argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2010ko uztailaren 20a

Hasier Oleaga musikaria udako jazz jaialdiez mintzo da Diario de Noticias de Alava egunkarian: "Aste batzuez, badirudi honetan gabiltzanok beste status batera pasatzen garela. Hori ez da erreala, hilabete honetan amaitzen delako beti. Beti heltzen da martxoa, adibidez. Beti itzultzen da bizi garen errealitatea, eta hura oso urrun dago data hauetan ikus daitekeenetik. Okerragoa litzateke jaialdirik ez egotea, noski".

 

Xarma musika taldeko kideek Nontzeberri.com webgunean: "Duela aspalditik nabaritzen dugu, musika eta musika taldeak krisian egon ez arren, musikaren industria bera krisian dagoela. Egia esan, ez genuen gure musika produktu bat bailitzan diskoetxeetako ateak jotzen ibiltzeko gogo gehiegirik. Guk gure buruarengan eta egiten dugun musikarengan konfiantza daukagu. Abestiak genituen, diseinua ere, grabazioko gastuak guregain joan dira… zein zentzu dauka, lan hori guztia egin eta gero diskoetxe baten bila hasteak? Diskoetxeentzat ere ez da erraza izan behar ezezaguna den talde baten aldeko apustua egitea eta hori ulertzekoa da".