argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2010ko uztailaren 14a

Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrak Besarkada saria jaso du, Euskal Aktoreen Batasunaren eskutik. Ana Perez taldeko koordinatzailearen hitzetan, “sortu eta hamabost urtera iritsi zaigu saria, heldutasun une batean, momentu honetara iristeko egin diren ahalegin guztiak sendotu direnean, ibilbidea oso gogorra izan delako”.

 

San Adriango pasabideari (Aizkorri-Aratz natur parkea) buruzko DVDa plazaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aranzadi Zientzia Elkarteak azken bi urteetan egindako indusketak ardatz hartuta, hiru dimentsiodun lau paseo birtual jaso ditu DVDak, bakoitza garai konkretu baten ingurukoa: Brontze Aroa, Erdi Aroa, XIV. mendea eta XIX. mendea. DVDko edukia bere webgunean paratuko du Foru Aldundiak.

 
 

Photomuseum Zarauzko (Gipuzkoa) argazkilaritza eta zinema museoak azkenaldian bizi izan dituen zailtasun ekonomikoak gainditu eta lanean jarraituko du. Hala adierazi du museoko sortzaile eta egungo zuzendari Leopoldo Zugazak. Diru-laguntzen murrizketa izan da museoaren iraupena kinka larrian jartzearen arrazoi nagusia. Ataka honetatik ateratzeko beharrezko laguntza eman diona, aldiz, Kutxa izan da. Arazoak gainditu izanaren erakuslea, museora bilduma berria ekarri izana da. Berlingo harresiari buruzkoa da eta abuztura arte izango da ikusgai Zarautzen.