Ipuin laburrak, mikroipuinak, poemak, egunkarietatik jasotako hausnarketak, liburu osoak edo horien pasarteak topa daitezke
www.etxegiroan.com atarian. Helduentzat, gazteentzat eta umeentzat prestaturiko lan horiek euskaraz zein gaztelaniaz entzun daitezke. Audio literatura garatzeko plataforma da webgunea, baina bertan dauden grabazioak ez dira testu baten irakurketa soila, espiritu propioa duten lanak baizik.
“Gure sormena martxan jartzeko bidea izan da etxegiroan.com”, Maria Uriartek dioenez. Bera da proiektuaren atzean dagoen kideetako bat; hitzez, testuez eta ahotsaz arduratzen da. Tomas Fernando du alboan, grabazioak girotzeko eta bideratzeko soinua txertatzen eta editatzen aritzen dena. Horiek sarean zintzilikatzeko eta modu argian aurkezteko ardura duena, aldiz, Osoitz Elkorobarrutia da.
Apirilean eman zuten argitara webgunea, eta bertan azken urteetan zizelkatzen joan diren lanak aurki daitezke. Enkarguz ere grabazioak egiteko aukera eskaintzen dute; esaterako, material didaktikoa egiten duten argitaletxeek eskatuta ipuinen grabazioak egin izan dituzte, testuen osagarri gisara. Edonola ere, atariaren bitartez edonork bidal dezake testu bat eta ahozko narrazio profesionala enkargatu musikak girotuta.
Euren bidean jarri den ekimena da honakoa, baina Tomas Fernandok aitortu digunez grabaketak egiten aritu diren arren, beti izan dute gogoan webgunea sortzea: “Seriotasunez egin nahi genuen eta horretarako Osoitz Elkorobarrutiaren laguntza eta konpromisoa izan ditugu”. Izan ere, bera arduratu da web egitura erabilerraz eta iraunkorra sortzeaz. “Hasieratik argi eduki dugu egitura sinplea, kontrasteduna eta irisgarria nahi genuela”. Urtebete aritu dira webgunean lanean, entzungaiak biltzen eta izena, logotipoa eta egitura lantzen, besteak beste. “Buelta asko eman dizkiogu denari, baina gogo eta kariño handiz egin dugu”. Zentzu horretan asko lagundu die denbora mugarik ez izateak, atzetik inor ez egonda nahi izan duten bezala egin baitute lan.
Uxue Apaolaza, Harkaitz Cano, Eduardo Galeano, Miren Agur Meabe, Jon Maia, Eider Rodríguez, Joseba Sarrionandia, Mariasun Landa... Horiek dira Etxegiroan atarian aurki daitezkeen testuen egileetako batzuk. “Idazle jakin baten testua landu aurretik eurekin hitz egiten dugu eta egia esan orain arte itzelezko eskuzabaltasunarekin hartu dute ekimena; bereziki jakinda proiektuaren atzean ez dagoela irabazi ekonomikorik. Gainera, maiz eskerrak eman izan dizkigute euren testuekin lan egiteagatik”.
Elkarlanaren fruitua
Proiektu berria sortu aurretik ere entzumenaren alorrean lan egiten zutela nabarmendu du Uriartek. “Tomas musikaria izandakoa da eta gaur egun soinu teknikari aritzen da. Nik, aldiz, haur itsuekin egiten dut beharra; horrenbestez, Etxegiroan denen gaitasunen ondorioa da, gure esparruen baturatik sorturiko zerbait”.
Gaitasunak elkarturik, beraz, lortzen dute kontakizunak hautatu, grabatu, eta musikaz lagundurik modu erakargarrian aurkeztea. “Gauza berarekin lanean gabiltza, baina bakoitzak berean jartzen du arreta. Elkarlana da gurea”. Tomasek sonoritateari –erritmoari, ahotsari eta melodiari– erreparatzen dio, eta Uriartek alderdi testualari. Ipuina ondo uler dadin lan handia egiten du testuarekin aurretiaz. Hasteko hautatu egiten du, eta horretarako, arreta deitu behar dio. Ondoren etorriko lirateke testuari tonua bilatzea, hiztegia lantzea... Gainera, haurrentzat diren ipuinekin ez du helduentzat direnekin bezalako lanketa egiten: “Haurrentzako ipuinetan bereziki pertsonaiak lantzen ditut eta bakoitzari pertsonalitate bat topatzen diot, gero hortik abiatuta ahotsa ateratzeko”. Otsoa, azeria edo esne saltzailea, esaterako, oso pertsonaia ezberdinak dira, eta horrenbestez, bakoitzak bere pertsonalitatea eta horrekin batera ahotsa izango ditu. “Nagusientzat diren testuetan, berriz, ez zait gustatzen larregi dramatizatzea, eta egoera lantzen dut kasu horietan”.
Entzuten duenak narrazioa uler dezala bilatzen du Uriartek, hori baita beretzat funtsezkoena: istorioan sartzea eta esaten den guztia ulertzea. Horretarako, denbora eman behar zaio entzuleari esaten doana irudika dezan. Tomas Fernandoren arabera, testua baliozkoa izateko honakoa izan behar da kontuan: “Grabazioa ondo ulertu behar da, une horretan entzutearekin batera beste zerbait egiten aritu arren. Beraz, entzuteak ez du ahalegin handia eskatu behar. Finean, irratia entzutea bezalakoa da, baina literatura jasoz”.
Grabaketan testuak bezainbesteko garrantzia du musikak ere, eta alderdi horretaz arduratzen da Tomas Fernando. Abesti batzuk berak sortzen ditu, besteak lagun batzuei eskaturikoak dira eta azken batzuk diskografiatik harturikoak. Hori bai, ia denak editatuak daude entzungaietan fondo gisara erabiltzeko. “Musika gidari bezala eta testua atontzeko erabiltzen dugu, ez da oztopo
Behin testua eta musika aukeratu eta landu ondoren, grabatzeko unea –eta horrekin batera hainbat proba egitekoa– iristen zaie; horren ildora, lehenengo grabaketa egunean hainbatetan entzuten dute, belarria momentu ezberdinetan dagoenean: jaiki berritan, ohean, goizean zerbait egiten ari direla, autoan doazela, iluntzean... Modu horretara, grabazioaren ikuspuntu ezberdinak jasotzen dituzte. Horrek denak, dudarik ez dago, lana denboraz eta mimoz egitea galdegiten du.
Audio literatura, aukera askoko esparrua
Orain arte entzuteko literatura ez da gehiegi landu izan, eta hortaz, alderdi asko dago oraindik jorratzeke. Nolanahi ere, Maria Uriarteri eta Tomas Fernandori mundu hori ez zaie arrotz egiten, aspalditik dabiltzalako eremu horretan lanean. “Lehen ez zegoen euskarazko entzungairik eta itsuekin lanean aritzen naizenez, Joseba Sarrionandiaren
Lagun Izoztua eta Jesus Mari Olaizola
Txiliku-ren
Albahaka lurrina grabatu genituen”, azaldu du Uriartek. Halere, eurek ez dutela edozelako hutsunerik betetzeko lan egiten gaineratu du; ipuinen eta entzumenaren mundua maite dute eta norbaiten gustukoa izateko itxaropenarekin jarduten dute horretan. “Ikastoletatik, hizkuntza eskoletatik edota euskaltegietatik asko idazten digute, entzumena lantzeko material aproposik ez dutela eta gure ekimena interesgarria iruditzen zaiela esanaz. Hori entzuten duzunean gogo handiak sartzen zaizkizu milaka gauza egiteko, baina guk bakarrik ezin dugu gabezia guztia bete. Gure erritmoan eta gure bidea lantzen jarraituko dugu gauza zainduak eta gustukoak eginez”.
Astiro baina aurrera doa hirukote hau eta dagoeneko ipuinez gain audioliburuak egiten hasiak dira; hain zuzen, Ixiar Rozas idazleak
Negutegia obra grabatu zuen Etxegiroan-en txertatzeko, baita Itziar Madinak
Beste eguzkia lana ere, bere Urepeleko bordan grabatua. Tomas Fernandok obra literarioa bere sorlekuan grabatzeak daukan garrantziaz hitz egin du: “Idazle batek idatzi duena idazteko, nahitaez zerikusia izan behar dute lekuak, usainak, espazioak eta inguruko soinuak”. Haren irudiko, horren froga da idazleek beraiek bilatzen dutela espazio eta une jakin bat sortzeko, eta hori dela-eta espazio jakin horretan grabatuz gero antzematen da aldea.
Aurrera begira ataria ikastola, institutu, euskaltegi eta euskal etxeei aurkezteko asmoa ere badute, baina dagoeneko esparru horietako askok beren proiektua ezagutzen dutela baieztatu dute. Izan ere, etxegiroan.com mundura zabaltzen ari da, 30 herrialdetara iritsi da dagoeneko. “Mexikotik euskaldun batek idatzi zigun Euskal Herritik kanpo euskal literatura entzutea pribilejio bat dela esateko”. Moskuko aldizkari batetik ere jaso zuten erantzuna. Horren harira, Tomas Fernandok uste du teknologia berriek gauza asko egiteko aukera ematen dutela, hala nola, euren lanaren emaitza jasotzeko. “Asko asetzen gaitu etxera iritsi, posta elektronikoa ireki eta ikusteak norbaitek eskerrak emanez edo komentario bat eginez idatzi digula; aurrera jarraitzen laguntzen digu”.
Jende gehiagoren inplikazioa lortze aldera ahots banku bat egitea ere euren asmoen artean dago, idazleena edo euren ahotsa jartzeko dutenena. “Nahi duen orok nahi duena egin dezan bilatzen dugu”. Pribilejioa eta kapritxoa, horrela definitzen dute Maria Uriartek eta Tomas Fernandok euren egitekoa. Zabalik daude eta nahi duenarentzat euren txokoa ere zabalik dute etxe giroan lan egiteko.