argia.eus
INPRIMATU
Evorako itsasoa
Jakoba Errekondo 2010ko uztailaren 15a
Jakoba Errekondo
Itsasoa du Alentejoko Evorak, garai bateko Eborak. Udako solstizioan besterik ez, baina itsasoa. Atlantikotik ehunen bat kilometrora egonagatik, evorarrak marinel sentitzen dira. Espaloietan barrena urdina zabalduz luzatzen dio hiriak udari ongi etorria. Geurean gaztainondoa (Castanea sativa) bezala, urteko egunik luzeenetan loratzen dira Evoran jakarandak (Jacaranda mimosaefolia). Ubel urdin dotore etxe zuri eta granito dotorezko kale tarte zaharretan. Ia berrogei gradutako berotan usainak erotu egiten du bat, edozertarakotu. Eta egunero euria, bero handienean lore-euria. Erleak, lorez lore, lurrean dabiltza.