“Idazleak ez dira benetako nekazariak” Amos Oz-i lapurtutako esaldia da. Idazle judutarra kibbutz batean hasi zen idazten. Kotoi-soroetan lan egiten zuen orduan, eta idaztearena ez zitzaion inori deigarria egiten; egiazki, zama bat zen. Ausardia bildu behar izan zuen kibbutzeko arduradunei astean egun bat idazten jarduteko eskatu zuenean. Baimena eman zioten; hori bai, gainontzeko egunetan lan bikoitza egin behar zuen. Idazten eta argitaratzen jarraitu zuen, eta horretarako astean hiru egun eskuratzea lortu zuen. Idazketaren bitartez kibbutzerako dirua lortzen hasi zenean, diruzainak esan zion ea zergatik ez zioten soroetan lanik egin ez zezakeen pare bat laguntzaile zahar jartzen, ekoizpena handitzeko. Hori ezinezkoa zela erantzun zion. Ozek kontatzen du gaizki sentitzen zela, maiz, esku-lanetan aritzen zirenek ikus zitezkeen gauzak egiten zituztelako eta berak egun askotan ez zuelako ezer idazten. Jantokira joan eta lotsa ematen zion.
Begiratzea, hausnartzea, irudikatzea, amets egitea, idaztea, asmatzea, irakurtzea... beti izanen dira alferrikakoak askorentzat, baina horiexek dira gozamenik handiena ematen digutenak.