argia.eus
INPRIMATU
Bukatu da
Joxemari Ostolaza 2010ko uztailaren 20a
Akabo futbola, oraingoz. Eta betekadaren ondoren purga. Txirrindularitza eta arrauna. Tourra izaten dugu urteroko bakantza, bakantzen ari zaigun koadrilan. Dagoeneko alokatzen dugun etxeko jabeak etxekotzat gauzka. Gero eta metro karratu gehiago dugu bakoitzarentzat, eta furgona ere arinagoa. Handik jarraituko ditugu Moañako estropadak, oriotarrak eta sanjuandarrak, orden horretan pozgai. Igor Makazaga, San Juango arraunlari eta prestatzaileak bere aita Kustodio ekartzen dit akordura, arroxaz baborretik San Juango traineruan eta Donibanekin eskubaloian zentral. Gogoan ditut fresko, Lekuonan elkarrekin jandako txangurruak, txikitzeko aliketa behar ez genuen garaia. Bitxia izan zait sanjuandarren elastikoko urdina, arroxari distira kentzen diona, hala ere aurtengo Kontxan ikusi nahiko nukeena. Eta erdian herriak hautatutakoak Entzutegi Nazionalera, audientzia eskatu gabe eta Espainia naziotzat ez dutelako hara bortxatuak. Lagun pare bat eta dozena bat ezagun, hemen biolentziarik gabeko edozer dela egingarri gezurtatzen duen zigorpean dauzkatenak. Horiek Tourretik eta estropadetatik urrun eman dituzte, maiteko nuke txirrindulariak eta estropalariak hurbilduko balitzaizkie demokrazia aldarrikatuz.