Guztiok bizi gara beste batentzat oso interesgarria izan daitekeen zerbaiten ondoan
Intervac elkarteak oporraldietan etxe trukaketa egiteko zerbitzua eskaintzen du 1953tik. Oinarrian, zure etxea beste bazkide baten etxearekin trukatzen duzu. Ohikoena une berean etxeak trukatzea da, baina bada bestelakorik. Besteak beste, bi familiak beste bi familiarekin trukea egitea, edo etxean gauden bitartean bazkide bat baino gehiago bertan jasotzea.
Urtero-urtero, opor garaian, aterpetxeetan, furgonetan edo kanpin-dendan hara eta hona bidaiatzen ibili eta gero, 2007ko udan, ia urtebeteko bestelako bidaia zoragarri baten ondoren, familian bi izatetik hiru izatera pasa ginen. Bidaiatzen jarraitu nahi bagenuen, beste formula bat behar genuen.
Formula unerik egokienean iritsi zen. Zenbait lankiderengandik etxeak trukatzeko aukeraren berri izan genuen. Hasieran mesfidantza handiz entzun genituen batzuen eta besteen esperientziak, hainbat webgune kontsultatu genuen, lankideak, behin eta berriz, galderaz josi genituen, eta azkenean galtzeko gutxi eta irabazteko asko genuela konturatu ginen.
Urtebeterako 130 euroko bazkide kuota ordaindu ostean, bisitari posibleen azalean jarri eta opor garaian bila zezaketena eskaini behar geniela adierazi ziguten elkartetik. Zegoeneko Intervac-eko webgunean toki bat genuen. Garrantzitsuena gure web tokia erakargarria egitea zen. Lehenik, galdetegi orokorra bete genuen. Etxearen ezaugarriak, gertuko zerbitzuak, itsasoa eta mendia zer distantziatara dauden, gure lanbideak, bisitatu nahi genituzkeen herrialdeen izena eta abar. Jarraian, informazio pertsonalagoa ipintzeari ekin genion. Ahalik eta etxeko argazki gehien atera genuen, baita gertuko eskaintza zein zen irudikatuko zituztenak ere: Donostiako Jazzaldia, Iruñeko San Ferminak, Iparraldeko hondartzak, Bilboko Guggenheim, Gasteizko Andra Mari Zuriaren festak, gastronomia... Informazio guztia ingelesez idaztea erabaki genuen, hori baita trukerako erabiltzen den hizkuntza nagusia.
Mundua eskura
2009ko ekaina hasieran semaforoa berde genuen. Horrela adierazten baitira trukerako pronto dauden etxeak. Hawaii, Holanda, Paris, Kanada, Zeelanda Berria... A ze aukera mordoa! Mundua gure esku. Eta munduko bazter guztietatik hasi ziren, baita ere, gurera etortzeko asmoz mezuak iristen: Belgika, Danimarka, Finlandia, Bartzelona, Bretainia. Nondik hasi?
Azken urteetan ingelera da gure bidaien motorra. Hizkuntza horrekin badugu nolabaiteko erronka, eta opor garaia berau praktikatzeko aitzakia ezin hobea dela iruditzen zaigu. Hori eta beste arrazoi batzuk bide, lehendik ere ezagutzen genuen Irlandara itzuliko ginela erabaki genuen. Orduantxe hasi zen mezu festa. Makina bat e-mail bidali ostean, hor ibiltzen ginen gauero ea inork erantzun ote zuen begira. Hilabete genuen udako oporrak lotzeko. Batzuekin hartu-emanetan hasi, une berean beste batzuekin, datak adosten, kotxea trukatzeko kide bila, azken orduko bazkide interesgarriago baten aukera… hilabeteko dantza bizi haren ostean Wexford konderriko Curracloe herrixkatxoan hiru asteko egonaldia lortu genuen, auto trukaketa barne. Gauza bat argi geratu zitzaigun: trukeak denbora eskatzen duela eta denboraz egin beharra dagoela.
Denbora eskatzen du, baita ere, zure etxea besteentzat prestatzeak. Guztia idatzita uztea komeni da: sukaldeko tresnak nola erabili, etxeko argi nagusia nondik piztu eta itzaltzen den, zakarrak nola antolatu behar diren, zein gauza erabiltzerik ez duzun nahi –besteak beste, telefonoa–, oinarrizko zerbitzuak –medikua, tailer mekanikoa, janari dendak...– non dauden, eta informazio turistikoa. Zenbat eta harreman handiagoa egin trukaketa baino lehen, orduan eta egokiagoa izango da utziko diezun informazioa. Oso ohikoa da maindire eta toallak utziko diren edo ez galdetzea, batzuentzat inolako arazorik sortzen ez duen arren beste batzuentzat oso gai pertsonala da eta.
Trukaketa, Dublinen
Dena prest bidaiarako! Dublin izan zen gure elkargunea. Bertan jaso gintuzten, oinarrizko informazioa trukatu genuen, autoko eta etxeko giltzak elkarri eman eta bidaia ona opa genien batzuek besteei. Hurrengo egunean Biarritzera hegan egin eta guk bezperan aireportuan utzitako autoa bertan hartuko zuten.
Elkar ezagutzeko aukera izan genuen, bitartean. Argazkietan ikusi arren, zure etxera nor doan aurrez aurre ezagutzean lasaitu egiten zara, horrela izan zen kasu honetan behintzat. Ez ginen luze egon, baina nahikoa izan zen egindako aukera zuzena zela ikusteko.
Ezkerreko bidetik gidatuz, kotxe handi batean, irratia piztu genuen. Ingelera barra-barra eta zelta hizkuntza, baita ere. Alde batean eta bestean marrubiak salgai ikusten hasi ginenean konturatu ginen Wexford-eko konterrian sartu ginela. Curracloera iristeko irrikan geunden. Irlandan murgiltzen hasiak.
“Gure” etxe berria
Giltzak etxeko atea ireki zuenean, ondorengo hiru asteetan gure txokoa izango zena ezagutu genuen. Gaua zen eta gauzak ahalik eta gutxien ukituz maindire goxo eta garbiekin prest utzi zuten ohean egin genuen lo hirurok.
Hurrengo goizean goiz jaiki ginen, eguzkia atera orduko, ez baitago pertsianarik Irlandako etxe gehienetan. Hara gure lehenengo sorpresa! Pixkanaka etxeko bazter guztiak ezagutzen joan ginen. Tentu handiz eta gauzak nola zeuden kokatuta begiratuz. Hiru asteren buruan dena berdin uztea baitzen gure asmoa. Konfiantza eta errespetua dira truke hauen oinarria. Konfiantza eman behar duzu zure etxean eta errespetuz jokatu bestearenean. Hasierako neurri hori hartu eta gero, sukaldeko mahaian ongietorria ematen zigun eskutitzarekin egin genuen topo.
Turistak bai, baina ez guztiz kanpotarrak
Ceád míle fáilte... edo “ongi etorri gure etxera. Bertan dagoen guztia zurea balitz erabili, disfrutatu eta zaindu”. Horixe zen eskutitzak esaten ziguna. Gustura sentitu ginen hasieratik. Eta hau da modu honetan bidaiatzearen arrazoi nagusietako bat, alegia, berria zaizun ingurunean goxo sentitzen zarela, eta hori abiapuntu aparta da. Bertakoekin harremanetan jartzeko aukera gehiago duzu. Auzokoekin etxearen eta herriaren dinamikaz hitz egiteko parada bada. Beraientzat zu ez zara hain arrotz, beraien auzokideen etxean baitzaude, eta kuriositatea sortzen duzu. Ingurukoekin gertuago sentitzen zara. Ez zara turista soila.
Etxean bezain eroso zaude, baina etxetik kanpo egoteak eskaintzen dituen esperientziekin. Hori du bidaiatzeak, hori gustatzen zaigu, harrituko gaituzten gauzei atea irekitzea. Eta ateez ari naizela, gure bizimodu gautxoria aldatu behar izan genuen ondo bazkaldu eta lo kuluxka egin ondoren Wexford-era hurbildu eta ate guztiak itxita topatu genituenean. Arratsaldeko 5etan komertzioak, igerilekua, liburutegia, arte galeriak eta gainerako guztiek pertsiana botata baitzuten. Pertsianarena, esateko modua da.
Hiru txanponen truke hiru asteko egonaldi zoragarria egin genuen. Irlandako hego-ekialdeko hondartza luzeez gozatu genuen. Batzuetan hondarrezko gazteluak eginez, bestetan kometekin jolasten eta ia egunero, ilunabarra baino lehen, paseo luzea eginez. Bizilagunekin berriketan, beraiek aholkatutako txokoak bisitatuz, Kilkenny-ko kale antzerkia ikusiz eta Dublineko kale giroa usainduz, egunak berehala xahutu genituen.
Itzultzeko ordua! Dena ondo joango ote zitzaien? Etxea guk utzi bezala egongo ote da? Egunerokotasunak sor ditzakeen kalte txiki batzuez gain –hautsitako basoren bat, pertsiana tokiz askatua eta zartaginak ontzi-garbigailuan sartu eta gero gastatuak–, gainerakoa berdin-berdin utzi ziguten.
Gerora Bartzelonan izan dugu beste esperientzia arrakastatsu bat. Epea laburragoa zen eta beraz, prestaketa lana baita ere. Hizkuntzak asko erraztu zuen trukea. Eta orain Brighton, Ingalaterran; hori dugu uda honetarako erronka. Abuzturako trukea lotuta dugu. Hiri koloretsu hori ezagutzeko gogoz gaude. Etxera datorren ingeles bikotea herriko festak hasten diren egunean iritsiko da. Guztiok asko gozatuko dugulakoan nago. Ireki burua eta ibili munduan!
----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- -----
XXI. mendean gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari den aukera
Euskaraz abegi-zerbitzu esamoldearekin itzul genezake ingelesezko hospitality service. Intervac ez da era honetako webgune bakarra; gehiago daude, baina denetan parte hartzeko baldintzak ez dira berberak. Batzuetan, elkarri etxea eskaintzen diote trukea egiten dutenek; beste batzuetan, etxera joango denari lanen bat egitea eskatzen zaio, etxalde organikoan lan egitea adibidez... Formula asko dago, baina muina, beti ere, ezer ordaindu gabe etxe batean egoteko aukera eskaintzea da.
Tankera honetako ekimenek XX. mendearen erdian izan zuten abiapuntua. Intervac, ikusi dugunez, 50eko hamarkadatik dago martxan. 1965ean, berriz, John Wilcock-ek Traveler’s Directory izenekoa antolatu zuen: beren bidaietan elkarri etxea eskaintzeko prest zeuden bere lagunen zerrenda besterik ez zen hasieran. Lehen hazi haietatik iritsi gara abegi-zerbitzua eskaintzen duten webgune mordotxoa edukitzera. Gaur egun Internet bidez egiten dira kontaktu gehienak, eta gero eta gehiago: 2000. urtetik hona asko hazi da honelako zerbitzuen erabilpena, eta erabiltzaile kopuruak etengabe gora egiten du. Oraingo krisiak ez zien bultzada txikia emango.
Hona hemen zerrendatxo bat:
–
www.intervac-homeexchange.com
–
www.couchsurfing.com
–
www.bewelcome.org
–
www.intercambiodecasa.org
–
www.prof2000.org
–
www.hospitalityclub.org
–
www.wwoof.org