimenduen eraginez beste aldera begiratu du. Bizitza pilo hondatuta geratu da, gizartearen zati handi batek bizkar emanda. Honi buelta emateko urteak beharko dira. Badago ezkutatu ezina den gauza bat ordea: tortura existitzen dela. Hainbat forotan torturatuek merezi izan dutela diote. Merezi badute non dago muga? Ba al dago Estatuaren erantzunaren eta gazteen ekintzen arteko proportzialtasunik? Hurrengo urteetan aztertu eta argitu beharko litzatekeen gaia da.


Zein neurrian ez du bilatu Estatuak biolentzia edota talka hori?


Konspirazioaren teoria batzuen arabera, Estatuak gazteen jarrera biolentoa animatu du. Nik horrenbeste ez nuke esango, baina egia da, Estatuak jakin izan du bortizkeria gradu horretara moldatzen, eroso sentitu da. Gizartearen zati handi baten aldetik sostengua zuela ikusi du. Neurrigabekeri handiena eginda ere, ulertua zela. Hau da, gazte horiei auzitegiak zigorra hirukoiztu ez ezik, poliziak torturatuko zituela onartu du. Jendeak gazteek manual baten arabera aritu direla sinetsi du eta dena justifikatu da. Jendeak, gogaitasun sentsazio medio, prestutasuna izan du hori sinesteko, amaitu zaio pazientzia nonbait eta Estatuak esku gogorra medio egoera garaituko zuela pentsatu du. Horrek betiereko egoera batera eramaten gaitu. Ba al dago zurrunbilo horretatik ateratzea ordea? Tira, gaur egun jendea ari da saiatzen egoera beste modu batez bideratzen. Atzean geratu dena baina, ez da samurra.
"Martin Scheinin etortzea eta kale borrokaren fenomenoa aintzat hartzea berebizikoa izan zen niretzat"
Gurasoak-en lanetik abiatuta, kanpoko hainbat erakundeen arreta bereganatzea izan duzue helburu. NBEko errelatorearen txostena aipatu duzu liburuan, esaterako.

Bitxia da. Izan ere, honelako lan bat egitean ez dugu bakarrik gure barne-historia analizatzea bilatu, kanpotik nola ikusten gaituzten ere ezagutu nahi izan dugu. Badago ni neroni lan hau egitera bultzatu ninduen elementu bat, Martin Scheinin finlandiarraren dokumentua.

Martin Scheinin terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubiderako errelatorea da. Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian egon zenean gomendio bat eman zuen kale borroka fenomenoari buruz. Honela esan zuen: “Kale borroka eta terrorismoa parekatzen badituzu zigor kodearen ikuspegitik, alde batean daudenak bestera pasatzera bultzatzen ari zara”. Erantzun kriminologiko berdina ematen diozu fenomeno biei.

Hau da, kale borroka al da ETAren harrobia? Edo errepresioak bultzatu izan al ditu gazte batzuk –agian ETAn sartu nahi ez zutenak– ETAn sartzera? Nik hori esaten badut, batzuek astakeria galantatzat hartzen dute, baina errelatore batek pertzepzio hori baldin badauka, badago zer pentsa. Liburuan hori ere agertzen da, kanpotik begiratuta dagoen pertzepzioa da, oparitzen diguten ikuspegia. Martin Scheinin hona etortzea eta kale borrokaren fenomenoa aintzat hartzea, “terrorismoaren” aurkakoan dena ez dela baliagarria esatea, berebizikoa izan da niretzat.
Gurasoak elkartearen zigiluaz
La maza y la cantera-ren egilea zara. Liburuak Gurasoak elkartearen zigilua darama. Zein izan da elkarte horren zeregina?

Gurasoak-eko kideek bultzatutako lana da, eurek eskaini zizkiguten artxiboak. Duela hamabost bat urte hasi ziren eurak materiala biltzen eta pilatzen, ordenurik gabe. Materialaren egoera kaotikoa zen kasu batzuetan, errepikakorra. Hutsuneak zituen ere, baina guk hortik abiatu genuen azterketa. 1.700 fitxa atera genuen, gazteen inguruko kasuak, kale borrokaren edo antzeko akusazioetan auzipetuak. Badira ere atxilotuak egon gabe, auzietan prozesatuak izan direnak. Prentsara –edota hemerotekara oro har– jo izan dugu ere halabeharrez. Abokatuen txostenak eta lanak orraztu ditugu bestalde.

Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi du Errusiaren... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


Eguneraketa berriak daude